Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzaren segurtasuneko dibulgazio-programa 40.286 pertsonarengana iritsi zen iaz

2018.eko otsailak 06

Segurtasun Sailaren eta Hezkuntza Sailaren arteko lankidetza-akordioaren emaitza gisa

Ertzaintzak Komunikazioa Prebentzioaren bidez landuz dibulgazio-programaren urteko balantzea egin du. Programa horren baitan Segurtasun Sailak eta Hezkuntza Sailak 2013an izenpetutako lankidetza-akordioa dago eta ikasleen artean eta herritarren kolektiboen artean segurtasun-portaerak sustatzea du helburua. Iaz ekimena 40.286 pertsonarengana iritsi zen, eta, besteak beste, Interneteko delituei aurrea hartzeko, eskola-jazarpenari buruzko, iruzurrekin lotutako eta 112 larrialdietako telefono-zenbakia behar bezala erabiltzea sustatzeko mezuak zabaldu zituzten. Aurreko ekitaldian baino hamar mila pertsona gehiago izan dira, beraz, Ertzaintzaren mezuak jaso dituztenak. Programaren baitan hitzaldiez gainera beste ekimen batzuk ere jarri dira abian, eta Basaurin, Gasteizen eta Donostian, esate baterako, herritarren babeserako patruilak astero joan dira institutuetara Bigarren Hezkuntzako ikasleek segurtasunari buruz egiteko zituzten galderei erantzutera.

Balantzea gaur goizean egin da Ertzaintzaren Baliabide Operatiboen Iurretako Egoitzan, eta lan hori egiten duten Ertzaintzako boluntarioak bertan izan dira. Bileraren buruan izan dira Ertzaintzaren zuzendari Gervasio Gabirondo, Ertzaintzaren buru Jorge Aldekoa eta programaren ardura duten agintariak. Lehenengo aldiz izan dira topaketan, gonbidatu gisa, Sim Romi, Kale Dor Kayiko eta Nevipen ijito-elkarteen ordezkariak eta LGTBI Gehitu eta Errespetuz elkarteenak.

Bileran iazko balantzea egin da, eta aurtengo urterako aurreikusitako programaren lerro nagusiak aztertu dira. Iaz Ertzaintzak guztira 1.146 prestakuntza-saio eman zituen, eta saio horiek 40.286 pertsonarengana iritsi ziren (aurreko urtean baino hamar mila gehiago). Horietatik 36.343 ikasleak izan ziren eta 2.697 herritarren elkarteetako pertsona helduak. Zifra osatuz, ia mila partaide desgaitasunen bat duten pertsonen elkarteetakoak izan ziren. Balantze orokorrean adierazi denez, ia hirurehun bisitari izan zituzten Ertzaintzaren ertzain-etxeek, betez ere Iurretakoak eta Erandioko Egoitza Nagusiak.

Ikastetxeek gehien eskatzen duten prestakuntza Interneteko arriskuekin, bullyingarekin, drogekin eta gizalegearen kontrako portaerarekin lotuta dagoena da. Bestalde, helduen elkarteei gehiago interesatzen zaizkie lapurretei eta iruzurrei aurre egitearekin, bide-segurtasunarekin eta genero edo etxeko indarkeriarekin zerikusia duen prestakuntza.

Bestelako ekimenak

Jardunaldian segurtasunaren berri emateko eta herritarren segmentu guztietara hurbiltzeko estrategia horretan sartuta dauden beste hainbat ekintza ere aurkeztu dira. Alde horretatik, Segurtasun Sailak eta Gurutze Gorriak errefuxiatuei, migratzaileei eta adinekoei prestakuntza eta informazioa emateko izenpetu zuten lankidetza-hitzarmena aurkeztu da.

Institutuetan eta lanbide-heziketako ikastetxeetan abian jarritako esperientzia pilotu baten berri ere eman dute. Iaz Ertzaintzako herritarren babeserako patruilak astero joan ziren ikastetxe eta zentro horietara Bigarren Hezkuntzako ikasleek segurtasunari buruz zituzten galderak eta zalantzak argitzera. Hauek dira gaztetxoak kezkatzen dituzten gaietako batzuk: drogak eta alkohola edukitzearen edo kontsumitzearen ondorio legalak, jazarpena, gizarte-sareetan irudiak baimenik gabe argitaratzea eta lapurreten biktima izatearen arriskuak.  Ekimena Basaurin, Gasteizen eta Donostian gauzatu da orain arte, nahiz eta Ertzaintzaren asmoa den pixkana Euskadiko gainerako herrietara ere hedatzea.

Era berean, Ertzaintzak ikastetxeetako zuzendaritza-taldeekin egindako bilera batean proposatu zen dibulgazio eta kontzientziazio ekintza espezifikoak antolatzea ikasleen gurasoentzat. Horrela, seme-alabek legez kanpoko zerbait egiten dutenean (hala nola, lapurreta, kalteak edo jazarpena) familiek duten erantzukizun zibilari buruzko hainbat saio diseinatu dira IGEentzat.

Saria eta egutegia

Ertzaintzaren programa honek duela gutxi jaso du Madrilen, eta bigarren urtez, Gizarte Aniztasunaren Polizia Kudeaketaren Daniel Wagman saria. Sari horren bidez, dibulgazio-lan orokorraz gainera, herritarren segurtasuna hobetzeko ijitoen herriarengana hurbildu izana ere saritu da. Gizarte Aniztasunaren Polizia Kudeaketaren aldeko Plataformak gizarte talde ezberdinak gizarteratzearen alde lan egiten duten hamar elkartetik gora biltzen ditu.

Ertzaintza herritarrengana hurbiltzeko egiten ari den ahaleginaren beste adibide bat Down Araba-Isabel Orbe elkarteak argitaratu duen egutegia da, 2018ko edizioan Ertzaintzaren laguntza izan duena. Egutegi horretan ertzainak polizia-lanaren hainbat egoeratan agertzen dira sindrome hori duten pertsonen ondoan.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2018.eko otsailak 06

    Comentario de Twitter:
    Ertzaintzaren segurtasuneko dibulgazio-programa 40.286 pertsonarengana iritsi zen iaz... https://t.co/aQpGDxh09J

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jorge Aldekoa Superintendentea, Ertzaintzaren burua