Berriak Hezkuntza
Eu

EIO Txikia orkestra, inauterietako kontzertuak prestatzen buru-belarri

2018.eko otsailak 08
  • Euskadiko Ikasleen Orkestra Txikia osatzen duten 110 neska-mutilek egonaldia egingo dute asteburuan Bilboko Kontserbatorioan, inauterietako kontzertuak prestatzeko
  • Raffaela Acellaren zuzendaritzapean, kontzertu errepertorioan pieza klasikoak eta film ezagunen soinu-bandak batuko dituzte
  • 10 eta 13 urte bitarteko musikari gazteok mozorroturik joko dute kontzertuetan, Harry Potter, Karibeko piratak eta Oihaneko liburua filmetako pertsonaien mozorroz

EIO Txikia (Euskadiko Ikasleen Orkestra Txikia) osatzen duten 110 musikari gazteek plan polita dute inauterietarako. Lehen entseguekin urtarrilaren 21ean eta otsailaren 4an hasi ondoren, musika-tresnak eta partiturak hartuko dituzte berriro ere asteburu honetan. Inauteri astelehenez eta asteartez Gasteizen eta Donostian izango dituzten kontzertuak prestatzeko buru-belarri arituko dira asteburu osoan.

Horretarako, EIOko neska-mutilek asteburuko egonaldia egingo dute Bilbon, Juan Crisostomo Arriaga Musika Kontserbatorioan. Goiz eta arratsaldeko saioetan, hala larunbatez nola igandez, errepertorioa prestatu eta entseatuko dute. Lo-lekua berriz, Bilbao Hostel aterpetxean aurkitu dute. Aukera bikaina, beraz, adin bertsua eta musikarako zaletasun bera duten neska-mutilen arteko lagunartea sortzeko. 

 

 Programa: 

Pieza klasikoek eta film ezagunen soinu-bandek osatzen dute kontzertuen programa:

  • Vivaldi. Concerto for strings RV 121
  • Beethoven. Bederatzigarren sinfonia, laugarren mugimendua
  • Edvard Grieg. Peer Gynt Suite
  • Pirates of the Caribbean Suite
  • Harry Potter Highlights
  • I Wan'na Be Like You ( Oihaneko liburua)
  • Star Wars

 

Kontzertuak:

Otsailak 12, astelehena. Jesus Guridi Kontserbatorioa. Gasteiz

Otsailak 13, asteartea. Musikene Auditorioa. Donostia

 

EIO Txikia Euskadiko musika eskola eta kontserbatorioetako ikaslerik gazteenek osatzen dute, 10 eta 13 urte bitarteko neska-mutilek. Iaz egin zuten legez, aurten ere musikari gazteok mozorroturik azalduko dira eszenara: Harry Potter, Karibeko piratak edo Oihaneko liburua filmetako pertsonaien mozorroak jantzirik, film horien soinu-bandak joko baitituzte kontzertuetan, besteak beste.

EIO, Euskadiko Ikasleen Orkestra

Euskadiko Ikasleen Orkestra (EIO) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen duen hezkuntza-proiektu musikala da. Etorkizuneko euskal musikarien trebakuntza musikalean bidelagun izan nahi duen ekimen honek, musika jendaurrean eta orkestra bateko kide gisa jo dezaten plaza eskaintzen die ikasle gazteei. EIOren helburu nagusia musika kontserbatorioetako eta eskoletako ikasleei heziketa sinfonikoa eta orkestra-heziketa eskaintzea da. Batetik, ikasleen motibazioa piztu nahi du EIOk, musika ikasketetan jarrai dezaten; eta bestetik, kontserbatorioetan ikasleek landu ezin izango luketen errepertorio sinfoniko zabala jotzeko aukera eman.

Euskadiko musika irakaskuntza zentroetan ikasten ari diren neska-mutilek osatzen dute, bai musika eskoletakoek, bai kontserbatorioetakoek. Adinaren arabera, proiektuak hiru orkestra desberdin ditu:  

  • EIO: 15 urtetik 18-19ra bitarteko ikasleek osatzen dute. 2005-2006 ikasturtean jaio zen.
  • EIO Gaztea: 13 – 15 urte tarteko neska-mutilak. 2010-2011 ikasturtean sortua
  • EIO Txikia: 10 urtetik 13ra bitarteko ikaslez osatua. 2015-2016 ikasturtean jaio zen.

EIOk urtero-urtero antolatzen ditu musika eskola eta kontserbatorioetako ikasleentzat sarbide-probak, hiru orkestrok osatuko dituzten musikariak hautatzeko.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AlmudenaOtaola
    2018.eko otsailak 08

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: La orquesta EIO Txikia se prepara para sus conciertos de carnaval ➡︎ https://t.co/yLAN0uOUBa https://t.co/jSWwlZUOEG

Ekitaldiko kargudunak