Eu

Artolazabal Bilboko Quality Innovation Award-etan:“Euskadi, nazioartean, kudeaketa aurreratuko ingurune gisa da ezaguna, enpresa, zerbitzu eta hezkuntza-zentro modernoak eta ongi kudeatuak dituena”

2018.eko otsailak 08

 

  • Sariak Osakidetzari eta Colegio Vizcayari
  • “Gure herrialdean, interesgarria eta lehiakorra da hornitzaileak bilatzea, inbertitzea edo aliantzak ezartzea”

Bilbo, 2018 02 08

Quality Innovation Award zeremoniaren itxieran, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak zera esan du: “Eusko Jaurlaritzaren eta bere zerbitzu publikoen presentziaren eta aitorpenaren bidez, harri-koskorra dakargu Basque Country marka eraikitzeko eta ezartzeko, eta Euskadi, nazioartean, kudeaketa aurreratuko ingurune gisa ezagun egiten laguntzen dugu, enpresa, zerbitzu eta hezkuntza-zentro modernoak eta ongi kudeatuak dituena, non interesgarria eta lehiakorra baita hornitzaileak bilatzea, inbertitzea edo aliantzak ezartzea”. Artolazabalekin batera, sarien banaketa-ekitaldian Cristina Uriarte Hezkuntza eta Unibertsitateen sailburuak parte hartu du.

Bilboko Euskalduna Jauregian izan da, gaur gauean, Quality Innovation Award 2017 sarien banaketa-ekitaldia; jardunaldian, hainbat hitzaldi izan dira, erakunde finalisten berrikuntzak erakusteko standak eta herrialde parte-hartzaileetako enbaxadetako diplomatikoak bildu dituen sari-banaketaren zeremonia.

 Quality Innovation Award (QIA) Saria 2007an sortu zen, eta Excellence Finland-ek sortu zuen, produktu, prozesu, antolamendu eta abarren berrikuntzak sortu eta garatu daitezen sustatzeko. Harrezkero, Batzorde antolatzailean kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza sustatzeko erakundeak sartu dira, beste herrialde batzuetakoak, besteak beste, Finlandia, Estonia, Hungaria, Israel, Kazajistan, Lituania, Letonia, Txekiar Errepublika, Suedia, Txina, Errusia eta Espainia, EUSKALIT eta CEX-en bidez. Kide guztien helburua erakunde eta herrialde parte-hartzaileen lehiakortasuna areagotzen laguntzea da.

 Beatriz Artolazabal sailburuak hauxe nabarmendu du: “herrialde batek izan dezakeen kapital nagusia: talentua eta aurrera egiteko gaitasuna eta, EUSKALITeko patronatuko kideak bezala, pozik gaude ekitaldi honen antolaketan parte hartu izanaz, Excellence Finland-ekin batera, Innobasque, Unibasq, CEX Bikaintasun Zentroak-en laguntzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Iberdrolaren babesarekin”. 

 “Euskalitek lankide-sareak ehuntzen eta aliantzak ezartzen ditu gure mugen barruan eta horietatik kanpo; horrek emaitza garrantzitsuak ematen ditu, besteak beste, jardunaldi hau, non ezagutza eta jardunbide egokiak elkarrekin trukatu baitira, hain erakunde eta enpresa desberdinak eta urrutikoak harremanetan jarri baitira. Eta, hori guztia, elkarrengandik ikasteko eta geure burua gaindi dezagun partekatzeko, berritzaileagoak eta lehiakorragoak izateko. Harro gaude herrialde aurreratuaren, irekiaren eta adeitsuaren irudia erakusteaz, Euskadi halakoa da eta”.

 “Eusko Jaurlaritza harro agertu da, Osakidetzak eta bertako profesionalek lortu duten sariagatik. Jakina, lehiatzea eta sariak irabaztea beti da atsegina; baina epe luzerako ikuspegiaren, balore eta kultura sendoen ondorio direnean, eta hobetzeko eta eraginkorragoak eta lehiakorragoak izateko lan askoko urteen ondorio direnean, are atseginagoa da”, esan du Artolazabalek.

Bizkaia Ikastetxea eta Osakidetza

Colegio Vizcayak hezkuntza-sektoreko berrikuntzaren kategoriako Award-a jaso du, eta OSAKIDETZAk sektore publikoko berrikuntzaren kategoriako Prize-a, 2017ko sari-banaketaren ekitaldian. Sariak Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta María José Múgica Osakidetzako zuzendariak eman dituzte.

 Colegio Vizcayak aurkeztutako berrikuntza honako hau da: sukaldaritza-laborategia sortzea, ezagutza zientifikoa ikasleei hurbiltzeko eta lankidetzako praktikaren eta lanaren bidez ohitura osasungarriak eskuratzeko, horretarako eskola-elkarte osoa inplikatuz.

 Bestalde, OSAKIDETZAk app kliniko batzuen proiektua aurkeztu zuen, tablet arinetarako, erizaintzan ohean bertan erabiltzeko; horrela, asistentzia-prozedurak segurtasunez eta eraginkortasunez egiteko beharrezko informazioa ematen da eta erabakiak hartzen laguntzen da.

 Lehiaketan, halaber, honako euskal enpresa hauek izan dira finalista: Angulas Aguinaga, Ormazabal, Colegio Carmelitas Sagrado Corazón, Grupo Torrezuri, Imatek eta Didaktiker (Bai&by).

 Bilbo, berrikuntza-egoitza

Ekitaldian berrikuntzari eskainitako jardunaldia izan da; bertan, besteak beste, Heli Mattisen Estoniako Kalitate Agentziako zuzendariak eta Xavier Camps TBI-IESEko bazkideak eta IESE Business-eko laguntzaileak hitz egin dute, erakunde sarituen berrikuntzak izan dituzten standak egon dira, eta gala-afari bat egon da, eta, afari horretara, herrialde parte-hartzaileetako enbaxadetako diplomatikoak bertaratu dira.

 Guztira, 16 sari banatu zaizkie, 8 kategoriatan, Txina, Finlandia, Espainia, Estonia, Letonia, Txekiar Errepublika, Hungaria eta Euskadiko erakundeei.  Ordezkari diplomatikoen artean, honako enbaxadore hauek bertaratu ziren: Finlandiatik Tiina Jortikka – Laitinen, eta Txekiar Errepublikatik Katerina Lukesova, Estoniako enbaxadorea, Rasmus Lumi, Txinako enbaxadako Yu Xinyu eta Zhang Yiying idazkariak eta Hungariako enbaxadako Szilvi Bognár idazkaria.

 Euskadik oso emaitza onak izan ditu lehiaketa honetan: 2016an, nazioarteko 352 hautagaitza aurkeztu ziren –horietako 36 Euskadikoak–, eta 57 finalista izan ziren (6 Euskadikoak) eta, azkenean, 2 sari izan ziren Euskadirentzat. SANTIAGO OSPITALEA-OSAKIDETZA eta FEKOOR-Bizkaiko Foru Aldundia.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Imanol Pradales, Jose Hernández