Eu

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailak hitzarmena sinatuko du estatuko enplegu zerbitzuarekin, Euskadiko langabeek Prepara Planean sartzeko aukera izan ditzaten (Gobernu Bilera 2018-02-06)

2018.eko otsailak 06

Artolazabal sailburuak, gaur, Gobernu Kontseiluan, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren artean adostutako hitzarmena azaldu du; horren bidez, langabezia-babesa agortzen duten pertsonen Lanbide Prestakuntza Eguneratzeko Programan aurreikusten diren laguntzak emateko eta ordaintzeko kudeaketa arautzen da.

Akordioaren helburua da salbuespenez eta denboran mugatuta esleitzea Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari langabezia-babesa agortzen duten eta egoitza Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean duten pertsonen Lanbide Prestakuntza Eguneratzeko Programan aurreikusten diren laguntzak emateko eta ordaintzeko kudeaketa, hitzarmen hau indarrean sartzen denetik eta 2018ko apirilaren 30era arte.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eginiko kudeaketa urriaren 6ko 14/2017 Errege Lege Dekretuan (langabezia-babesa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa ohiz kanpo eta aldi jakin baterako berraktibatzea onartzen duena) eta programa hori arautzen duen indarreko gainerako araudian ezarritakora egokituko da.

Aurrekariak

PREPARA Lanbide Prestakuntza Eguneratzeko Programarako laguntzak otsailaren 11ko 1/2011 Errege Lege Dekretuak (Enplegu egonkorrerako trantsizioa sustatzeko eta langabeen lanbide-prestakuntza eguneratzeko premiazko neurriei buruzkoa) ezarri zituen. Programa horrek, egoeraren arabera, langabezia-babesa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza programa sartzen du, enplegu-politika aktiboetako ekintzetan eta laguntzarako diru-laguntza jasotzean oinarritzen dena.

Lan-merkatuaren egoera kontuan hartuta, urtarrilaren 25eko 1/2013 Errege Lege Dekretuak programa luzatzen du. Bigarren xedapen gehigarrian programa horren indarraldiaren luzapen automatikoa ezartzen du, elkarren segidako sei hileko aldietan, betiere langabezia-tasa, Estatuan luzapenaren egunaren aurretik argitaratutako Biztanleria Aktiboaren azken Inkestaren arabera, % 20tik gorakoa bada.

Gero, apirilaren 15eko 1/2016 Errege Lege Dekretuak Enplegurako Aktibazio Programa, bigarren xedapen gehigarrian (urtarrilaren 25eko 1/2013 Errege Lege Dekretua aldatu da), luzatu egin du, eta ezartzen du programaren luzapen automatikoa gertatuko dela, elkarren segidako sei hileko aldietan, betiere langabezia-tasa, Biztanleria Aktiboaren azken Inkestaren arabera, % 18tik gorakoa bada.

Euskadin, ordea, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuaren bidez, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren eremuan egiten duen lan-legeria betearazteko funtzioak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzea ezartzen du.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak beti uste izan du Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari programa horren laguntza osagarriaren kudeaketa eta finantzaketa esleitzeak urratu egiten duela eskumenen banaketa Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatuaren artean, eta horrek urtarrilaren 25ko 1/2013 Errege Lege Dekretuaren konstituzio-kontrakotasuna oinarritzen duela. Hori dela eta, konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa jarri zen, Errege Lege Dekretu horren agindu batzuen aurka.

Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 25ko 1/2013 Errege Lege Dekretuaren aurka aurkeztutako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa dela-eta Konstituzio Auzitegiak 2017ko uztailaren 20an eman zuen 100/2017 Epaiak ezartzen du langabezia-babesa agortu duten pertsonei laguntzeko diru-laguntza Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatzeak hautsi egiten duela enpleguaren arloan eskumenen banaketaren ordena konstituzionala.

Programaren eskumenen esparrua aztertuta, datu batek egoera oso garrantzitsua eragiten du, eta jarraian zehaztuko da.

2017 ekitaldian, ekonomiak eta enpleguak etengabe gora egin izanaren ondorioz, Estatuko langabezia-tasa % 18tik beherakoa da. Premisa horrekin, Prepara planak pasa den abuztuaren 15ean amaitu zuen indarraldia, eta ezin da automatikoki berritu, aurreko edizioetan bezala.

Testuinguru horretan eta programak aurrera jarraitu duela ziurtatzeko dagoen beharra aintzat hartuta, langabezia-babesa agortu duen kolektiboari kalterik ez eragiteko eta autonomia-erkidegoek laguntza ekonomikoen kudeaketarekin jarraitu ahal izateko, kontuan izanik laguntza horiek kudeatzeko administrazio eskudunak direla, 2017ko irailaren 18an eginiko Enpleguko eta Lan Gaietako Sektore Konferentzian beharrezkotzat jo zen, ohiz kanpo eta denboran mugatuta, langabezia-babesa agortzen duten pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa berreskuratzea. Sektore-mahai horretan, salbuespenez Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari laguntzarako diru-laguntza emateko eta ordaintzeko funtzioak esleitzea erabaki zen.

Gaur egun, urriaren 6ko 14/2017 Errege Lege Dekretuak, 2017ko abuztuaren 16tik aurrera eta 2018ko apirilaren 30era arte ondorioak izanik, langabezia-babesa agortzen duten pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa ohiz kanpo berriro aktibatzea onetsi du, enplegu-politika aktiborako eta laguntzarako diru-laguntzako neurriak jasotzen dituen programa nazional berezi gisa.

Langabezia-babesa agortzen duten pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa 2.400 edo 2.700 euroko laguntza da (familia-kargak egonez gero), langabe bakoitzagatik, eta hilean 400 edo 450 euroko 6 pagetan kobratzen da. Onuradunak iraupen luzeko langabea izan behar du, enplegu-eskatzaile egoeran egon behar du gutxienez azken 18 hileotako 12 hilean edo familia-erantzukizunak izan eta ezarritako eskakizunak bete beharko ditu.

Horrela, programa honen onuradun izan ahalko dira lan-harremana iraungitzeagatik langabezian dauden pertsonak eta Enplegu Bulegoetan enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta daudenak, baldin eta, 2017ko abuztuaren 16tik 2018ko apirilaren 30era, biak barne, kontribuzio-mailako langabeziagatiko prestazioa agortu badute edo agortzen badute eta urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Gizarte Segurantzako Lege Orokorreko testu bateginean ezarritako edozein langabezia-sorospen jasotzeko eskubiderik ez badute, edo sorospen horietakoren bat agortu badute, luzapenak barne; pertsona horiek, eskabidearen unean, gainera, aurretik aipatutako baldintzaren bat bete beharko dute.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko