Eu

Ingurumena hobetzeko 1,9 milioi euroko diru-laguntza eman die Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko Udalei 107 proiektu aurrera eraman ditzaten

2018.eko otsailak 08

Ingurumen Sailak 1.960.000 euroko ekarpenarekin lagunduko die tokiko iraunkortasuna helburu duten eta 2017 eta 2019 urte bitartean burutu behar diren 107 proiekturi. Udalek eta tokiko erakundeek gauzatuko dituzten proiektuak dira, arlo hauetan hain zuzen: lurzoru kutsatuak, klima-aldaketa eta atmosfera, ondare naturala eta biodibertsitatea, ekonomia zirkularra eta iraunkortasunaren aldeko hezkuntza. Euskal Herriko udalerrietako ingurumena eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailak urtero argitaratzen duen diru-laguntzen aginduan sartzen diren laguntzak dira.

Diru-laguntza handiena –650 mila euro– lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta lurzoru kutsatuak berreskuratzeko proiektuentzat izan da. Zehazki, 10,5 lur-hektareatan egin dira ikerlanak eta kutsatutako 2,8 lur-hektarea berreskuratu dira. Arlo horretan, nabarmentzekoa da industri aurriak berreskuratzeko 3 proiekturi emandako laguntza, diruz lehen aldiz laguntzen zaio jarduera baita, Ingurumen Sailburuordetzak sustatutako diru-laguntzen aginduaren barruan.

Bigarren laguntza-partida handiena –589.000 euro– klima-aldaketaren aurkako borrokarako bideratu da. Zenbateko hori 16 proiekturi eman zaie, ondokoei lotuak: 4,4 kilometro bidegorri eraikitzea; ibilgailu elektrikoak edo hibridoak eskuratzea; arazketa-sistema bat eta ibilgailu elektrikoen errekarga-sistema bat instalatzea; eta klima-aldaketara egokitzeko planak idaztea eta klima-aldaketara egokitzeko neurriak ezartzea. Proiektu horiek burutzean, hau da urteko aurreikusita dagoen murrizketa: 505 t CO2, 297 kg partikula, eta 5.967 kg NOx, baita 161 metro lineal ibaiertz berreskuratzea ere.

Gainera, Ingurumen sailak 423 mila euro bideratu ditu ondare naturala eta biodibertsitatea zaindu eta babesteko proiektuak burutzen laguntzeko. Hala, arlo horretan, 11 proiekturi eman zaie diru-laguntza; Natura 2000 Sareko guneetan burutuko diren proiektuak dira, non habitat naturalen 300 hektarea baino gehiago lehengoratu eta espezie naturalekin birpopulatuko diren. Bestalde, atal honetan hondakinak garbitzeko eta espezie inbaditzaileak kentzeko lanetarako ere bideratuko dira laguntzak ibaiertzen 13 kilometro lineal baino gehiagotan; eta baita hainbat espezie inbaditzaile kontrolatzeko –Robinia pseudoacacia, Fallopia japónica eta Buddleja davidii,besteak beste– eta zenbait espezie berreskuratzeko ere –Thelypteris palustris, Juncus acutus eta Ruscus aculeatus, besteak beste–.

Horiez gain, ekonomia zirkularra sustatzea helburu hartuta, 136.000 euroko diru-laguntza eman zaie 6 proiekturi, batik bat frakzio organikoko edukiontzien erabiltzaileen identifikazio-sistema instalatzeko eta bio-hondakinen gaikako bilketa-ratioak hobetzeko diren proiektuei. Gainera, janaria alferrik galtzeari buruz sentsibilizatzeko proiektu batek eta dendetako materia organikoaren gaikako bilketarako ekimen batek ere jaso dute diru-laguntza. Ekonomia zirkularra bultzatzeko proiektuak gauzatzean 3.655 tona bio-hondakin baino gehiago birziklatu ahal izatea espero da.

Azkenik, nabarmentzekoa da 352 ikastetxetako Eskola Agenda 21i eman zaion 160 mila euroko laguntza. Hala, nabaria izan da diru-laguntzen banaketa eta ingurumenari lotutako gaien aniztasuna –klima-aldaketa, biodibertsitatea, mugikortasun iraunkorra, osasuna, hondakinak, lurzorua, energia edo hiri iraunkorra–, ikastetxe horietako 250 ikaslek baino gehiagok landuko dituzten gaiak direla kontuan hartuta. Kalkuluen arabera, Ingurumen sailak atal honetan emandako diru-laguntzek 648 mila euroko gastua adierazten dute iraunkortasunaren aldeko Hezkuntza proiektuetan.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @IngurumenEJGV
    2018.eko otsailak 08

    Comentario de Twitter:
    Ingurumena hobetzeko 1,9 milioi euroko diru-laguntza eman die Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko Udalei 107... https://t.co/oFJ10QB1K4

  • @IngurumenEJGV
    2018.eko otsailak 08

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco subvenciona con 1,9 millones de euros 107 proyectos de mejora ambiental en ayuntamientos del... https://t.co/FHShsrHwtT

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak