Eu

Kontroleko osoko bilkura (2018/02/16)

2018.eko otsailak 16

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

Galdera, Iker Casanova Alonso EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, lan-prekarietatearen ardurei buruz. 

Iñigo Urkullu Lehendakariak sektore publikoarentzat lan egiten duten pertsona ororen eskubideekin Eusko Jaurlaritzak hartua duen konpromisoa azpimarratu du eta, erakusgarri gisa, iragarri du irizpide berriekin sartuko dela indarrean datorren martxoaren 9an sektore publikoko kontratuen Lege berria.

Gainera, lan-prekarietatearen arazoari aurre egiteko, gogora ekarri du 2016an dekretu bat onetsi zela kontratazio publikoan klausula sozialak txertatzeko. Eusko Jaurlaritzako kontratazioko pleguek derrigorrezko izaera duten baldintzak ezartzen dituzte enpleguaren kalitatea eta oinarrizko lan-eskubideak bermatzeko, baita gutxieneko lan-baldintza batzuk ere. “Baldintza horiek behartu egiten dituzte enpresak lan-kontratazio mugagabearen portzentaje bat betetzera eta langileei dagozkien eskubideak erabili ahal izatea bermatzera”, gaineratu du.

Galdera, Lander Martínez Hierro Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, eskoletako jangeletako catering-enpresen inguruan.

Iñigo Urkullu Lehendakariak gogorarazi duenez, 2013an zenbait neurri hartu ziren gardentasuna bultzatzeko eta zerbitzua hobetzeko, "hobekuntza-marjina bat" zegoela ohartaraztean. Hartutako neurriek, Lehiaren Euskal Agintaritzaren ebazpenaren aurretik hartutakoek, “eraginkorrak direla erakutsi dute”, ziurtatu du. Ondoren, Lehiaren Euskal Agintaritzak bermatu egin du prozedura berria, 2017ko urriaren 3ko bere azken analisian ziurtatu ahal izan denez.

Bestalde, Lehendakariak ukatu egin du familiek dirua galdu izana eta ziurtatu du defizit bat sortuz gero osorik ordaintzen duela Administrazioak. Izan ere, nabarmendu duenez, kuotak ez dira bost urtetan aldatu, zerbitzuaren kostu erreala baino “askoz ere txikiagoa” den kopurua ordaintzen jarraitzen dute eta, gainera, ikasleen % 48k jangelako beka bat dute eta, hortaz, ez dute ezer ordaintzen. Aurten, 26 milioi bideratu ditu Eusko Jaurlaritzak helburu hori betetzeko.

Galdera, Alfonso Alonso Aranegui Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, autodeterminazio-eskubideari buruz.  

Iñigo Urkullu Lehendakariak ziurtatu duenez, talde politikoek aukera dute barne-akordio baten inguruan negoziatzeko, Estatuarekin “Autogobernu handiagoa eta hobea bermatuko duen” itun bat ezartze aldera. Hala, Autogobernuko Ponentzian aurkeztutako proposamenei dagokienez, adierazi du bere nahia dela talde politiko guztiek euskal Autogobernua eguneratzeko eta sakontzeko helburua partekatzea, eta adierazi duenez, horretarako beharrezkoa da “errealistak eta malguak izatea eta asmoa izatea ahalik eta adostasun handienetik abiatuta aurrera egitea”.

Lehendakariak ziurtatu du proposamenek defendatu egiten dutela erabakitzeko eskubidea, “legez eta itunduta", printzipio demokratiko baten adierazpenarekin. “Printzipio hori urratzeak dakar desegonkortasuna: esklusioa eta inposizio unilaterala”, gaineratu du. Hortaz, "elkarrizketa eskatu du, benetako borondatea erakutsiko duena lurralde-ereduaren krisia ebazteko akordioak lortze aldera”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak