Eu

Tapia: “Badaude tresnak tarifa elektrikoei buruzko akordioa betetzeko, borondate kontua da”

2018.eko otsailak 14

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuari elkarrizketa egin diote Euskadi Irratian

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak Espainiako Gobernuari tarifa elektrikoak beheratzeko akordioa bete dezan eskatu dio. Beheratzeak mesede egingo lieke euskal enpresei. Tapiaren ustez, “badaude tresnak” aipatu akordioa aplikatzeko eta, beraz, beheratzea ez bada aplikatzen “borondate faltagatik” dela adierazi du, gaur goizean Euskadi Irratian emandako elkarrizketan.

Sailburuaren aburuz, Álvaro Nadal Energia ministroak emandako arrazoiak tarifa berria indarrean jartzea ekiditeko “aitzakiak” baino ez dira; tarifa berria urtarrilaren 1etik aurrera egon beharko litzateke indarrean. Emandako arrazoien artean, ministroak Aurrekontu Orokorrak onartuta egon beharko liratekeela adierazi du. Hala eta guztiz ere, Tapiak gogorarazi du aurrekontu-luzapeneko une hauetan ere badaudela “tresnak” tarifa beheratzea aplikatzeko. “Akordioa aplikatu egin behar da, bai ala bai”, gaineratu du.

José Llorca Estatuko Portuetako presidenteak Estatuak portuen kudeaketari eusteko apustuari buruz egindako adierazpenei buruz galdetu diote, eta sailburuak eskumen-transferentzia defendatu du, Pasaia eta Bilboko portuentzako mesedegarria baita. Adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak bi portuen arteko lankidetzatik, eta ez bien arteko lehiakortasunetik, kudeatutako ereduaren aldeko apustua egiten du, “hala bi portuek irabaziko dute eta”.

Euskal Exekutiboak, enpresak nazioartekotzeko estrategiaren baitan, Milanen bulego bat irekiko duela iragarri berri du. Tapiak adierazi du enpresa txikiei laguntzeko “unea dela”, “enpresa handi eta ertainen eskutik” atzerriko merkatuan trakzio-enpresa gisa beren lekua topa dezaten.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak