Eu

30.000 pertsonak parte hartu dute MUGAK Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienalean eta haren arrakasta berretsi da

2018.eko otsailak 07
  • Inaugurazio-asteko konferentzia eta mahai-inguruak, RCR Arquitectes estudioaren erakusketa, EHUko Arkitektura Eskolaren partaidetza, ‘La ciudad que perdimos’ erakusketa eta zahartzea eta etxebizitzari buruzko jardunaldiak izan dira ekitaldi erakargarrienak bertaratutakoentzat.
  • Iñaki Arriola sailburuak iragarri du datorren edizioan Bilbo eta Gasteizen ere egingo direla jarduerak.

 

30.000 pertsona inguru bertaratu dira MUGAK Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienalak antolatutako ekitaldietara. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriola –erakunde horrek sustatu du ekimena− Pablo García Astrain Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendariarekin eta Pedro Astigarraga Bienaleko komisarioarekin bildu da gaur, lehenengo balorazioa egiteko. Ondorio nagusia da erantzun positiboa eman dietela bertaratutakoek hiru hilotan antolatutako jarduerei.

Bienala azaroaren 6an inauguratu zen eta pasa den urtarrilean amaitu; data horien aurretik eta ondoren ere jarduerak antolatu dira, programa ofizialetik kanpo. Guztira, 125 ekitaldi baino gehiago antolatu dira: konferentziak, erakusketak, mahai-inguruak, jardunaldiak, tailerrak, etab.

Gaurko bileran emaitzak aztertu dituzte antolatzaileek. “Parte-hartze altuak, 30.000 pertsona inguruk parte hartu baitute antolatutako jardueretan, eta programatutako ekitaldien kalitateak berretsi dute Bienal honen lehenengo edizioaren arrakasta”, baieztatu du Etxebizitzako sailburuak.

Arriolak Bienal batek bere lehenengo edizioan munduan eskuragarri dagoen arkitekturarik onenarekin ekiteak duen meritua eta zailtasuna nabarmendu ditu; lehenengo erakusketa 2017ko Pritzker Sariaren irabazleen "Creatividad compartida” izan zen. “Ez da erraza ere –gaineratu du- nazioarteko ospea duten arkitektoak biltzea, Rafael Aranda eta Sou Fujimoto arkitektoen kasua esaterako, edo Cristina Iglesias eskultoreak Santa Clara irlarentzat duen proiektu artistikoa Bienalean aurkeztea lortzea”.  Hori guztia dela eta, balioan jarri nahi izan ditu Etxebizitza eta Arkitekturako Zuzendaritzak egindako ahalegina eta komisarioak eta bere lan-taldean hilabeteotan egindako lana.

EHUren, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere eskertu ditu, baita “arteari eta kulturari lotutako erakunde guztiena ere; ahalegin guztia egin dute”.

Arriolak adierazi du laster Bienalaren datorren edizioa diseinatzen hasiko direla. “Goiz bada ere, abiapunturako ideia bat badaukagu, arkitekturaren gizarte-dimentsioan sakondu nahi dugu, eta etxebizitza alorrean etorkizuneko soluzioak ikuspegi horretatik esploratu nahi ditugu”.

Halaber, iragarri duenez, “Euskadiko hiru hiriburuak ekimen honen parte izatea nahi dugu. Hartara, Donostia Bienalaren egoitza nagusi gisa finkatuko da 2019an eta Bilbo eta Gasteizek ere parte hartu eta ekitaldi garrantzitsuak izango dituzte".   

Bienaleko ekitaldi garrantzitsuenen artean inaugurazio-asteko konferentziak nabarmendu dira, hizlarien mailagatik eta bertaratutako pertsona kopuruagatik; aretoa bete zen azaroaren 7tik 10era bitarteko ekitaldietan. Miramar Jauregitik igaro ziren nazioartean ospe handia duten arkitektoak, esaterako, Rafael Aranda (RCR Arquitectes, 2017ko Pritzker sariduna), Sou Fujimoto, Solano Benítez eta Gloria Cabral, baita Alain Tavés eta François Chastanet arkitekto frantsesak ere. Horiez gain, pasa den urtarrilean, Cristina Iglesias eskultorea izan genuen gure artean, Donostiako Santa Clara irlako faroarentzat duen proiektu artistikoa erakusteko; Alex Anmahian estatubatuarra ere bertaratu zen, Habic Clusterrak gonbidatuta.

RCR Arquitectes estudioaren ‘Creatividad compartida’ erakusketa izan da MUGAK ekimenaren proposamen erakargarrienetako bat. Miramar Jauregiaren beheko solairuko gune noblean jarri zen (Jauregian egin ziren ere beste hamarna erakusketa) eta 8.000 bisitari baino gehiago izan ziren Bienalak iraun zituen hilabeteetan, nahiz eta asteburuetan bakarrik ireki zen. Bisitari asko jaso zituen beste erakusketa izan zen ‘La ciudad que perdimos’, Ancorak Santa Teresan komisionatuta, eta otsailean irekita egongo da. Orain artean 4.500 bisita baino gehiago jaso ditu.

MUGAK ekimeneko beste alderdi garrantzitsua izan da, eta antzerako bienalekin alderatuta nabarmentzekoa da, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Eskolaren parte-hartze handia. Bertako 600 ikasleak bete-betean egon ziren Bienalaren egoitzan, Miramar Jauregian, inaugurazio-astean zehar, eta hainbat eta hainbat jardueretan parte-hartze aktiboa izan dute. Adibide bat jartzearren, ikasleak izan dira RCRren erakusketaren gidak bi hilabetetan zehar. Hainbat erakusketa ere egin dituzte, esaterako, ‘Análisis Técnico de Construcciones Históricas’ Carlos Santamaría zentroan edo ‘Gipuzkoa Brut’ Koldo Mitxelenan.

Beste eskola batzuk ere aritu dira MUGAKekin elkarlanean, adibidez, Valentzia, Reus, Montpellier eta Bordeleko eskolak, baita Irungo Kunsthal diseinu-zentroa edo Zinema eta Bideo Eskola (ESCIVI) ere.

Bienala hiri osoan barna zabaldu da, arkitekturari, arteari eta kulturari lotutako hogei bat erakunderen laguntzari esker. Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostikoa Udalaren eta EHUren parte-hartzeaz gain, Ancora Elkarteak, Peña Ganchegui Artxiboak, Atari Kultura Arkitektonikoaren Elkarteak, Habic Clusterrak, COAVN Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak, Dabadaba aretoak, Reflex Espazioak, Gráficas Michelenak, Elektra Taldeak, Koldo Mitxelenak, Cemento Rezola Museumek, Tabakalerak eta San Telmok parte hartu dute, baita Altxerri, Arteko, Ekain, Kur eta Vetus Art arte-galeriek ere.

MUGAK ekimenaren ahaleginetako bat izan da jarduteko eremuak arkitekturaren alorra gainditzea. Horregatik sustatu da, arrakastaz gainera, beste diziplinen parte-hartzea. Parte-hartze gehien jaso zuen ekitaldietako batzuk Fernando Savater, Harkaitz Cano, Bernardo Atxaga eta Ramon Saizarbitoriak egindako mahai-ingurua eta Manuel Vicent, Igor Calzada, Josep María Montaner eta Soledad Gallego-Díazek egindakoa izan ziren.

Era berean, Donostia Lagunkoiak antolatutako ‘Etxeak zahartzen ari den gizarte batean’ jardunaldirako izen-emateak bere egin ziren, adineko pertsonentzako etxebizitzen etorkizunak interes handia piztu baitzuen. Bienala ixteko ‘Etxebizitzaren arkitektura’ konferentziek ere arrakasta izan zuten. Txikienentzat ere baziren jarduerak. Antolatutako tailerren artean, Maushausek haurrentzat egindakoak dira nabarmentzekoak, bete egin baitziren.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Pedro Astigarraga, Comisario de la I Bienal Internacional de Arquitectura de Euskadi ‘Mugak’ Rafael Aranda, arquitecto del estudio RCR