Berriak Osasuna
Eu

Euskadik 2013. urteaz geroztik betetzen du erradiazioen arriskuen aurkako babesari buruz indarrean jarri den europako araudia

2018.eko otsailak 07

Osakidetzak hainbat urte daramatza erradiazio ionizatzailearekin egiten diren proben optimizazioa sustatzen, era horretan arriskua murritz dadin, probaren onurak eragotzi gabe.

Osasun sailburu Jon Darponek adierazi duenez, erradiazio ionizatzailearekin egiten diren proba diagnostikoen preskripzioaren optimizazioa sustatzen jarraituko da, haurrekin zein helduekin, pazientearen segurtasuna Osasun Sailaren lehentasunezko planetako bat baita.

 

Euskadik 2013. urteaz geroztik betetzen du otsailaren 6an indarrean jarri den eta pazientea erradiazioez babesteko oinarrizko segurtasun-neurriak ezartzen dituen Europako araudia.

Erradiazio ionizatzailearekin egiten diren proba diagnostikoen preskripzioaren optimizazioa 2013-2016ko Pazientearen Segurtasun Planaren ekintza-ildo bat izan da, eta baliagarria izan da Osakidetzak 2010. urteaz geroztik egiten dituen ekintzei bultzada handia emateko, eta, era horretan, proba horien optimizazioa sustatzeko (biztanleria pediatrikoaren kasuan bereziki).

Erradiazio ionizatzailearekin egiten diren probak lehen mailako tresna diagnostikoak dira egungo asistentzia-ereduan. Ildo horretan, Osasun Sailak eta Osakidetzak, proba horien erabilerak azken urteotan gora egin duela eta proba horiek arriskua dakartela kontuan hartuta, pazienteen segurtasunerako Europako arau berrian jasota dauden neurriak garatzen eta bultzatzen dituzte, era horretan arriskua murritz dadin, probaren onurak arriskuan jarri gabe.

Osasun Sailak eta Osakidetzak urte hauetan egindako ahaleginak proben erabileraren arrazionalizazioan oinarritu dira. Ildo horretan, preskriptoreak eta erradiologoak babes erradiologikoaren arloan sentsibilizatu dira, eta paziente bakoitzak metatuta dituen dosiei buruz beharrezkoa zen informazioa eman zaie.

Osakidetzak dagoeneko txertatu du Historia Dosimetrikoa pazienteen historia kliniko elektronikoan, hainbat probatan (hala nola ordenagailu bidezko tomografia axialean edo mamografian) emandako dosien adierazleak erregistratzeko. Erradiologia interbentzionistan kasuan, ezarpen-prozesuan dago.

Halaber, erradiologoek eta erradiofisikariek hainbat probatako dosiei buruzko datuak ustiatzeko sistema bat dute, eta paziente bakoitzaren dosiak egokitzeko aukera eman dezake. Aldi berean, probak justifikatzeko premiari buruzko informazio-liburuxkak banatu dira profesionalen artean, pediatrian beharrezkoak ez diren azterlanak saihesteko. Ildo horretan, erradiodiagnostikoko eta medikuntza nuklearreko probetako dosien arteko aldeen berri ematen zaio mediku preskriptoreari.

Osasun sailburu Jon Darponek adierazi duenez, erradiazio ionizatzailearekin egiten diren proba diagnostikoen preskripzioaren optimizazioa sustatzen jarraituko da, haurrekin zein helduekin, pazientearen segurtasuna Osasun Sailaren lehentasunezko planetako bat baita, Osakidetzaren 2017-2020ko erronka eta proiektu estrategikoetan txertatua.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 7a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau