Berriak Hezkuntza
Eu

Uriarte: "Hezkuntza-akordioa guztion erantzukizuna da eta eman dugu lehen pausua"

2018.eko otsailak 06

Hezkuntzako sailburuari elkarrizketa egin diote gaur goizean Euskadi Irratian

Hezkuntzako sailburu Cristina Uriartek balorazio positiboa egin du hogeita hamar hezkuntza-agente eta gizarte-agente baino gehiagorekin atzo egindako bileraren inguruan. Bilera horretan, Euskadin hezkuntzaren aldeko akordio bat bultzatzeko parte-hartzean oinarrituta egin den prozesuaren ondorioz sortutako lehen dokumentua aurkeztu zitzaien agenteei. Helburu hori lortzeko, sailburuak hezkuntza-komunitate osoaren lan partekatua eskatu du, “denon ardura baita”, gogorarazi duenez. Horixe adierazi du gaur goizean Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean.

Uriartek adierazi duenez, atzoko bilerarekin “lehen urratsa" egin da hezkuntzaren zutabeak zehaztuko dituen eta denon eremua izango den hezkuntzaren aldeko akordio bat lortzeko. Dokumentua hainbat sentsibilitatetan adituak diren eta hezkuntzaren eremu guztiak ezagutzen dituzten berrogei pertsona inguruk landu dute, eta hainbat alderdi biltzen ditu, hala nola bizikidetza, hizkuntzak, ebaluazioa, hezkuntzaren modernizazioa eta ikastetxeen autonomia. Sailburua baikor agertu da parte hartu duten agenteen jarrerarekin, eta adierazi du ez duela ulertzen elkarrizketan parte hartu nahi izan ez dutenen jarrera.

Sailburuak gogorarazi du prozesua irekia dela eta aurrera jarraitzen duela, hezkuntzan gertatzen ari diren aldaketetara egokitzeko hartu beharreko neurriak zehazten lagunduko duten ekarpenak jasotzeko.

Irakaskuntzaren arloko sindikatuek deitutako mobilizazioei buruz galdetu zaionean, Uriartek erantzun du beharrezkoa dela mahai sektorialen esparruan hitz egiten jarraitzea, eta “ikastetxeak babestu behar direla, erabaki horiekin ikasleak eta haien familiak kaltetzen baitira”. Gogorarazi duenez, Hezkuntza Sailak proposamen bat egin du legegintzaldi honetan 5.000 plazarako deialdia egiteko (legeak baimentzen duen gehienekoa), besteak beste. Horri esker, bitartekotasun-tasa hamar puntutan murriztu ahal izango da. Azpimarratu duenez, sindikatuek planteatutako erreibindikazio batzuk (LOMCE legea indargabetzea, adibidez) Eusko Jaurlaritzaren eskumenetatik kanpo daude.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2018.eko otsailak 19

    Elkarriketatzailea ez da entzuten

  • 2018.eko otsailak 19

    Bideoan elkarrizketatzailea ez da entzuten.

Ekitaldiko kargudunak