
Eusko Jaurlaritzak bat egin du Safer Internet Day-rekin, Internet seguruago erabiltzeko jardunbide egokiak jasotzen dituen ikus-entzunezko lehiaketaren III. edizioarekin
- Jardunaldia Europako Batzordeak sustatzen du eta, jardunaldi horren bidez, adingabeen babesa sustatu nahi da, sareko mehatxuen aurrean.
- Lehiaketaren bidez, parte-hartze kolektiboa sustatzen da eta Interneten, gailu mugikorren eta sare sozialen erabilerari buruzko hausnarketa egin nahi da
Vitoria-Gasteiz, 2018/02/05
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Safer Internet Day Lehiaketaren III. edizioa deitu du, Europar Batasunaren Safer Internet Programaren esparruan. Helburua gazteen artean Interneten erabilera segurua eta arduratsua sustatzea da eta, horretarako, ikus-entzunezkoak sortzea, honako lema honen pean: ‘Sortu, konektatu eta partekatu errespetua:Internet hobea izateko, izan zu abiapuntu’.
Eusko Jaurlaritzak, aurten ere, Europako Batzordeak sustatutako Safer Internet Day-arekin bat egingo du; jardunaldi horren bidez, Interneten eta teknologia berrien erabilera arduratsua eta segurua sustatu nahi da, batik bat ume eta nerabeen artean. Safer Internet Day-a urtero egiten da, bigarren hileko bigarren asteko bigarren egunean.
Lehiaketa horrez gainera, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak adingabeen babesa sustatzen du, Interneten mehatxuen aurrean, beste neurri batzuen bitartez. Horrela, egON LINE izeneko gida pedagogikoaren atzean dago, DBHko 1. eta 2. mailetako geletan teknologia berrien hezkuntzan lantzeko eta, halaber, 2016an onlineko gida argitaratu zuen: “Internet eta Teknologia Berriak. Hitz egingo dugu familiartean?”. Gida horretan, oinarrizko urratsak ematen zaizkie gurasoei, seme-alabak teknologia berrien erabilera arduratsuan eta seguruan hezteko orduan kontuan hartu beharreko alderdi batzuen inguruan.
Lehiaketa
Aurreko urteetan bezala, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak ume eta nerabeen artean ikus-entzunezko lehiaketa bat antolatu du; Safer Internet Day Lehiaketaren hirugarren edizioa. Lehiaketa Lehen Hezkuntzako 3. mailaren eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailaren arteko mailaren batean ikasten ari diren adingabeei zuzentzen zaie, heldu baten laguntzarekin. Kalitate teknikoaren edo artistikoaren gainetik, mezua baloratuko da, hausnarketak egiteko gaitasuna, hizkuntzaren erabilera eta berdintasunean oinarritzen den parte-hartzea, bai eta aurkeztutako proposamenaren orijinaltasuna ere.
Aurreko bi edizioetan bezala, Gobernuak amaierako gala antolatuko du eta, bertara, adingabe parte-hartzaileak gonbidatuko ditu eta, bertan, sarien banaketa egingo da. Aurten, Gobernuak Lakuan, Gasteizen, duen egoitzan izango da, maiatzaren 18an.
Lehiaketak parte-hartze kolektiboa sustatzen du. Ikastetxeek parte har dezakete, ikasgelek eta/edo astialdiko taldeek, gehienez 25 pertsonako taldeetan. Iaz, bigarren edizioan, ikus-entzunezko 41 proiektu egon ziren; guztira hamabi ikastetxe eta aisialdi-talde aurkeztu ziren. Guztira, 344 adingabek parte hartu dute. 2016an, ikastetxe eta aisialdi-taldeen 42 proiektuk parte hartu dute.
Edozein arte-adierazpen edo -diziplina onartuko da (musika, antzerkia, dantza, performancea, mannequin challenge-a…), baina, betiere, ikus-entzunezko formatuan aurkeztu beharko da (irudiak eta soinua). Proiektuek, gehienez, 2:30 minutu iraungo dute. Bi kategoria egongo dira: Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailen arteko adingabeentzako kategoria; eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 4. mailen arteko adingabeentzako kategoria.
Bihar, asteartea, Safer Internet Day-aren egun berean, epea irekiko da izena emateko, eta epea zabalik egongo da, apirilaren 24ra arte. Ikus-entzunezko proiektuak Youtubera igo beharko dira, lehiaketaren epean, eta, gainera, parte hartzen duten taldeek beren datuak honako helbide elektroniko honetara bidali beharko dituzte: saferinternetday@euskadi.eus. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Youtube kanala sortu du (SAFERINTERNETDAY EUSKADI) eta, bertan, aurkeztutako proiektu guztiak jasoko dira. Oinarriak hemen: www.euskadi.eus/zeukesan.