Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Euskadiren irudia eraikitzeko eginkizun “aktiboa” eman die kanpoan bizi diren euskal herritarrei

2010.eko abenduak 27

Enpresa, finantza, osasun, kultura, unibertsitate eta lankidetza arloetako profesionalak eta Euskal Etxeetako kideak Lehendakaritzan elkartu dira gabonen harira

Kanpoan bizi diren euskal herritarrei Lehendakaritzan gabonetan urtero egin ohi zaien harrera ekitaldiak Patxi López lehendakaria izan du buru. Topaketara beste herrialde batzuetan bizi diren enpresa, finantza, osasun, kultura, unibertsitate eta lankidetza arloetako pertsonak bertaratu dira, baita munduan barreiatutako Euskal Etxeetako kideak ere. Haien artean zen Javier Aguirresarobe argazki zuzendaria. Aguirresarobek ezin izan du, aurten, Euskal Herritar Unibertsalaren saria jaso, Ameriketako Estatu Batuetan errodatzen ari zen eta. Lehendakariak eskerrak eman dizkie kanpoan bizi diren euskal herritarrei “harrotasunez” zabaltzen dutelako Euskadiren izena, eta dei egin die Euskadiren irudia munduan eraikitzeko “eragile aktiboak” izan daitezen. “Euskal herritarrok badakigu indarrak batzen; hori bera egin dugu krisi gogorra ekarri duen urte honetan. Euskadi modernitate global berriari aurre egin nahi dion herrialde bat da. Mundu ireki batean euskal herritar izaten jarraitu nahi dugu. Eta zuek ezinbestekoak zarete horretarako”, nabarmendu du.

Gabonek Euskadira itzultzeko eta senideekin egoteko aukera eman diete kanpoan bizi diren euskal herritar askori, elkartzeko garaia baitugu honako hau. Horri esker, Eusko Jaurlaritzak Euskaditik kanpora bizi direnei egin ohi dien harrera ekitaldian izan dira haietako asko. Enpresa, kultura, lankidetza edo oso ezberdinak diren beste arlo batzuetako ehunka lagun elkartu dira Lehendakaritzan. Munduan Euskadiren irudia eraikitzeko egiten duten lana aitortu die Jaurlaritzak. Patxi López lehendakariak nabarmendu duenez, “modernitate global berrian” txertatutako Euskadi eraikitzeko, garrantzi handia dute kanpoan bizi diren euskal herritarrek. “Euskadi modernitate global berriari harro aurre egin nahi dion herrialde bat da. Mundu ireki batean euskal herritar izaten jarraitu nahi dugu. Eta zuek ezinbestekoak zarete horretarako”, nabarmendu du.

Enpresa, kultura, lankidetza eta beste arlo batzuetako eta Euskal Etxeetako 200 bat lagun elkartu dira Eusko Jaurlaritzak kanpoko euskal herritarrei egiten dien harrera ofizialean. Patxi López lehendakariak eta Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak parte hartu dute ekitaldi honetan eta, besteak beste, COOPERA Gobernuz Kanpoko Erakundeak Kongoko Errepublika Demokratikoan egiten duen lana zein  Solidaridad Internacional-ek Nikaraguan egiten duena (lehendakariak Alfonso Peña langile boluntarioarekin hitz egin du; Managuan dago Peña) goraipatu dute. Eduardo Iturbe duela bi hamarkadatatik AEBetan bizi den eta INTEL-USA enpresan lan egiten duen gasteiztarrak eta Javier Arias BBVAk Europa erakundeetan duen ordezkariak ere hartu dute parte.

Javier Aguirresarobek, 2010eko Euskal Herritar Unibertsalaren saridunak, protagonismo berezia izan du, ezin izan baitzuen saria jaso AEBetan lanean ari zelako, eta zorra kitatu du, beraz.

Hitzaldian, lehendakariak Euskadi nazioartean errekonozitu dezaten eginkizun “aktiboa” izatea eskatu die kanpoan bizi diren euskal herritarrei; izan ere, adierazi duenez, “zuek zarete Euskadiren irudia munduan eta beraz, gure enbaxadorerik onenak”. Lópezek Irekia webgunearen eta Etxepare institutuaren balioa nabarmendu du, “hemengo eta hango euskal herritarren artean zubiak eraikitzeko tresnak baitira”, eta pertsona horiek kanpoan egotea “harremanetarako etorkizuneko iturri gisa” aprobetxatu beharra dagoela gaineratu du, “Euskadi mundura irekitzeko: ekonomiaren garapenerako, gizartearen ongizaterako, turismoa bultzatzeko, baita indarkeriari zilegitasuna kentzeko ere”. “Aurrerapausoak ematen ari gara terrorismoa bukatzeko eta denen askatasuna sendotzeko. Euskal herritar ezberdinen arteko elkarbizitza nabarmentzen ari gara, non denek eskubide berak dituzten. Eta are Euskadi indartsuagoa eraiki behar dugu, kohesio eta batasun handiagoa duena”.

Lehendakaria ziur da Euskadi aldatzen ari dela eta adierazi du Euskal Autonomia Erkidegoak ezin duela modernitatearen trena galdu; aitzitik, ekonomia berriaren eta globalitatearen aukerak aprobetxatu behar dituela. “Ahotsa izan nahi dugu, eta kontrolik gabeko botereak geldiaraziko dituen gobernatze demokratiko mundial bat nahi dugu”, bukatu du. Lópezek Euskadi “nahasten” duten eztabaidak kritikatu ditu -“euskal herritarra izatea zer den eta zer ez den”-, eta aberastasunik handiena pluraltasunean dagoela esan eta euskal herritarrek “Manhattanen, Txinan, Bruselan edo Nikaraguan izandako arrakasta pertsonalen” adibidea jarri du. “Eredu zarete guretzat”, gaineratu du.

Azkenik, kanpoan bizi diren euskal herritarren laguntza eskatu du Lópezek “Euskadi lehiakorra, profesionala, solidarioa, sortzailea, munduari irekia eta harremanetarako gai dena” sortzeko, Euskadiren izena “harrotasunez” zabalduta.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria, Guillermo Echenique