Berriak Osasuna
Eu

Euskal osasun sistemako ikerketa sanitarioan diharduten profesional guztien % 64tik gora emakumeak dira gaur egun

2018.eko otsailak 10

IKERKETA ETA BERRIKUNTZA OSASUNAREN ARLOAN

Otsailaren 11, Zientziako Emakumearen eta Neskaren Nazioarteko Eguna

EUSKAL OSASUN SISTEMAKO IKERKETA SANITARIOAN DIHARDUTEN PROFESIONAL GUZTIEN % 64TIK GORA EMAKUMEAK DIRA GAUR EGUN

 

Osasun sailburu Jon Darpónek aitortu eta eskertu egin du euskal emakume ikerlariek betetzen duten garrantzizko zeregina gainerako profesionalekin batera euskaldunen osasunaren alde, eta berriro ere erakutsi du ikerketa eta berrikuntza babesteko konpromisoa.

Biocruces Institutuko ikerlari Virginia Arechavala Gomezarentzat,zientziako emakumearen gaiari gizartean heltzea oso garrantzitsua da, neskek ez baitute emakumezko irudirik ikusten zientziaren arloan.

 

Euskal Osasun Sisteman, osasun arloko I+G jardueretan diharduten emakumezko profesionalen portzentajea % 64 da dagoeneko. Guztira, 2.821 pertsonak dihardute I+G jardueretan osasunaren arloan, euskal osasun sistemako ikerketa zentroetan; zentro horiek 275 ikerlari nagusi dituzte, eta horietatik % 50 emakumeak dira.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Osakidetza elkartu egin dira ikerketan diharduten beren zentroetako profesionalekin batera Nazio Batuek aldarrikatutako Zientziako Emakumearen eta Neskaren Nazioarteko Eguna ospatzera, emakumeak eta neskak zientzian sarbidea izan dezaten, eta arlo horretan erabat eta berdintasun-egoeran parte har dezaten, eta baita emakumeen eta nesken genero-berdintasuna eta ahalduntzea lortzearren ere.

Testuinguru horretan, Osasun sailburu Jon Darpónek egun horrek duen garrantzia nabarmendu du, hain zuzen ere emakumeek zientzian betetzen duten zereginari ikusgarritasuna emateko. Gainera, aitortu eta eskertu egin du emakumezko euskal ikerlariek egiten duten lana gainerako profesionalekin batera euskaldunen osasunaren alde, eta berriro ere erakutsi die bere babesa ikerketari eta berrikuntzari, ezinbesteko tresnak baitira osasunean emaitzak hobetzeko, osasun-sistema aldatzeko eta euskal gizartearen garapen ekonomikoa eta soziala bultzatzeko.

Osasunaren arloan, I+G+B jarduerak egiten dituzten eragile nagusiak Osakidetza, dagozkion unitateak eta ikerketa zentroak dira –Biocruces, Biodonostia, Bioaraba eta Kronikgune–. Bestalde, Osasun Sailak Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioa (BIOEF) du tresna nagusitzat osasun-arloko I+G+B sustatu eta kudeatzeko. BIOEF ikerkuntza eta berrikuntza sanitarioan inplikatutako sektore desberdinen arteko elkarlan, lankidetza eta komunikaziorako esparrua da.

ERREFERENTZIAZKO IKERLARIA

Biocruces Institutuko ikerlari Virginia Arechavala Gomezak Euskal Osasun Sisteman ikerketa-lanean diharduten emakume ugariei aurpegia jartzeko balio digu. Adituak nabarmendu duenez, zientziako emakumearen gaiari gizartean heltzeak garrantzi handia du, neskek zientziako emakumeen eredu bezala ikusten gaituztelako, eta azpimarratu du beti identifikatu ohi direla zientzialariak gizonezko zientzialari batekin, bata zuriz jantzita.

Ikerlariaren hitzetan, egin dezakezunaren adibide bat ikusten ez baduzu, ez duzu gogoan izango etorkizunari begira, eta neskek ezagutu egin behar dute errealitate hori.Garrantzizkoa da zientziako emakumeen irudia gogoan izateko gaitasuna ez galtzea, adierazi du.

Virginia Arechavalak “Career Integration Grant” beka amaitu berri du, Europako Batzordeak eman ziona Marie Skłodowska-Curie actions ekintzen barruan Duchenne-ren Muskulu Distrofiarako (DMD) tratamendu berriak ikertzeko. Duchenne-ren Muskulu Distrofia (DMD) gaixotasun arraro bat da, 4.000 haurretatik bat erasaten duena. Gaixotasun degeneratibo hilgarria da, gaitasunak nabarmen urritzen dituena, eta 3-4 urteko haurren artean identifikatu ohi da. Haur horiek nekea izan ohi dute, muskuluak ahulduta, korrika edo salto egiteko zaitasunak, sarritan erori eta altxatzeko zailtasunak eta abar.

Farmazia ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta master bat egin ondoren Strathclyde-ko Unibertsitatean, Glasgown (Eskozia), King’s College London-en doktoratu zen. Doktoretzan, alboko esklerosi amiotrofikoak (AEA) eragiten dituen mutazioak aztertu zituen.

Doktoratu eta berehala Londresen jarraitu zuen lanean (Imperial College eta University College London) dotore ondoko ikerlari gisa, eta bertan Eteplirsen medikamentuaren aurreneko bi saiakuntza kliniko nagusien garapen aurreklinikoa eta laborategiko analisia koordinatu zituen Duchenne-ren distrofia muskularraren tratamendurako.

Orain, Euskaditik kanpo 14 urte eman ondoren, 2013az geroztik Biocrucesen egiten du lan eta Gaixotasun Neuromuskularren Ikerketa Taldea zuzentzen du bertan, medikamentu berriak bilatzen diharduena. Horretarako, muskulu-zelulak aztertzen dituzte eta zelula horietan probatzen dituzte medikamentu berriak.

Virginia Arechavala bezalako ikerlariek zientziako bokazioak, talentu berriak bultzatzen dituzte eta erreferente eta inspirazio-iturria dira belaunaldi berrientzat.

 
 

Gasteizen, 2018ko otsailaren 10ean

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau