Eu

Euskadik bere lurralde-plangintzaren ardatz estrategikoak eta Garapen Jasangarriaren Helburuekin duen konpromisoa azaldu du Kuala Lumpurren

2018.eko otsailak 13
  • Arantza Leturiondo sailburuordeak ‘Euskadiko Hiri Agenda-Bultzatu Estrategia 2050’ aurkeztu du Munduko Hiri Foroan, 200 adituren aurrean
  • Hirigintza-arloko munduko goi-bilerarik garrantzitsuena da, eta 25.000 profesional baino gehiago biltzen ditu bi urtean behin

 

Lurralde Plangintzako sailburuorde Arantza Leturiondok euskal lurralde-plangintzaren ardatz estrategikoak eta Garapen Jasangarriaren Helburuekiko konpromisoa eman ditu ezagutzera aste honetan Kuala Lumpurren egiten ari den Munduko Hiri Foroan. Leturiondok ‘Euskadiko Hiri Agenda-Bultzatu 2050’ aurkeztu du 200 adituren aurrean, eta azpimarratu du oso garrantzitsua dela etxebizitzari, energiari, osasunari, enpleguari, garraioari edo industriari lotutako lurralde-estrategia guztiak Agenda horretan koordinatu eta txertatzea.   

Halaber, hirian esku hartzeko beharra azpimarratu du, “bereziki kalteberatasun-egoeran dauden eremuetan, identifikatutako desparekotasunak murrizteko, gizarte-kohesioaren alde lan egiteko eta, era horretan, lurralde orekatua lortzeko”. Eta hiri-politiken ebaluazioa eta jarraipena egin behar dela adierazi du, administrazio guztien artean adostu beharko liratekeen lurralde-adierazleak eta adierazle sozioekonomikoak identifikatuta. 

Euskal ordezkaritza (Lurralde Plangintzako sailburuordeak eta Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratzeko zuzendari Nacho de la Puertak osatua) hainbat forotan parte hartzen ari da, eta munduko hainbat erakundetako arduradunekin biltzen ari da, hala nola ONU Habitateko zuzendari exekutibo Maimunah Mohd Sharif-ekin, aurreko karguduna izan zen Joan Clos-ekin eta Europar Batasuneko Eskualde Politikako komisario Corina Cretu-rekin.  

Munduko Hiri Foroa Kuala Lumpurren egiten ari da otsailaren 7tik 13ra bitarte, honako goiburu honekin: “2030eko hiriak, pertsona guztientzako hiriak: Hiri Agenda Berria inplementatzea”.

Foroa bi urtean behin antolatzen du NBEk, eta hirigintza-arloko munduko konferentziarik garrantzitsuena da. Bertan, 25.000 pertsona baino gehiago biltzen dira (profesional hirigileak, ekonomialariak, soziologoak eta abar), hiriek garapena bizkortzeko indar eraldatzaile gisa betetzen duten funtsezko zereginari buruz eztabaidatzeko. Foroak aukera ematen du, halaber, hiri-agendetan egindako aurrerapenak, proiektuak eta ikerketak aurkezteko, Estatuko eta tokiko lehentasunak eta berezitasunak kontuan hartuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak