Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasuneko sailburuak sexu esplotaziora bideratutako giza salerosketaren aurkako Ertzaintzaren ekintza plana Legebiltzarrean aurkeztu du

2018.eko otsailak 19

 

Gasteizko, Irungo, Errenteriako eta Muskizeko ertzain-etxeetan abian jarritako ekimena gainerako demarkazioetara hedatuko da
 
Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak gaur goizean aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean Sexu esplotaziora bideratutako giza salerosketaren aurkako ekintza-plana. Aurkezpenean Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga eta Ikerketa Kriminaleko Arabako Lurralde Zerbitzuko buru Iñaki Arteaga ere izan dira. Ertzaintzak beste urrats bat eman nahi izan du plan honekin, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak 2013ko abenduaren 18an onartutako ebazpenari jarraituz, giza salerosketaren biktimengana hurbiltzeko, diagnostiko zehatza egiteko eta biktima izan daitezkeenen konfiantza lortzeko asmoz, delituari aurrea hartu ahal izateko.

Giza salerosketaren eta sexu-esplotazioaren delituak estrategikoak dira Segurtasun Sailarentzat eta Ertzaintzarentzat, kontuan hartuta XXI. mendeko esklabotza eta emakumeen eta adingabeen giza eskubideen eta duintasunaren aurkako erasorik larrienak direla mundu osoan. Premisa hori abiapuntutzat hartuta, Emakunde buru duen erakundeen arteko esparruan, eta erakundeekin, elkarteekin eta GKEekin lankidetzan eta udaltzaingoekin koordinatuta, Ertzaintzak lan bateratu bat egin du, eta hortik sortu da, hain zuzen ere, Sexu-esplotaziora bideratutako giza salerosketaren aurkako ekintza plana.

“Ekintza-planean helburuak finkatu dira eta nazioarteko jarraibide guztiek aditzera emandako hiru ardatz estrategikoak sakondu dira: salerosketari aurrea hartzea, biktimari laguntza eta babesa ematea eta sexu-esplotaziorako giza salerosketan aritzen direnak auziperatzea”, esan du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltránde Herediak, eta esan du borroka hori ez dela "Ertzaintzaren lana bakarrik, guztiz alderantziz baizik. Polizia-esparruan garatzen den lana izanik, erakundeen eta poliziaren arteko lankidetzaren eta elkarlanaren emaitza da”.

Alde horretatik, gogoratu du erakundeen arteko lankidetza iraunkorra, eta bereziki azpimarratu ditu Emakunde, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila eta Justizia Saila, elkarteak, kolektiboak, GKEak eta udaltzaingoekin abian den lankidetza operatiboa.

Ertzaintzak urteak daramatza sexu-esplotaziora bideratutako giza salerosketaren delituaren aurka lanean, eta orain arte ikerketaren ikuspegitik jardun izan du. Salaketa baten edo delitu-egoera baten berri izaten zuenean, biktima askatzeko eta gaizkileak atxilotzeko jarduten zuen, eta orain, ekintza-planarekin, prebentzioaren esparrura hedatuko da bere jarduna.

Ertzaintzako ikerketa-taldeek 25 ikerketa egin dituzte, orotara 46 biktima askatu eta 49 pertsona atxilotu edo ikertu dituzte. Datuak aztertuta, ondorioztatzen da % 48 afrikarrak direla jatorriz, % 30 hegoamerikarrak eta gainerakoak txinatarrak eta europarrak. Nazionalitate berekoak dira atxilotutako pertsonak ere.

Ertzaintzak zailtasun eta oztopo ugari izaten ditu era horretako delituak ikertzen dituenean, eta horien artean azpimarratu behar dira zailtasun legalak eta ekonomikoak, delitugintzarekin zerikusia dutenak eta biktimen mugikortasun geografikoa.

Ertzaintzak 2014tik, Inteligentzia Bulego Nagusiaren bitartez, prebentzioaren ikuspegitik ere lan egin du delitu honetan, eta sexu-esplotaziora bideratutako giza salerosketa hautemateko eta neutralizatzeko ekintza-plan bat prestatu du.

Eusko Jaurlaritzak, Emakundek eta Ertzaintzak, polizia integral gisa, bete-betean parte hartzen duten sexu-esplotaziorako giza salerosketaren aurkako Europako estrategian, eta 2016an sortu zen Ertzaintzaren barruan giza salerosketaz arduratzeko talde egonkorra, arazoari hiru ikuspegitatik heltzen diona: herritarrak babesteko arlotik prostituzio-lekuetara joan eta arlo horrekin zerikusia duten datuak jasotzen ditu; Inteligentziatik EAEko prostituzioaren egoerari buruzko diagnostikoa egiten du, ustezko delituak aztertu eta hautemateko; eta, azkenik, Ikerketaren arlotik delituak neutralizatzen ditu eta biktimei arreta ematen die.   

Planaren helburua

Ertzaintzaren ekintza-planaren helburuak dira giza salerosketari prebentzioaren esparrutik heltzea, biktima babestea eta gaizkilea auziperatzea, eta beti biktimei arreta emanez eta biktimak errespetatuz, horixe izanik, berez, garrantzizkoena.

Horretarako, prostituzioaren munduarekin zerikusia duten datu guztiak zehatz-mehatz biltzen ari da, fenomenoari buruzko mapa bat egingo du errealitatea zein den sakontasunez jakiteko eta, era horretara, gertatzen ari diren delituak hauteman ahal izateko eta gaizkileak atxilotu eta biktimak askatzeko.

Ekintza-planaren lehenengo esperientzia pilotua Irungo Ertzain-etxearen eragin-eremuan gauzatu zen 2016an, eta Errenteriako, Gasteizko eta Muskizeko ertzain-etxeen eragin-eremuan 2017an. Giza salerosketa hauteman ahal izateko, prostituzio-lekuetara joan behar zen, eta horixe egin da.

Denbora honetan, Ertzaintza prostituzioan diharduten 372 pertsonarengana hurbildu ahal izan da aipatutako lau demarkazio horietan (209 Gasteizen, 102 Irunen, 37 Errenterian, 24 Muskizen). Horietatik % 94 atzerritarrak ziren, ia gehienak emakumeak, eta 3 gizonezkoak eta 8 transexualak. Lau demarkazio horietako datuak hartuta, egiaztatu da 10.000 biztanleko 6,81 pertsonak dihardutela prostituzioan.

Une hauetan Segurtasun Saila eta Ertzaintza ekintza-plan hori Autonomia Erkidegoko ertzain-etxe guztietara hedatzeko prozesuan daude murgilduta, egoera babesgabe argian dagoen eta, Euskadiko beste edozein herritar kolektibok bezala, Ertzaintzaren errespetua eta babesa merezi duen kolektibora, prostituzioan diharduten pertsonengana, alegia, hurbiltzeko. 

Plana garatzeko prostituzio-lekuetara joan behar da, prostituzioan aritzen diren pertsonekin harremanetan jarri eta komunikatu behar da eta arriskuak minimizatuko dituzten segurtasun-gomendioak helarazi behar zaizkie. Horretarako, planean parte hartzen duten ertzainek euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, errumanieraz, txineraz eta portugesez argitaratutako liburuxkak izango dituzte banatzeko, eta bertan segurtasun-gomendio batzuk eta telefono-zenbaki bat, 677.999.555,dago, eta behar den guztietan deitu ahal izateko 900.103.584 doako telefono-zenbakia.  

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2018.eko otsailak 20

    Comentario de Twitter:
    La Consejera de Seguridad presenta en el Parlamento el plan de acción de la Ertzaintza contra la trata de seres... https://t.co/fCS04HqPTq

Ekitaldiko kargudunak