Gobernuak Bizikidetzako eta Giza Eskubideetako plana, iaz onetsi zenetik, neurri handian bete dela egiaztatu du (Gobernu Bilera 2018-02-06)
Gobernu Kontseiluak gaur izan du Eusko Jaurlaritzaren 2017-2020 Bizikidetzako eta Giza Eskubideetako Planaren segimenduaren urteko txostenaren berri; bertan, 2017an bertan jaso diren ekimenen kudeaketaren eta betearazpenaren balantzea jaso da, bai eta 2018rako erronka nagusiak ere.
Horrela, iazko urrian Plana onetsi zenetik, arduradunen ahalegin nagusia Planean bertan ezarritako lan-egutegiaren arabera aurreikusitako ekimenak abian jartzea izan da.
Zehazki, dokumentuan jaso diren 15 ekimenetatik, 11ren betetze-maila % 100koa izan da, 2017rako egutegiko konpromisoei dagokienez; 3k % 80ko betetze-maila izan dute eta, batek, % 60koa. Nabarmendu behar da % 100ean bete diren ekintza guztiak direla zuzenean Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritzaren ekintzaren mendekoak direnak. Hori horrela, Gobernuarentzat Planaren betetze-mailak balorazio ona merezi du.
2018RAKO ERRONKA NAGUSIAK
2018. urte honetarako, eta kontuan hartuta euskal egoera soziopolitikoa, Planaren jarduera-planak zehaztasunez definitzen ditu egin beharreko jarduketak, honako erronka nagusiei erantzuteko:
1. ETAren alde bakarreko desegite eraginkorra eta behin betikoa gerta dadin laguntzea, eta terrorismoak eta indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketak ekarri duen kaltearen justiziarik ezari buruzko hausnarketa kritikoaren prozesu partekatua sustatzea.
2. Terrorismoaren biktimekin elkarrizketaren, lankidetzaren eta akordioaren eremuetan sakontzen jarraitzea, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluaren eta AVTrekiko lankidetza-akordioen bidez.
3. Memoriaren politika publikoen sustapenean ahalik eta adostasun handiena sustatzen jarraitzea, GOGORA institutuaren jarduera-programen bidez.
4. Giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko 12/2016 Legearen legezkotasuna eta konstituzionaltasuna defendatzea eta legean aurreikusten den Balorazio Batzordea abian jartzea, etenda ez dagoen guztian aurreikuspenak garatzeko, Espainiako Gobernuak jarritako errekurtsoari buruzko irizpena eman arte Konstituzio Auzitegiak.
5. Espainiako Gobernuarekin, Frantziako Gobernuarekin eta parlamentuko taldeekin akordioak sustatzea, espetxe-politikari beste orientazio bat eman ahal izateko, hurbiltzeari eta erantzun humanitarioei dagokienez, bai eta gizarteratzeko politika aktiboak legalki garatu ahal izateko dekretuaren oinarriak adosteko ere.
6. Bizikidetzan agertzen doazen erronkei erantzuteko ekimenak abian jartzea. Besteak beste:
- Errefuxiatuek bizi duten krisi humanitarioari erantzuteko esparru-dokumentuaren garapena
- Garapenerako Lankidetzaren 2018-2021 Zuzendaritza Planaren onespena
- Kulturako Zentroen Legearen onespena
- Erlijioen arteko Euskal Kontseiluaren sorrera
- Erlijio-izaerako nazioarteko terrorismoaren aurrean Jarduera Planaren gainerako aurreikuspenak abian jartzea.
7. Bizikidetzaren eta giza eskubideen hezkuntza eta kultura sustatzeko eremuan jarduketak garatzea.
Hezkuntza-eremuan, bi aurreikuspen:
- Aieteko Giza Eskubideen Baliabide Pedagogikoen Zentroa sortzea.
- Hezkuntza-proiektuak, besteak beste, biktima hezitzaileen Adi adian Modulua unibertsitate-eremura zabaltzea.
Bizikidetzaren eta giza eskubideen kultura sustatzeko eremuan, nabarmendu beharrekoa da Giza Eskubideen 70. urteurrena ospatzeko euskal kanpainaren erakunde arteko sustapena; bertan aipatzekoa da azaroko nazioarteko kongresua.