
Nerea López-Uribarriren ustez Eusko Jaurlaritza eredu eta eragile instituzional da ingurumenarekiko arduratsua den erosketan
- Eusko Jaurlaritzako Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordeak erosketa publiko berdeari behin betiko bultzada emateko premia aztertu den jardunaldi batean parte hartu du
- Nerea López-Uribarrik Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa agertu du, eta adierazi duenez, “aspalditik ari gara gure kontratazioetan ingurumen-klausulak txertatzen. Oztopo ugari gainditu behar izan ditugu, baina gure apustua irmoa izan da, eta irmoa da”
Eusko Jaurlaritzak gaur goizean egin duen jardunaldi tekniko batean, erosketa publiko berdeari eta sektore publikoko kontratazioetan ingurumen-irizpideak sartzeari behin betiko bultzada bat emateko premia aztertu da. Bertan, “Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen Programa”ri atxikitako erakundeak publikoki aintzatetsi ditu.
Ihobe Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-jarduketarako sozietate publikoak antolatutako “Ingurumenarekiko arduratsua den Euskadiko sektore publikoko kontratazioaren irismena. Aukerak” mintegian, Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuorde Nerea López-Uribarrirekin batera, Ingurumeneko Sailburuorde Elena Morenok, Ogasuneko Sailburuorde Itziar Agirrek, Legazpiko Alkate Koldobike Olabidek, Donostiako Udaleko Ingurumeneko Zuzendari Josu Benaitok, Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabaleko Koordinatzaile Victor Aierdik, EITBko Zuzendari Kudeatzaile Jesus Elguezabalek, eta Mutualiako Zuzendari Kudeatzaile Ignacio Lekunberrik hartu dute parte.
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
Azaroan onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Lege berriak, lizitazio publikoetan, ingurumen-klausulak txertatzera behartuko du martxotik aurrera. Nerea López-Uribarrik horri buruz hitz egin du, eta adierazi duenez, “Baliabide Orokorren Zuzendaritzan aspalditik ari gara, gure kontratazioetan, ingurumen-klausulak txertatzen. Oztopo ugari gainditu behar izan ditugu, baina gure apustua irmoa izan da, eta irmoa da”.
Ildo horretan, ingurumenarekiko arduratsuagoa eta eraginkorragoa izango den eta baliabideak efizientzia handiagoarekin erabiliko dituen administrazio bat lortzea da Eusko Jaurlaritzaren helburua, merkatuarekiko koordinazioa optimizatuz, eta hori guztia, euskal enpresentzat abantaila handia ere izatea. Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordearen arabera, “Eusko Jaurlaritzaren papera, alderdi horretan, eredugarria da, eta era berean, eragile da gainerako entitate publikoentzat”.