Eu

Beatriz Artolazabal: “la desaparición de las diferencias de género en el cuidado de hijas e hijos repercutirá positivamente en la promoción de las Familias e Infancia”

2018.eko otsailak 09
  • “Euskadiko familia eta haurretan inbertitzeko Estrategia”ri buruzko Jardunaldia, Bizkaia Aretoan, Bilbon
  • “Familientzako eta Haurrentzako IV. Laguntza Plana” datorren udaberrian emango da argitara
  • “Familia-politikak erantzunkidetasunean eta kontziliazioan oinarritzen dira”

 

Bilbo, 2018 02 09

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “seme-alaben zaintzan dauden genero-desberdintasunak desagertzeak eragin positiboa izango du familien eta haurren sustapenean”. Artolazabalek, gaur goizean, “Euskadiko familia eta haurretan inbertitzeko Estrategia”ri buruzko jardunaldian parte hartu du, Bizkaia Aretoan, Bilbon.

 

Topaketan, Beatriz Artolazabalez gainera, Lide Amilibia sailburuordeak, Olga Cantó Alcalako Unibertsitatekoak, Lucas Gortázar Euskal Herriko Unibertsitatekoak, Irene Lapuerta Nafarroako Unibertsitate Publikokoak, Jordi Longas Ramon Llull Unibertsitatekoak, Claire Billard Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Haur eta Familia zuzendariak, Paola Parravano Haurrak Babesteko Sailen Behatokikoak, Maite Larrañaga Haurreskolak Partzuergokoak, Enrique Arranz UPV/EHUkoak, Ernesto Sainz Lanchares Eusko Jaurlaritzako Familia eta Aniztasuneko zuzendariak eta Loli García Vitoria-Gasteizko Udalekoak hitz egin dute.

 

Artolazabal sailburuaren hitzen arabera, “zuzeneko harremana dago jaiotza-tasaren defizitaren eta genero-desberdintasunen iraunkortasunaren artean, bereziki seme-alabak hazteko erantzunkidetasunari eta gizarte-denboren egituraketari dagokienez; izan ere, etxeko zereginen banaketa Euskadin okupatuta dauden pertsonen artean oso desberdina da”.

 

“2015ean, etxetik kanpo lan egiten duten emakumeek egunero 4,5 ordu ematen zituzten 15 urtetik beherako seme-alabak zaintzen, eta gizonek, egunean 2,9 baino ez. Lanean dauden emakumeen % 14,9 ez dago pozik bere bikoteak etxeko lanetan duen inplikazioarekin. Ordea, lanean diharduten gizonen gehiengo handia (% 70,4) oso pozik dago beren bikotekidearen inplikazioarekin”, gogorarazi du Artolazabal sailburuak, erantzunkidetasunean eta kontziliazioan oinarritzen diren familia-politiken beharra gogoratzean.

 

Gizarte- eta demografia-politikak

“Jardunaldi honetan aztertutakoak garrantzi eta esanahi handia du gure herrialdearentzat eta Batasun osoarentzat. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzaren programak dio “Euskadik, Europako gizartearen zati handi batek bezala, gizartearen pixkanakako zahartzeari erantzungo dioten gizarte- eta demografia-politikak garatzeko erronka eta jaiotza-tasa sustatzeko beharra duela”.

 

“Era berean, adinekoentzako arreta, batik bat mendekotasun-egoeran daudenen arreta, eta familia eta haurrentzako laguntza-politikak funtsezko bi oinarri dira gizarte-politiketan. Hori horrela izanik, Eusko Jaurlaritzak, gure foru- eta toki-erakunde nagusiek, gizarte-erakundeek eta enpresa-munduak bezala, azpimarratu egiten du familiek giza harremanaren eta hezkuntza sozialaren, afektiboaren eta komunitarioaren nukleo gisa duten garrantzia”, esan du Artolazabalek.

 

“Gure helburua betetzeko, dagoeneko familia-erantzukizunak dituzten pertsonei eta familia osatu nahi dutenei beren bizi-proiektua ahalik eta baldintzarik onenetan egiteko eta zailtasun ekonomikoak, lanekoak edo bestelakoak gainditzeko lan eginez aukera ematen duten politikak behar ditugu. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak, herrialdeko helburuen artean, jaiotza-tasa areagotzea eta seme-alabak dituzten familientzako arreta eta laguntza handitzea ezarri ditu”, esan du sailburuak.

 

Beatriz Artolazabalen iritziz, garrantzi handiko gertakariak izan behar dira gogoan, eta “lehendabizikoa eta funtsezkoa eta Euskadirena esklusiboa ez dena, Europa osoarengan eragina duelako, honako hau da: jaiotza- eta ugalkortasun-tasa baxuak eta nahi den seme-alaba kopurua izateko zailtasunak”.

 

Artolazabalek zenbait datu eman ditu: Euskadin, 2015ean, 8,5 ume jaio ziren mila biztanleko. EB-28ren (10) batez bestekoaren azpitik eta zenbait herrialdetako datuen oso azpitik: Irlanda (14,2), Frantzia eta Erresuma Batua (12) edo Suedia (11,8). Ordea, Estatukoaren (9) antzekoa izan zen eta EB osoan balio baxuenak dituzten herrialdeen gainetik bakarrik egon zen: Grezia (8,5), Portugal (8,2) eta Italia (8). Ugalkortasuna dela eta, Euskadin, ugalkortasun-tasa 1,39koa da, eta 1975eko batez besteko 2,78 seme-alaben kopurutik oso urrun dago, bai eta zientzia-ikasketen arabera belaunaldi-aldaketarako beharrezkoa den 2,1etik ere”.

 

“Indizerik baxuena Bizkaiak du, 1,31 seme-alaba umeak izateko adinean dagoen emakume bakoitzeko; Arabak 1,49 eta Gipuzkoak 1,47. Hala ere, eta hori ere nabarmendu egin behar da, Euskadi da Estatuko autonomia-erkidego bakarra krisi-garaian ugalkortasunaren gorakada izan duena, 2008an emakumeko balioa 1,3 seme-alaba zen eta, 2015ean, 1,39. Hala ere, oraindik lan handia dugu egiteko”, esan du Beatriz Artolazabalek.

 

Artolazabalen hitzen arabera, euskal familia askok nahi baino seme-alaba gutxiago dituzte: gazteen % 72k bi seme-alaba edo gehiago izan nahiko luke, baina emakumeko seme-alaba kopurua 1,3koa da. 2014an, Euskadiko etxeen % 5,6k, ia 50.000k, familia- edo demografia-ugalketari lotutako arazoak zituen, eta ez zeukan nahi beste seme-alaba baliabide ekonomiko faltagatik, laneko segurtasunik ezagatik eta/edo umeen zaintzarekin eta arretarekin lotutako arazoengatik”.

 

Artolazabal sailburuak beste gauza bat ere nabarmendu du: “jaiotza-tasa baxuak izateko beste motibo bat, zalantza gabe, amatasunaren pixkanakako atzeratzea izan da; datu hori emantzipatzeko pixkanakako atzeratzearekin dago lotuta. Euskadi nabarmentzekoa da Europako testuinguruan, emantzipatzeko adin berantiarra dela eta; 30 urte ingururekin emantzipatzen dira gazteak. Eta Euskadin, amen batez besteko adina, 33,4 urtekoa da, 2015ean. EBko batez bestekoaren gainetik dago (30,5), nabarmen, bai eta batez besteko adin altuenen gainetik ere: Italia (31,7), Irlanda (31,6), Luxenburgo (31,5), edo Grezia (31,3)”.

 

Artolazabal sailburuak gogorarazi du “haur-pobrezia berriro nabarmentzeko aukera eta mugikortasun sozialeko prozesuetan eta desberdintasunaren areagotzean herentziak duen pisu handia. Gainera, zuzeneko harremana dago jaiotza-tasaren defizitaren eta genero-desberdintasunen iraunkortasunaren artean, bereziki seme-alabak hazteko erantzunkidetasunari eta gizarte-denboren egituraketari dagokienez.

 

IV. Plana

“Euskadin urte asko daramatzagu familia-politikak garatzen eta, orain, “Familientzako eta Haurrentzako IV. Laguntza Plana” prestatzen ari gara; udaberrian emango da argitara. Horrek esan nahi du aurretik beste hiru plan egon direla. Euskadin eginiko plan horietako ekintza zehatzen bidez, Euskadi familientzako laguntza gehien bideratzen dituen partida ekonomiko gehien duen autonomia-erkidegoa da Estatuan”, esan du Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak.

 

“Seme-alabak dituzten familientzako laguntzen kasuan, Estatuan eskubide subjektiboa eta unibertsala duten laguntza bakarrak dira, eta laguntza horiek, gainera, krisi ekonomiko larrian ere mantendu egin dira. Hala ere, gure jaiotza-tasak Estatuko baxuenak dira, eta horrek esan nahi du seme-alabak dituzten familientzako laguntza ekonomikoen aldeko apustua ez dela nahikoa, euskal herritarrek nahi beste seme-alaba izateko”, esan du Artolazabalek.

 

Artolazabal sailburuak gogoratu du “Hezkuntza Saileko Haurreskolak Partzuergoak eginiko lan handia, funtsezko eta ezinbesteko tresna bilakatu dela hain desio handiko helburu hau betetzeko: norberaren bizitza, familiakoa eta lanekoa uztartzea”.

 

“Hori guztia ez da nahikoa eta, hori dela eta, beste urrats bat gehiago eman behar izan dugu, eta herrialdeko ituna egin dugu, gure jaiotza-tasak hobetzeko erronkari arrakastaz heltzeko, kontuan hartuta jaiotza-tasak gure pentsioak ziurtatzeko eta gure enpresak eskulanez elikatzeko hain garrantzitsuak direla. Hori da pasa den urtarrilaren 18an hiru foru-aldundiek, Eudel - Euskal Udalen Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak sinatutako Familientzako eta Haurrentzako Ituna; abenduaren 20an aho batez onetsi zen Familiaren Euskal Kontseiluan”, esan du Artolazabalek.

 

“Familientzako eta Haurrentzako Ituna”, Familia eta Haurretan Inbertitzeko Euskal Estrategia prestatu ondoren, bigarren gertakizun garrantzitsua izan da garapen honetan, eta, prozesu hau amaitzeko, Ituna eta Estrategia aurreikuspenen arabera udaberri honetarako amaituko dugun “Familia eta Haurrentzako IV. Laguntza Plan”ean jasoko diren neurri zehatzetan gauzatuko dira”, esan du Artolazabal sailburuak jardunaldia irekitzeko ekitaldian.

 

Gaur Bizkaia Aretoan egiten den topaketarekin jarraitzeko, datorren asteko asteazkenerako work coffeea antolatu da Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak