Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak berretsi egin du euskal erakundeek Euskadin kalitateko arreta soziosanitarioa izateko egiten duten apustua, erronka demografikoei aurre eginez

2018.eko otsailak 09

Lehendakaria, gaur, 2017-2020 Arreta Soziosanitarioko Lehentasun Estrategikoak aurkezteko Donostian egin den jardunaldiko buru izan da. Lehentasun estrategiko horiek eremu horretan pertsonen beharrei, bereziki kolektibo ahulenen kasuan, erantzun eraginkorra emateko ibilbide-orria dira

Iñigo Urkullu Lehendakaria, gaur goizean, 2017-2020 Arreta Soziosanitarioko Lehentasun Estrategikoak aurkezteko Donostian egin den jardunaldiko buru izan da. Bertan, Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua ere izan dira, bai eta Ramiro González, Unai Rementería eta Markel Olano Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputatu nagusiak, hurrenez hurren, Imanol Landa EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko presidentea ere, euskal administrazioetako ehunka ordezkarirekin, hirugarren sektoreko profesional eta kideekin batera, eremu guztiek pertsonen gizarte- eta osasun-beharrei erantzuteko plangintza berri horri laguntzeko.

Iñigo Urkullu Lehendakariak berretsi egin du euskal erakundeek kalitateko arreta soziosanitarioaren alde egiten duten apustu argia eta irmoa.  Horrela, nabarmendu egin du “euskal erakundeek eremu horretan azken bi hamarkadotan egiten ari diren ahalegina; izan ere, gaitasun-oztopoak eta zerbitzuak diseinatzeko oztopoak gainditu eta esparru eraginkorragoa, koordinatuagoa eta jasangarriagoa izan da ondorioa”.

“Orain erronka estrategia hori pertsonei zuzentzea da eta, bereziki, jomuga diren kolektiboei, eremu soziosanitarioan dituzten beharrizan handiagoengatik: desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonak, buru-nahasmendu larria duten pertsonak, bazterketa- eta babesgabetasun-arriskuan dauden pertsonak, beharrizan bereziak dituzten umeak eta behar soziosanitarioak dituzten beste kolektibo batzuk (gaixotasun arraroak, bizitzaren amaiera etab.)".

Hori da, zehazki, gaur jendaurrean jarri den dokumentu estrategikoaren funtsezko helburua. Dokumentuak, zahartzea, kronikotasuna eta mendekotasuna gero eta bereizgarri nabarmenago dituen testuinguru demografikoan, arreta soziosanitario onari eusten zaiola bermatzeko lehentasunezko neurriak ezartzen ditu.  Lehendakariaren hitzen arabera, “gure bikaintasun-adierazleak, besteak beste euskaldunen bizi-itxaropena areagotzea, Europaren batez bestekoaren gainetik eta mundu-mailako altuenen artean, gizarte-lorpen handia dira, eta, hala ere, jarraitzen dute biztanleriaren pixkanakako zahartzeari lotutako mendekotasun-egoeren ondoriozko beharrak areagotzen”.

Gaur aurkeztu den dokumentuak sei lehentasun zehazten ditu, eta horiek, aldi berean, 17 proiektu estrategiko garatzen dituzte, guztira.Honako hauek dira lehentasunak:

 

1.- Koordinazioaren egituraketa soziosanitarioa

Ibilbide-orria zehazten da koordinazio soziosanitarioan, koordinazio-sistemaren eta arreta soziosanitarioaren mailen artean ibilbideak eta harreman funtzionalak eta egiturazkoak ezartzeko: dela Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluak ordezkatzen duen zuzendaritza- eta exekuzio-egitura, dela arreta zehatzaren maila, gizarte- eta osasun-arloko lehen mailako arretako profesionalek ordezkatzen dutena. Maila horiek egituratzea eta, horretarako, segurtasun juridikoa ematea eta ahalduntzea da lehentasun horren helburu teorikoa. Praktikan, hiru proiektu estrategiko dira:

-Esku-hartze eta exekuzio maila guztietan gobernamendu soziosanitario praktikoko eredua zehaztea; arreta-eremu bakoitzean erreferente diren profesionalen mapa bat izango du.

-Eredu horri nortasun juridikoa ematea eta, horretarako, Euskadin arreta soziosanitarioa garatzeko Dekretua onestea. 

-Euskadiko Batzorde Etikoen koordinatzaile izango den Batzorde soziosanitarioa juridikoki formalizatzea.

 

2.- Baliabideen egituraketa soziosanitarioa

Helburua berez soziosanitarioak diren baliabideei espazioa ematea da; horretarako, bi proiektu nagusi planteatzen dira:

-baliabide eta esku-hartze soziosanitarioen katalogoa berriro zehaztea eta onestea

-baliabide soziosanitarioetarako finantzaketa-esparru egonkorraren inguruan adostasuna lortzea eta zehaztea.

 

3.- Arretaren egituraketa soziosanitarioa

Helburua behar soziosanitario gehien dituzten kolektiboetara hurbiltzea da: buruko nahasmendu larriak dituzten pertsonak, babesgabetasun-egoeran dauden pertsonak, mendekotasun-egoeran dauden pertsonak, desgaitasunen bat duten pertsonak, bizitzaren amaieran dauden pertsonak, behar bereziak dituzten umeak edo gaixotasun arraroak dituzten pertsonak. Baina, halaber, helburua, aldi berean, profesionaletara hurbiltzea ere bada, beren arteko komunikaziora, beren topaketetara eta espazio soziosanitarioak behar dituzten tresnetara. Hirugarren lehentasun horretan, 8 proiektu estrategiko jaso dira.Horietako batzuk hasita daude, dagoeneko, eta beste batzuk berriak dira:

-protokolo soziosanitarioen gida eguneratzea

-Osabide hedatzea egoitzetan

-InterRAI-CA balorazio soziosanitarioak egiteko tresna hedatzea

-batzorde soziosanitarioak garatzeko eskuliburua prestatzea

-baterako lan soziosanitarioaren denbora pilotua garatzea

-Historia Soziosanitarioa garatzea eta ezartzea

-jomuga den kolektibo bakoitzerako asistentzia soziosanitario zehatzen ibilbideak diseinatzea

-aurrez aurrekoak ez diren asistentzia-ibilbideak 

 

4.- Prebentzio soziosanitarioa eta herritarren parte-hartzea

Lehentasun estrategiko horrek prebentzio soziosanitarioa izaera anitzeko eta osagarriko esku-hartzetik ulertzen du–ekonomiko-finantzarioak, familiarrak, aisiakoak, komunitarioak, etxebizitzakoak, osasunekoak, besteak beste–, populazio-ikuspegia egokitzapen indibidualekin bateratuz, arrisku-profil bakoitzaren arabera. Prebentzio-jarduketa indibidual horiek –gizarte- eta osasun-sistemak eta pertsonak berak kudeatuak– erabakigarriak izango dira, arreta soziosanitarioko eskariak saihesteko edo atzeratzeko.

 

5.- Ebaluazio soziosanitarioa

Arreta soziosanitarioaren errealitatea gaur egun gutxi gorabeherakoa da eta lekukotzen behaketan eta bilketan oinarritzen da. Helburua izango litzateke errealitate horren ezagutza finkatzea, hurbilketa kuantitatiboaren eta kualitatiboaren bidez, arretaren ezaugarriak eta erantzun beharreko beharrak modu objektiboan hartu ahal izateko adierazleetan oinarrituta. Horretarako, funtsezko lehentasun gisa planteatzen da erakundeen arteko ezagutza- eta lankidetza-esparrua garatzea eta profesionalek eta herritarrek parte hartzea, garatzen diren ekintzen jarraipen- eta emaitza-adierazleen aginte-taula baten bidez, eta baliabide soziosanitarioen erabiltzaileei eta arreta hori posible egiten duten profesionalei beren gogobetetzea neurtzeko inkesta egitea.

 

6.- Berrikuntza soziosanitarioa.

Helburua eremu soziosanitarioan berrikuntza-espazioa sustatzea da eta, horren bidez, ezagutzaren sorrera eragitea, asistentzia-maila eta eremu guztietara zabaldu ahal izateko, profesional zein herritarren eremuetara. Hori guztia, arreta soziosanitarioak planteatzen dituen erronkei erantzun berritzaileak emateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak