Eu

Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen ikuskaritza teknikoa eta Ikuskaritza Teknikoen Erregistroa erregulatzen dituen Dekretuaren Proiektua. Ondorioak

2018.eko otsailak 06

Onartu nahi den Dekretu honek Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen ikuskaritza teknikoa eta Ikuskaritza Teknikoen Erregistroa erregulatzen ditu, eta bere xedea da erregelamendu bidez garatzea Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen aginduak, eta osorik eta arrazionalki erregulatzea batez ere egoitza-erabilera duten eraikinen ikuskaritza teknikoak egiteko modua, baita bete beharreko eskakizunak ere.

Gainera, aipaturiko aginduak Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikinen Ikuskaritza Teknikoen Erregistroa sortzen du, non inskribatu beharko diren egindako ikuskapen guztiak, eta aurreikusten du, halaber, Erregistroaren edukiaren eta funtzioen erregelamenduzko garapena.

Partaidetza- eta kontsulta-izapideak betez, dekretu-zirriborroa honako administrazio hauen esku jarri da, egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzaten: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiak; Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, EUDELen bitartez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetako hiru udalak.

Gainera, entzunaldi-izapidea ere egin da, testua honako eragile hauen esku jarriz: ikuskapen teknikoak egiteko gaituta dauden elkargo profesionalak, jabe-elkarte eta hiri-finken erabiltzaileak (hiru lurralde historikokoak), eta xedapenaren xedearekin harreman zuzena izanik legez onartutako gainerako erakunde eta elkarteak, eragindako herritarrak biltzen edo ordezkatzen dituztenak.

Prozedura horrekin batera, dekretu-zirriborroaren testua Irekian jarri da, eztabaidarako, herritarren iritzia jasotzeko asmoz.

Horretarako jarritako epea igarota, eta kontsulta-izapideon emaitzak balioetsi ondoren, aipaturiko dekretu-proiektua idazteko prozedura izapidetzen jarraituko da, eta testua idatziko da, zeina Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren esku jarriko baita aurretiazko onarpena eman diezaion.   

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau