Eu

Artolazabal: “Langabeziaren igoera arina gorabehera, datuak gutxienez azken 15 urteetako urtarrilik hoberena utzi digu, baina, oraindik, lan egin nahi duten 128.326 lagun ditugu eta gizarte osoak lagundu behar die”

2018.eko otsailak 02
  • Lanbidek 128.326 lagun kontabilizatu ditu langabetzat; duela hilabete baino 779 gehiago, baina 2017ko urtarrilean baino 10.751 gutxiago
  • Langabeziak % 2,61 gora egin du emakumeen artean, eta gizonen artean, berriz, % 1,88 jaitsi da
  • EAEn sinatutako 7.236 kontratuetatik, guztizkoaren % 8,99 mugagabeak dira
  • Zerbitzuen sektorean langabeziak gora egin du; aldiz, industrian 560 langabe gutxiago daude, eraikuntzan 265 gutxiago eta lehen sektorean 57 gutxiago

Vitoria-Gasteiz, 2018/02/02

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek nabarmendu du gaur, azken hilabetean langabezia igo bada ere, “gutxienez azken hamabost urteetako urtarrilik hoberenean” gaudela.  Tradizioz, urteko lehen hilabetea ez da oso egokia izaten enplegurako, langabezia nabarmen hazten baita Gabonetako kanpainaren ondoren, eta beste faktore industrial eta sektorial batzuen ondorioz ere; eta, aurten, hazkundea erregistratukoetatik txikiena izan da. Lanbideren bulegoetan jasotako datuak —abenduan baino 779 lagun gehiago erregistratu dira langabetzat— aditzera ematen du langabeziaren igoera txikiena izan dela urteko lehen hilerako 2003tik gutxienez.

Zenbaki erlatiboetan, hazkundea % 0,61ekoa da. Guztira, Lanbidek 128.326 lagun kontabilizatu ditu langabetzat, duela hilabete baino 779 gehiago, baina duela urtebete baino 10.751 gutxiago (% -7,73). Hala, erregistratutako langabezia-indizea % 12,2koa da Euskal Autonomia Erkidego osorako urtarrila amaitu ondoren.

 “Urte berria hastearekin batera, langabeziak eragin handiagoa du emakumeengan”, adierazi du Artolazabal sailburuak. Zehazki, langabeziak % 2,61 gora egin du emakumeen artean, eta gizonen artean, berriz, % 1,88 jaitsi da. Urte arteko zenbakiei dagokienez, emakumeak okerrago ateratzen dira: gizonen langabezia % 10,95 jaitsi da eta, emakumeen artean, berriz, jaitsiera nabarmen txikiagoa da, % 5,10ekoa. “Egun, langabetzat erregistratutako pertsonen % 56,62 emakumeak dira EAEn”, nabarmendu du Artolazabalek.

 “Gabonaldiaren amaiera islatu egin da lan-merkatuaren portaeran. Izan ere, zerbitzuen sektoreak utzi digu lotutako langabezia handiena urtarrilean”, adierazi du Artolazabalek. Lanbiden, sektore horrekin lotutako 1.542 langabe gehiago daude duela hilabete baino. Aldiz, gainerako sektoreek balantze positiboa utzi dute: sektore industrialean 560 langabe gutxiago daude, eraikuntzakoan 265 eta lehen sektorean 57.

Urtaroarekin lotutako faktorea alde batera utzita, eraikuntzaren eta industriaren sektoreetan jaitsi da gehien langabezia Euskal Autonomia Erkidegoan azken hamabi hilabeteetan, lotutako langabeziaren % 16,53ko eta % 9,83ko beherakadaz, hurrenez hurren.

Lurraldeka, hiruretan igo da langabezia urtarrilean: Araban % 1,45 (300 langabe gehiago); Bizkaian % 0,64 (469 langabe gehiago); eta Gipuzkoan % 0,03 (10 langabe gehiago). Urte arteko saldoan, portaerarik onena, era berean, Gipuzkoari dagokio, % 10,17ko jaitsierarekin. Ondoren, Araba eta Bizkaia datoz, % 8,09ko eta % 6,45eko murrizketarekin, hurrenez hurren.

Azken hilabetean, iraupen luzeko langabeak 230 gehiago dira eta iraupen laburrekoak 549 gehiago. Gainera, 37.780 langabek (joan den hilabetean baino 1.657 gehiago) langabeziaren ondoriozko prestazioren bat kobratzen dute.

Kontratu mugagabe gehiago

Urtarrilean sinatutako kontratuen % 8,99 mugagabeak izan ziren. Guztira, 7.236 dira. Orotara, 80.523 lan-kontratu sinatu ziren EAEn urteko lehen hilabetean; hau da, % 7,9ko gehikuntza egon da, eta % 8,4koa joan den urteko urtarrilarekiko. Langabeziak izandako bilakaeraren ildotik, nabarmentzekoa da kontratazioen portaera ona industrian eta eraikuntzan.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak