Eu

Bilboko portuan Oizmendi ontziak GNL kargatzeko proba pilotua egin du, ontzi batetik bestera lehena Ardatz Atlantiko eta Mediterraneo osoan

2018.eko otsailak 03
  • ITSAS GASek bultzatu du Oizmendi ontziaren (lehen, Monte Arucas) egokitzapena, beste ontzi batzuk gas natural likidotuz (GNL) hornitzeko. Energiaren Euskal Erakundeak (% 49), Naviera Murueta enpresak (% 25,5) eta Ibaizabal Finantza Taldeak (% 25,5) partaidetza dute ITSAS GASen.
  • Europako Batzordearen Core LNGas Hive europar proiektuaren esparruan kokatu behar da ekimena, Bilboko Portu Agintaritzaren parte hartzearekin batera. Proiektu horrek ontzi-sektorean gas naturala bultzatu nahi du, eta 4,5 milioi euroko ekarpena egingo du Euskadin GNL ezartzeko proiektuetarako.
  • Gas naturala erregai garbiagoa da itsas garraioarentzat, gaur egun motorretan erruz erabiltzen diren fuel-olioa eta gasolioa baino.
  • GNLak bultzatutako flota % 20 hazten ari da urtean, gutxi gorabehera, eta hori aukera bikaina da Euskadin teknologia propioa garatzen ari diren ontziolentzat, baita euskal itsas bidea ontzi eraginkorrago horiek hornitzeko gai den gune gisa indartzeko ere.

Energiaren Euskal Erakundeak, Eusko Jaurlaritzaren energia-agentziak, Remolcadores Ibaizabal eta Naviera Murueta enpresek partaidetutako ITSAS GAS sozietateak ontzi batetik bestera Gas Natural Likidotua transferitzeko egiten den lehen proba gauzatu du Bilboko portuan, proba pilotu batean.Lehen aldia da GNL bunkeringa  esaten zaionaren eragiketa hori Arku Atlantiko osoan egiten dena, eta egundoko aurrerapausoa ekarriko du ontzi-sektorean energia-hornidura garbiagoa izateko eta petrolioaren deribatuen gehiegizko mendetasuna arintzeko bidean.

Energiaren Euskal Erakundeko presidente eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantza Tapia andreak, EEEko zuzendari nagusi eta ITSAS GAS sozietateko presidente Iñigo Ansola jaunak eta Bilboko Portu Agintaritzako presidente Asier Atutxa jaunak parte hartu dute aurkezpen ekitaldian. Tapiaren esanetan, ontziak hornitzeko zerbitzu berriari esker, “Europan erreferentzia gisa kokatuko gara itsas garraio iraunkorraren alorrean”, euskal portuak gasa hartzeko erreferentziazko bide gisa kokatuz.

GNLen 90 m3 inguru bideratzeko proba pilotu hau, birmoldatutako Oizmendi ontzitik Bilboko portuan amarratuta dagoen iragaitzazko zementu-ontzi batera —Molgas merkaturatze-enpresaren bezeroa eta GNL bidezko Bunkering eragiketan esperientzia handia duena— egin da erregai-karga. Horrela, gas-hornidurako zerbitzu berri bati hasiera eman zaio gas naturalarekin diharduten ontzientzat, Europako portuetan erregaia hartzeko guneen sarea eskasa dela kontuan hartuta.

Gauzak horrela, itsas eremuan GNL ezartzeko hiru proiekturen buruan dago Euskadi. Europako Batzordearen funtsak jasoko dituzte, Core LNGas Hive proiektuaren bitartez. Zehazki, Bruselak 4,85 milioi euro jarriko ditu ITSAS GAS sozietateak eta haren bazkideek teknologia berrien ezarpenean hasiera batean inbertitutako 9,7 milioietatik.Proiektu horrek honako hiru mugarri hauek dauzka:

1. Bahía de Bizkaia Gas birgasifikazio-instalazioaren pantalana egokitzea, ontzi txikiek instalazio horietatik gas likidotua kargatzeko aukera izan dezaten (dagoeneko burutu da).

2. GNL hornitzeko ontzia martxan jartzea. Ontzi batetik bestera kargatuko du erregaia portuan eta kanpoaldean, eta gaurtik aurrera egongo da indarrean.

3. Azkenik, gas natural bidezko atoiontzi bat egin eta abian jartzeko proiektua, Ibaizabal Finantza Taldea buruan duena. Ingeniaritza-prozesuan dago une honetan, eta atoiontzia egiteko lanak 2018an hasiko dira.

GNL hornitzeko ontzia

Oizmendi ontzia, lehen Monte Arucas izena zeramana, goitik behera eraldatu behar izan da, ohiko fuel-oil deposituekin batera bi GNL (gas naturala, -161 gradu zentigraduan hoztu dena bolumena 600 aldiz murriztu eta logistika errazteko) tanga handi hartzeko.

Erregai hori gero eta gehiago erabiltzen da itsas eremuan, petrolioaren deribatuen ekonomia- eta ingurumen-alternatiba delako. Lanak zazpi hilabetez egin dira Murueta ontziolan (Bunkering ontzi konbentzional bat GNL-ontzi eraldatzen lehen ontziola), eta, besteak beste, 300 m3-ko bi tanga jarri behar izan dituzte ontziak hornitzeko gasa biltegiratzeko. ITSAS GAS sozietateak 5,5 milioi euroko inbertsioa egin du eraldaketa horretan.

Iraunkortasuna itsas garraioan

Hornidura-katea garatzea ezinbesteko urratsa da gero eta ontzi gehiagok gas naturalarekin jardun dezaten lortzeko bidean, bidean erregaia hartzeko gune-sare nahikoa behar dela kontuan hartuta.Horretarako behar-beharrezkoa da GNL biltegiratzeko portu-instalazioak ezartzea, Euskadik Bahía de Bizkaia Gasen dauzkanak, adibidez, ontzi hornitzaile berriarekin batera Euskadi Ardatz Atlantikoko eta Iberiar Penintsulako itsas bide jasangarri gisa kokatzen dutenak, aukera logistiko berriak sortzeko eta portu-instalazioetara trafiko eraginkorra erakartzeko gai izango dena.

Gainera, euskal ontzioletan gas bidez diharduten hainbat ontzi mota egiten ari dira, eta horrek maila handia lortzea ahalbidetzen du garapen teknologikoari eta espezializazioari dagokienez, sektore hori munduko lehen mailan jarri ahal izateko alor horretan.

Oro har, ontzi-garraioak fuel-olioa eta gasolioa erabiltzen ditu bere motorretan, bi erregaiak ere petrolioaren deribatuak eta emisio-maila handien iturburuak izanik. Gas naturalak benetako alternatiba bat dakar. Motorren propultsioan antzeko errendimendua emanez, CO2 emisioak murriztea ahalbidetzen du, eta, hori gutxi balitz, beste kutsatzaile atmosferiko batzuk —NOx (nitrogeno oxidoa), SOx (sufre oxidoa) eta partikulak— murriztu eta guztiz deuseztatzen ditu.

GNLak munduan bultzatutako flota urtean % 15etik % 25era bitarte hazten ari dela kalkulatzen da, eta Europako zuzentarauek ere zeresana badute horretan, erregai fosilak kontsumitzen dituztenez sufreko eta beste kutsatzaile batzuetako emisio-maila handiak dauzkaten ontziei gero eta traba gehiago jartzen dizkietelako porturatzerakoan.

Europa eta Euskadi energia iraunkorraren alde lerrokatuta

Europar Batasunak petrolioaren deribatuen ordez ontziak bultzatzeko gas naturala erabiltzeari ematen dio lehentasuna, klima-aldaketaren eta toki-kutsatzaileen aurka borrokatzeko. Hain zuzen ere, Europako Batzordearen finantzaketa izan du proiektu horrek, CORE LNGas Hive ekimenaren esparruan. Garraio-sektorearentzat, eta bereziki itsas garraioarentzat, GNLaren kate logistiko, integratu, seguru eta eraginkor bat garatzea da ekimen horren helburua, eta horretarako aurreikusten du eskala txikiko hornidurarako eta ontzi batetik bestera hornitzeko azpiegiturak egokitzea.

3E2030 Euskadiko Energia Estrategiak, Europako zuzentarauekin bat etorriz, helburu jakin batzuk ezartzen ditu, petrolioaren deribatuen erabilera masiboan oinarritutako egoera batetik energia garbiagoetara igarotzeko bidean. Ildo horretan, zenbait erregai alternatibo sustatzen dira: batetik, elektrizitatea, errepideko garraioan, eta, bestetik, gas naturala, errepide bidezko salgaien garraioaren eta itsas garraioaren sektorean.

Petrolioaren erabilera murrizteko helburuen arabera, 2030. urterako 790.000 petrolio-tona baliokide gutxiago kontsumitzea lortu nahi da, hau da, % 26 gutxiago egungo egoeraren aldean, nagusiki garraio-sektorean jardunak eginez petrolioaren deribatuen mendetasuna pixkanaka arintzeko.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Asier Atutxa, Bilboko Portuko agintaritzaren presidentea