Berriak Lehendakaritza
Eu

Iñigo Urkullu Lehendakariak sokatirako, kayak surfeko eta one wall-eko selekzio ofizialei egin die harrera; guztiak dira munduko txapeldun

2018.eko otsailak 06

Lehendakaritzan izandako ekitaldi honetan, nabarmendu du kirolak duen ahalmena mugak gainditzeko eta Euskadi nazioartekotzeko

Iñigo Urkullu Lehendakariak sokatirako, kayak-surfeko eta one wall pilota-modalitateko euskal selekzioetako ordezkariei egin die harrera gaur. Hiru selekzio horiek ofizialki lehiatzen dira dagozkien diziplinetan eta hiru kasuetan izan dira, azken boladan, munduko txapeldun. Lehendakariak txalotu egin du ahalegina eta eskerrak eman dizkie Euskadiren enbaxadore izatearren munduan.

Selekzio horietako berrogeita hamar ordezkari inguru izan dira Lehendakaritzan antolatu den harrera-ekitaldian; bertan, gainera, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria izan dira. Lehendakariak kirolari hauen lorpenak nabarmendu ditu. “Badakigu zuon lorpenetarako, hileetako eta urteetako entrenamendua, dedikazioa eta ahalegina behar izan dituzuela, bai pertsonala, bai kolektiboa. Lanak etekinak izan ditu, eta zuon poztasuna partekatu eta lortu duzuen garaipenaren garrantzia aitortu nahi izan dugu. Zuon arrakasta, gainera, esanguratsua da: Euskadiren ordezkari gisa eta era ofizialean lortu duzue”, esan du.

Gainera, Lehendakariak nabarmendu du kirolak nolako garrantzia duen Euskadiren irudia nazioartekotzeko. “Kirolak gaitasun ikaragarria du mugak gainditzeko, eta badakigu munduari Euskadi erakusteko pasaporterik onenetakoa izan daitekeela”, esan du. Zupiria sailburuak, bestalde, esan du nahiko lukeela kirol-federazio gehiago animatzea ofizialtasunaren alde lan egitera, “kontuan izanik bidea erraza ez dela, baina Eusko Jaurlaritza bidelagun izango dutela”.

Herri Kirolen Euskal Federazioak, 2014an, sokatirako selekzioaren ofizialtasuna lortu zuen, modalitate horretan nazioarte-mailan lehiatzen da eta. 2016an, Suediako Malmö hirian, gizonezkoen selekzioa munduko txapeldun izan zen 580 kiloko kategorian, eta emakumezkoen selekzioa, txapeldunorde. Euskadiko kayak surf selekzioa ere ofizialtasunez lehiatzen da, nazioarte-mailan, eta, aurtengo udazkenean, Ipar Irlandan taldekako munduko txapelketan garaipena lortu zuen, eta, gainera, 13 domina indibidual lortu zituen. Hori kayak surfeko Euskal Selekzioaren munduko bosgarren txapelketa izan zen.

Azkenik, Euskadiko selekzioak, pasa den azaroan, Esku Pilotako Nazioarteko Konfederazioaren (CIJB) Munduko Txapelketaren IX. edizioan parte hartu zuen; Kolonbian izan zen. Bertan, one wall modalitatean, munduko txapeldun izan zen (bi domina lortu zituen); hori izan zen lehiatu zen hiru pilota-diziplinetako bat.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak