Eu

Gobernu Batzordeak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2018-2020rako Diru-laguntzen Plan Estrategikoa onartu du, eta 49 laguntza-lerro jaso ditu (Gobernu Bilera 2018-02-06)

2018.eko otsailak 06

 Kultura Sailburuordetzak eta Etxepare Euskal Institutuak 34 deialdi kudeatuko dituzte

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2018-2020rako Diru-laguntzen Plan Estrategikoa. Agiria kudeaketa-tresna programatikoa da, eta kulturari, euskararen sustapenari eta kirolari laguntzeko politika publikoak planifikatzeko erabiliko du Sailak. Agiriak Sailaren kudeaketa-arlo ezberdinetatik deituko diren diru-laguntzen deialdiak jasotzen ditu. Orotara diru-laguntzen 49 deialdi egingo dira, eta banatuko dira Kultura Sailburuordetzaren (34), Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (10) eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren (5) artean.

Kultura Sailburuordetzarekin lotutako diru-laguntzen 34 deialdiak honela banatuko dira: 17k kulturaren eta kulturako diziplina ezberdinen sustapenarekin dute zerikusia, 10ek kultura-ondarea babestearekin eta 7 Etxepare Euskal Institutuak kudeatuko ditu, euskal kultura atzerrian sustatzearekin lotuta baitaude. Hizkuntza Politikako 10 deialdietako 4 HABE-Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Institutuak Kudeatuko ditu, 3 Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak, 2 Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak, eta, azkenik, bat Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzak. Hirugarrenik, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak zuzenean kudeatuko ditu lau diru-laguntza deialdi, eta Basque Team Fundazioa, berriz, deialdi bat kudeatzeaz arduratuko da.

Kultura Sailburuordetzaren jarduera-esparruaren kasuan, honakoak dira diru-laguntza deialdien helburu estrategikoak:

  • Kultura ondarea balioztatzea eta zabaltzea.
  • Euskadiko Museo Sistema garatzea.
  • Artxiboen Euskal Sistema garatzea.
  • Liburutegien Euskal Sistema garatzea.
  • Kultura eta Sormen Industriak (KSI) sustatzea
  • Euskal sorkuntza sarea indartzea.
  • Aukera berdintasuna sustatzea.
  • Kultura politikak partekatzea.
  • Euskara eta euskal kultura Euskaditik kanpora sustatzea.

Hizkuntza Politikari dagokionez, hauek dira helburuak:

  • Euskararen erabilera gizartean.
  • Euskara hedabideetan.
  • Euskara ingurune digitalean.
  • Euskararen erabilera alor sozioekonomikoan.
  • Helduen euskalduntzea.

Azkenik, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak sustatutako diru-laguntza deialdien helburuak hauek dira:

  • Kirol Federazioak finantzatzea.
  • Euskadi gizarte aktiboagoa izatea.
  • Goi-mailako kirola eta kanpora begirako proiekzioa (Basque Team).
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko