Berriak Segurtasuna
Eu

Beltrán de Heredia: "Ertzaintza belaunaldi-berrikuntzako prozesuan murgilduta dago, eta 27. promoziorako deialdia itxi berri dugu, 300 plazarekin"

2018.eko otsailak 09

Segurtasun sailburuari elkarrizketa Onda Vasca irratian

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak adierazi duenez, aurrera doa Ertzaintzaren belaunaldi-berrikuntzako prozesua, eta 300 agenterentzako 27. promoziorako deialdia itxi berri da. Aurreko legegintzaldian eta legegintzaldi honetan, lau deialdi egin dira eta 600 plaza baino gehiago eskaini dira guztira. Horixe adierazi du Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketa batean.

Beltrán de Herediak azpimarratu du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren jarduera “bizi-bizia" dela. Gaur egun, 26. promozioko 300 pertsonak prestatzen ari da bertan, eta 27. promozioko beste 300 pertsona iritsiko dira aurki. Promozio horren hautaketa-prozesua otsailaren 24an jarriko da abian. Sailburuak gogorarazi du berrikuntza-prozesua bizkortu egin dela gobernu zentralak jarritako errekurtsoak gainditu ondoren. Espero du urtean deialdi bat egiteko ezarritako plangintzaren emaitzak onak izatea eta Segurtasun Batzordean erabakitako 8.000 plazetara iritsi ahal izatea.

Sailburuak balio handia eman die Ertzaintzaren efizientziaren “maila handiari” eta herritarren segurtasuna bermatzeko hartutako konpromisoari. Ildo horretan, gogorarazi du eskualde gutxik dutela lurraldean “hain ongi egituratuta eta banatuta” dagoen polizia bat, 25 polizia-etxerekin eta 16 arretagunerekin. Beltrán de Herediak ulertzen du azken gertaeren ondorioz sortutako “alarma soziala”, baina, delinkuentziari buruzko “datu objektiboetan” oinarrituta, “Euskadi herrialde segurua” dela adierazi du. “Herritarrek pertzepzio hori ez izateko lanean jarraitu beharko dugu”, gaineratu du.

Delituei aurrea hartzeko garaian, sailburuak azpimarratu du oso garrantzitsua dela herritarren laguntza, eta autobabes-neurriak ere hartu behar direla. Gogorarazi duenez, Euskadin egiten diren delituen % 75 ondarearen aurkakoak dira (etxebizitzetan egiten diren lapurretak, adibidez). Halaber, sexu-erasoei eta familia-inguruneko indarkeriari buruzko datuen inguruko kezka agertu du. “Arreta berezia eskaini behar diogu horri, polizia-eremura mugatu gabe, hein handi batean kontzientziazioarekin lotuta dago”. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak