Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailea, 2010-2013, onartuta (2010-12-28(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2010.eko abenduak 28

Erabakia, Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailea 2010-2013 onartzeko dena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio 2010-2013ko Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzaileari.
Plan honek Jaurlaritzaren etxebizitzaren politikaren plangintza estrategikoa mamitzen du, eta datozen lau urteetarako lehentasun estrategikoak ezartzen.

Berrikuntzetako bat izenean bertan hiri-berrikuntza aipatzean datza. Sailak aukera horren alde egin duen apustu tinkoa nabarmena da, plan horrekin batera birgaitze-plana ere sustatu baitu.

Aurreko planekiko beste desberdintasun garrantzitsu bat aipatzekotan, esan beharra dago, plan zuzentzailea Etxebizitza Sailak beste 76 talde sozialekin batera 2010eko ekainaren 16an sinatu zuen Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren babespean sartzen dela. Plan Zuzentzaile honek bere egiten ditu Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialak hartutako konpromisoa, bai eta erabakitako jarduketarako ildo estrategikoak ere.

Era berean, duela hilabete batzuk Etxebideren webgunean jarritako herritarren parte-hartzerako plataformaren bidez aurkeztutako herritarren 30 proposamen jaso ditu Planak.

Azkenik, egun idazten ari den etxebizitzaren legeak Plan Zuzentzailean, plana burutu ahal izateko proposatzen diren tresna batzuentzako lege-oinarria eskainiko du.

Planaren xedea da etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituzten pertsonen etxebizitza-beharrei erantzutea, horretarako alokatzeko etxebizitzen kopurua handituz, lehendik dauden etxebizitzak birgaituz eta berrituz hazkunde iraunkorragoa bultzatuz, horretarako, erantzukizunak erakundeen artean banatuz eta ekimen publiko eta pribatuaren arteko lankidetza bultzatuz.
Ingurune orokor eta sektorial espezifikoaren analisia
Egun bizi dugun egoera sozio-ekonomikoak ez dauka zerikusi handirik aurreko plan egin zenean bizi zutenarekin alderatuta.

Krisi ekonomiko eta finantzario sakona bizi dugu. Horretaz gain, etxebizitzaren eta lurzoruaren merkatuan disfuntzioak daude oraindik. Azken urteetako eskaria handian inflexio bat izan du kreditu-baldintzak gogortu egin direlako, eta horrek soberako eskaintza sortzea ekarri du. Horrek guztiak ondorioak izan ditu prezioetan, baina baita eraikuntzaren eta etxebizitzen sustapenaren moteltzean ere. Lurzoruari dagokionez, lurzoru-eskasiak arazo izaten jarraitzen du, eta ondasun hori sortzeko prozedurak luzeak eta konplexuak dira oraindik.

Gainera, esku-hartzeak ere konplexuagoak dira, besteak beste, beharrak ere dibertsifikatu egin direlako.

Bestetik, alokairua oraindik oso baxua da: Etxebizitzen % 7 baino ez dira alokairukoak. Estatu osoko ehunekorik baxuena, batez bestekoa % 13ren bueltan dabilelarik.
Alokairuaren bultzada ezinbestekoa da etxebizitza-merkatuaren arrazionalizazioaren ikuspegitik, soilik alokairuaren bitartez erantzun daitezkeen premien ikuspegitik, edo laneko mugigarritasuna sustatzearen bitartez lehiakortasun ekonomikoan aurrera egiteko premia larriaren ikuspegitik.

Bestalde, 2009. urtean 110.000 eraikin eta 722.000 etxebizitza inguruk zuten 30 urtetik gorako antzinatasuna.

Etxebizitza-parkearen antzinatasunak, irisgarritasun, bizigarritasun eta iraunkortasun gabeziarekin batera (efizientzia energetikoari, uren tratamenduei eta beste alderdi batzuei dagokienez), birgaitzeko esku-hartze sakonak eta oso handiak eskatzen ditu hurrengo urteetarako.

Testuinguruak beraz, hainbat ahulezia ditu: lurzoru-eskasia, alokatutako etxe gutxi (ez dira finkatutako helburuetara iristen), esku-hartze publikoen lurralde-banaketan desberdintasun nabarmenak, eta, salbuespenak salbuespen, eragile pribatuek babestutako etxebizitzetan eta batez ere alokairu-erregimenekoetan duten inplikazio txikia.

Ardatz eta ildo estrategikoak
Testuinguru horretan Planak bost jardun-ardatz bereziten ditu: alokairua, bigaitzea, lurzoruaren kudeaketa, gobernantza berria eta baliabideen optimizazioa.

1.- Alokairuko etxebizitzen parke iraunkorra sortzea
Baliabide publikoak batez ere alokairura bideratu nahi ditugu Planaren helburua da datozen 4 urteetan eraikitzen diren babes publikoko etxebizitzen % 40 alokairurako izatea.

Gainera, ekimen pribatuak parte-hartze handiagoa izatea lortu nahi da, horretarako, izapideak erraztuko dituzten arauak onartuz, etab.

Gainera, Plan Zuzentzailearen beste helburu bat 3.500 zuzkidura-bizitoki eraikitzea, sustatzen diren alokairuko etxebizitzen % 43.

Bigarren lan-ildoa alokairuko etxebizitza libreen parkea handitzeko izango da. Horretarako Bizigune programa dago, eta bitartekaritzako beste programa berri bat sortuko da, merkatua arintzeko eta jabe eta maizterrei berme handiagoa eskaintzeko. Planteatutako ekintza guztiek auziei konponbide arina eta eraginkorrak ematea dute helburu. Horretarako, Kontsumoko Arbitraje Batzordeei dagokien balioa emango zaie.

Azkenik, alokairuaren aldeko neurri fiskalak proposatzen dira.

Nolanahi ere, alokairuak finantzaketaren aldetik dituen eskakizun handien ondorioz, epe motz eta ertainean saltzeko eta alokatzeko, bietatik egiten jarraitu beharko da.

Alde horretatik, ekintzarik berritzaileena Berme eta KOnpentsazio Funtsaren sorrera dugu; funts horrek aukera emango du prezioa saltzekoa den etxebizitzaren esleipendunaren diru-sarreren arabera finkatzeko.

Babestutako etxebizitzen sustatzaileei eta esleipendunei finantzaketa aukerak bermatzeko behar besteko finantzaketa-esparru egonkorra eskainiko du planak.

2.- Bigarren erronka, birgaitze eta hiri-berrikuntzarako politika berri bat zuzentzea.

Parke osoari pixkanaka estaldura eskaini nahi zaio, efizientzia energetikoaren eta irisgarritasunaren aldetik baldintza egokiak izan ditzaten.

Esku-hartzeko lehentasunak ezarriko dira, eta birgaitze eta hiri-berrikuntzako politika hiriburuez eta udalerri handiez haratago eramango da.

Lankidetza eta administrazioen zeharkako jarduna izango dira, birgaiketako hirigintza-sozietateek eta udalek izango duten garrantziarekin batera, politika berri honen beste berrikuntzetako bat. Aurkeztu beharreko dokumentazioa homogeneizatu egingo da, eta aukera emango zaie birgaiketako hirigintza-sozietateei leihatila bakar gisa jarduteko.

Lehentasuna emango zaio eraikinak birgaitzeari, eta helburuen araberako diru-laguntzak emango dira. Helburu horien artean berokuntzako eta ur-beroa lortzeko sistemak eta irisgarritasuna ere sartuko dira.

3.-Hirugarren erronka da lurzoruaren kudeaketa-politika aktibo bat sustatzea, etxebizitza berriaren eraikuntzako sektoreari arintasuna emateko eta lurraldeen arteko banaketa orekatuagoa lortzeko ezinbesteko baldintza gisa.

Horretarako beharrezkoa da eragile publiko eta pribatu guztien artean batera eta modu koordinatuan lan egitea, EAEko lurzoru guztien egoerari buruzko informazio guztia biltzen duen tresna partekatu bat lortze aldera.

Tresna horrek babes publikoko etxebizitzak sustatzeko eskatzen duten operadore guztien esku egon beharko du.

4.- Helburu horien zerbitzura jarri beharreko tresnetako bat baliabideen optimizazioa dugu, bai kalitatearen, bai etengabeko hobekuntza eta ebaluazioaren ikuspegitik, herritar eta operadoreei zerbitzu on bat eskaini ahal izateko.

Hori lortzeko, etxebizitza sektoreko sozietateen ehuna berregituratu egingo da, berrantolatu eta alokairuko etxebizitzen parkea Sailaren kontrolpean jarriko da.

5.- Beste tresnetako bat gai publikoen gobernantza berria dugu. Herritarren parte-hartzeari dagokionean, besteak beste, Etxebizitzaren Euskal Behatokia eta Euskadiko Etxebizitzaren eta Hirigintzaren Foroa bultzatu nahi dira. Gainera, hiru hilabetetan martxan izan den herritarren plataforma baten bidez egindako 30 proposamen planean jaso dira.

Udalekiko harreman- eta koordinazio-eredu berri bat ere aipatzekoa da atal honetan.

Helburua da Etxebide etxebizitzako politiken plangintzarako erreferentziazko erregistro izan dadin lortzea. Horretarako hobekuntzak egingo dira, inskripzio-sisteman, espedienteen eta etxebizitza-esleipenen jarraipenean, eta udalei eta sustatzaile publikoei zerbitzua emateko gaitasunean.
Helburu estrategikoak
2010-2013ko Etxebizitzako eta Hiri Berrikuntzako Plan Zuzentzailean aurreikusitako mota guztietako jarduketa guztiak hartuta, babestutako 130.000 jarduketa egingo dira.

Planari esker, 40.000 etxebizitza gehiago izango ditugu eskaintzeko; horietatik % 58 (23.100 etxebizitza) alokatzeko izango dira, eta gainerako, % 43 (16.900 etxebizitza), saltzeko.

Planaren asmoa da lurraldeen arteko oreka lortzea, etxebizitza-premia handienak dituzten zona geografikoetan ahalegin handiagoa eginez. Horrela bada, lurraldeen arteko banaketa honela egingo da: 6.700, Araban; 19.500, Bizkaian; eta 13.800, Gipuzkoan.

40.000 etxebizitza horiek honela sustatuko dira:

20.000 etxebizitza berri eraikiko dira; % 41 (8.100 etxebizitza) alokatzeko, eta % 59 (11.900 etxebizitza) saltzeko. Lehenengoa aldiz, 1.000 etxebizitza babestu sustatuko dira, erosteko aukerarekin alokatzeko.

Bizigune programaren barruan Plan Zuzentzaileak partikularrenak diren eta lehen hutsik zeuden 5.000 etxebizitza aterako ditu alokairu-merkatura .

Bestetik, bitartekaritza programa berri bat jarriko da martxan alokairu-merkatuan, beste 2.000 etxebizitza mobilizatzeko merkatu libretik babestura, eta horiei, Planak babestutako etxebizitza bihurtu nahi dituen 850 lokal gehitu behar zaizkie, eta birgaitze integraleko eta hiri-berrikuntzako prozesuen bidez sortu nahi diren beste 2.800 etxebizitza berri, salmentarako.

Era berean, alokairurako beste 8.000 etxebizitza mobilizatu nahi dira, emantzipazioko oinarrizko errenta kudeatzeko programaren bidez.

Plan Zuzentzaileak gainera, birgaitze integratuko areetan eta landa-eremuetan dauden 1.350 etxebizitza libre erabilien transmisioa finantzatu nahi du, eremu horietan ere etxebizitzak gizartean iragazteko prozesuak errazte aldera.

Bestetik, lurzoruari dagokionean Plan Zuzentzailearen helburu nagusia da lurzorua mobilizatzea 19.500 etxebizitza berri sustatzeko.

Zehazki, Sailak berak lurzoru horren % 46 (9.000 etxebizitza) mobilizatuko du; Visesa/Orubidek, % 41 (8.000 etxebizitza); eta gainerakoa, % 13, udal eta sozietate publikoek, batetik, eta sustatzaile pribatuek, bestetik, 1.500 eta 1.000 etxebizitza, hurrenez hurren.

Azkenik, Plan Zuzentzaileak birgaitze babestuko 70.500 jarduketa burutzea du helburu.
Finantzaketa
Plan Zuzentzaileak aurreikusten duenez, helburuak lortzeko kreditu-erakundeekin egingo diren urteko finantza-hitzarmenen bidez 1.843,64 milioi euro beharko dira finantza-baliabidetan.

Birgaitze-jarduketen finantzaketarako 184 milioi eurotik gora bideratuko da, eta alokairua sustatzeko 532 milioi euro baino gehiago.

Aurrekontu-kostuak
2010-2013ko Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailearen aurrekontua 1.194 milioi euro pasatxokoa da.

Kopuru horretatik ia 644 milioi 2010 eta 2013 urte artean egin beharko jarduketetarako izango dira, eta besta 549 milioi euro etorkizunera begira onartuko diren betebeharretarako (2037ra arte).

Hala eta guztiz ere, etxebizitza-programaren gastuen aurrekontua egiterakoan, kontuan izan behar da aurreko ekitaldietan hartutako konpromisoen zenbatekoa; horrek, guztira, ia 1.389 milioi euro egiten ditu.

Bestetik, Sailaren sozietate publikoen (VISESA eta Etxebizitza Alokairuetarako Sozietate Publikoa Haren) gastu-aurrekontua 1.517 milioi euro pasatxokoa da.

Sailaren eta horren sozietate publikoen gastuen aurrekontuak batuz gero, 2.906 milioi euro ateratzen dira, Plan Zuzentzaileak jarritako helburuak lortzeko.

Jaurlaritzaren plan bat den heinean, Plan Zuzentzaileak gobernuko hainbat sail ukitzen ditu.

TARTEAN DIREN EUSKO JAURLARITZAKO SAILAK
Saila Eskumena
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila - Etxebizitza politika
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila eta Lehendakaritza - Energia politika, batez ere, efizientzia energetikoari dagokionean.
- Berrikuntza
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila -Iraunkortasuna
- Plangintza
Ekonomia eta Ogasun Saila - Aurrekontua (Kontrol Ekonomikoko Bulegoa).
Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila - Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria
Kultura Saila Gazteria politika

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan