Berriak Osasuna
Eu

Minbiziarekiko biziraupena nabarmen hazi da Euskadin, 2000. urtetik, Europaren eta Espainiaren batez bestekoaren gainetik

2018.eko otsailak 14
  • Jon Darpón Osasun sailburuak, gaur goizean, “2000-2012 Minbiziarekiko biziraupena Euskadin” azterlanaren berri eman du. Sailburuak nabarmendu du Osasun Sailaren eta Osakidetzaren konpromisoa dela minbiziari aurre egiteko xedean aurrera jarraitzea, paziente onkologikoari arretarik onena eskaintzeko, heriotza-tasa murrizteko eta biziraupena areagotzen jarraitzeko.
  • Azterlanaren datuen arabera, gizonetan, 5 urterako biziraupena 6 puntuan hazi da, eta emakumeen kasuan, 5 puntuan. Tumore gehienetarako, emakumeen biziraupen-ehunekoa altuagoa da.
  • Diagnostikoaren ondoko 5 urteetan estandarizatutako biziraupen-tasa, 2012an, Euskadin, % 52,2koa izan zen gizonetan, eta % 59,9koa emakumeetan.

 

Jon Darpón Osasun sailburuak, Iñaki Berraondo Osasun sailburuordearekin batera, gaur goizean, Bilbon, 2000-2012 Minbiziarekiko biziraupena Euskadin azterlana aurkeztu du, Euskadin tumoreen biziraupen-indizeen berri emateko.

Osasun sailburuak esan bezala, ikerketa horren ondorio nagusia da 2000. urtetik minbiziarekiko biziraupenak orokorrean gorakada esanguratsua izan duela, biziraupenak gora egin duela minbiziaren eraginpean dauden pertsonetan, Espainian eta Europar Batasunean dagoen batez bestekoaren gainetik.  Datuen arabera, emakumeek biziraupen-ehuneko altuagoa dute.

Horrela, diagnostikoaren ondoko 5 urteetan estandarizatutako biziraupen-tasa, 2012an, Euskadin, % 52,2koa izan zen gizonetan, eta % 59,9koa emakumeetan. Europarako kalkulatu den zifra baino altuagoa; Europak 5 urteko biziraupen erlatiboa izan zuen tumore guztietarako, eta antzeko aldia, % 50,3 gizonetan eta % 58 emakumeetan. Estatuari dagokionez, Espainiako biziraupen-tasa ere % 48,9tik beherakoa da gizonetan eta % 58tik beherakoa emakumeetan.

Gainera, datuen arabera, aztertutako aldia laurtekoetan banatzen badugu eta aztertutako lehen aldia (2000-2004) eta hirugarren aldia (2010-2012) erkatzen baditugu, tumore guztietarako ikusiko dugu biziraupena areagotu egin dela gizonetan eta emakumeetan, bai diagnostikotik urtebetera, bai 5 urtera.

Gizonetan, 5 urterako biziraupena 6 puntuan % 49,2koa lehen eta % 55,2koa orain hazi da, eta emakumeen kasuan, 5 puntuan % 57,1ekoa lehen eta % 62,4koa orain.

Tumore-moten arabera, txostenak nabarmentzen du bi sexuetarako koloneko eta ondesteko minbizian izan den biziraupenaren gorakada; 8 puntu hazi da gizonetan (% 56,1ekoa lehen eta % 64,4koa orain) eta 9 puntu emakumeetan (% 56,9koa lehen eta % 65,8koa orain). Beste minbizi batzuetan, biziraupenak altua izaten jarraitzen du, urte batzuetatik hona, besteak beste: bularreko minbizia (ia % 86) eta prostatako minbizia (% 91). Halaber, hobekuntzak antzeman dira pronostiko txarreko tumoreetan, besteak beste, biriketako minbizian.

Datuak adinen eta bizilekuaren (ESI) arabera egokitzean, tumore batzuetan hiltzeko gehiegizko arriskuak murrizketa esanguratsua izan duela ikusten da. Gizonetan, hiltzeko arriskuak behera egin du nabarmen aho-barrunbeko eta faringeko, urdaileko, pankreako eta gibeleko minbizietan eta plasmozitoen minbizian. Emakumeetan, hiltzeko arriskuak behera egin du nabarmen biriketako, gibeleko, bularreko, uteroko eta giltzurruneko minbizietan.

Jon Darpónek azaldu duen bezala, azterlan honek, datu horiek emateaz gainera, aukera eman behar du minbiziari heltzeko garatu diren estrategiak eta plan integralak balioesteko, bai eta gaixotasunaren bilakaera eta Osakidetzan urteetan zehar izan diren aurrerapen diagnostikoen eta terapeutikoen eraginkortasuna ezagutzeko ere.

Osasun sailburuaren hitzen arabera, azterlanetik ondorioztatzen den bezala, minbiziak, oro har, gaur egun, sendatze-ehuneko altuak ditu, eta, sarritan, gaixotasun kroniko bilakatzen da, diagnostiko goiztiarrean, terapia pertsonalizatuetan eta minbiziaren aurkako borrokan aurrera egiteko aukera emango digun ikerketan eginiko aurrerapenei esker.

Hori guztia, esan du sailburuak, biziraupeneko hobekuntza, prebentzioa, diagnostiko goiztiarra, tratamendu berriak eta abar, urte hauetan zehar, baliabideak hornitzeko eta inbertitzeko eta Osakidetzako profesionalek antolatzeko eta inplikatzeko egin den etengabeko ahaleginari esker lortu da; Osakidetzako profesionalei eskertu die hainbat eremutan egin duten lan bikaina.

Osasun Sailaren eta Osakidetzaren konpromisoa esan du hobetzen jarraitzea eta minbiziari aurre egiteko aurrera egiten jarraitzea dela; izan ere, gaur egun, oraindik, gure gizartean eragin handia duen gaixotasuna da. “Gure helburua heriotza-tasa murriztea da, biziraupena areagotzen jarraitzea eta paziente onkologikoari ahalik eta arreta hobea eskaintzea”.

Horretarako, paziente onkologikoari kalitateko arreta ematearen aldeko apustua egiten jarraituko dugu, modu integralean aurre egitearen eta tratamendu pertsonalizatuaren aldekoa; horretarako, prebentzio-politikei eta baheketarako eta diagnostiko goiztiarrerako programei eutsi eta horiek sendotuko ditugu, izan ere, inbertsioa da, berdintasun-baldintzetan, osasun-maila handiagoetara iristeko.

Horrela, sailburuak iragarri du uda baino lehen abian jarriko dela umetoki-lepoko minbiziaren detekzio goiztiarraren Programa, 21 eta 65 urte bitarteko emakumeei zuzendua, tumore horrengatiko heriotza-tasa murrizteko.

Halaber, ikerketa-proiektuak sustatzen jarraituko da, Osasun Sailak asistentzia-arloan dituen ekimenekin eta estrategiekin bat etorriz, eta horiek Euskadiko Plan Onkologiko Integralean eta minbiziaren prebentzioan batuko dira, 2013-2020 Osasun Planaren esparruan; bizi-ohitura osasungarriak sustatzea jarraituko da, jarduera fisikoa eta elikadura osasungarria sustatzeko programekin, eta alkoholaren, tabakoaren eta abarren inguruan esku hartzen jarraituko da, arrisku-faktore nagusiak saihesteko.

“2000-2012 Minbiziarekiko biziraupena Euskadin” azterlana, zenbait hilabetez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko, Osakidetzako, Onkologikoako, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) eta Epidemiologia eta Osasun Publikoko CIBEReko profesionalen talde batek egin du.

Urtarrilean amaitu zen eta 2000-2012 aldian diagnostikatutako minbizi inbaditzaileak aztertu ditu, Euskadiko 14 urtetik gorako herritarretan, Minbiziaren Herritarren Euskal Erregistroaren datuekin (% 100eko babesa du).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak