Eu

Gobernuak erabateko desadostasuna adierazi du Euskal Funtzio Publikoan 35 orduak baliogabetzen dituen Auzitegi Gorenaren epaiarekin

2018.eko otsailak 01
  • Josu Erkorekaren ustez Auzitegi Gorena, Estatuari arrazoia ematean, urratzen ari da “Euskal funtzio publikoa antolatzeko dugu eskumena, Gernikako Estatutuko 10. artikuluan argi eta garbi adierazia”
  • Eusko Jaurlaritzak epaiak duen hedadura aztertuko du Mahai Orokorreko sindikatuekin, kontuan izanik bertan ordezkatuta daudela Euskal Administrazio Publikorako lan egiten duten 70.000 pertsonak.

Eusko Jaurlaritzak bere erabateko desadostasuna adierazi du Auzitegi Gorenaren epaiarekin. Gaur arratsaldean jaso da epaiaren berri, eta baliogabetu egiten du “2016. urterako urteko lan-jarduna ezartzen duen Dekretua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko funtzionarioentzat, estatutupeko langileentzat eta langile lan-kontratudunentzat”. Dekretu horrek urteko 1.592 ordu finkatu zituen Euskal Administrazio Publikoan lan egiten duten 70.000 pertsonen erreferentziazko lan-jarduntzat.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak adierazi du, lehenik eta behin, “bere erabateko desadostasuna erabaki judizialarekin, funtzio publikoak autogobernurako duen ahalmena urratzen duelako, kontuan izanik argi eta garbi adierazten den eskumena dela Gernikako Estatutuaren 10.2. eta 10.4. artikuluetan”.

Horren haritik, adierazi duenez, “Euskadin inork ez du ulertuko erabaki judizial hori, gure langile publikoen barne-antolamendu gaietan bete-betean sartzen dena eta, are gutxiago, aintzat hartzen badugu Gernikako Estatutuaren azken 30 urte hauetan inoiz ez zela auzitegietara jo gure funtzionarioen lan-jardunaren epaia emateko”.

Josu Erkorekak gogora ekarri duenez, “Espainiako Gobernuaren birzentralizazio-estrategiaren hamaikagarren adibidea dugu hau, krisi ekonomikoaren aitzakiarekin eta bere murrizketen muga gaindituz, gure lan-jardunean ere sartu dena gure eskumenak eta akordio sindikalak zapalduz”. “Estatu autonomikoa alde batera uztearen ageriko adibidea dugu hau baita kafea denontzako aplikatzearena ere”.

Gainera, “gogora ekarri nahi dugu 35 orduetako lan-jardunera itzultzea Mahai Orokorreko sindikatu guztiekin negoziatutako erabaki bat izan zela, ituntzeko jarrera bat, Auzitegi Gorenak eman duen epaian ezikusia egiten diona bere tesia Madriletik inposatuz”.

Josu Erkorekaren ustez epaia “erabateko zentzugabekeria da, gainera, eman den uneagatik, Espainiako Gobernuak bera sindikatuei helarazten ari baita funtzio publikoaren foroetan 35 orduko lan-jardunera itzultzea aztertzen ari dela Estatuko Administrazio Orokorrean bertan”.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerian utzi duenez, “epaiak, gustukoa ez badugu ere, ez gaitu harritu. Eta esan beharra dago gainera hedabideen bitartez jakin dugu epaiaren berri, oraindik ez baitzaigu jakinarazi”.

ANALISI JURIDIKOA

Eusko Jaurlaritza epaiaren jakinarazpen ofizialaren zain geratzen da bere edukia eta hedadura xehetasunez aztertzeko. Analisi hori egin eta gero, Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean ordezkatuta dauden sindikatuei helaraziko die, hala badagokio, dagozkien erabakiak elkarrekin batera hartzeko.

70.000 FUNTZIONARIO

Eusko Jaurlaritzak 2016an onetsi zuen “35 ordu asteko” direlako horietara itzultzeko dekretua, eta hiru urte eta erdi geroago Espainiako Gobernuak ebatzitako oinarrizko araudiak funtzio publikoaren itun handi hau baliogabetzen du. Dekretuak Euskal Administrazio Publikoan lan egiten duten ia 70.000 pertsonengan izango du eragina:

  • Administrazio Orokorreko eta bere Organismo Autonomoetako Funtzionarioak.
  • EAEko Unibertsitateaz kanpoko Irakasle Funtzionarioak.
  • Ertzaintzako langileak.
  • Osakidetzako langileak.
  • EAEko Justizia Administrazioko funtzionarioak, aplikagarri zaizkien araudiaren esparruan.
  • Administrazio Orokorreko Langile Lan-kontratudunak.
  • Irakaskuntzako eta Hezkuntzako Langile lan-kontratudunak, Hezkuntzako, Hizkuntza Politikako eta Kulturako Sailekoak.
  • Langile lan-kontratudunak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailekoak.
  • Erlijioko Langile lan-kontratudunak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailekoak.
  • Langile lan-kontratudunak, Segurtasun Sailekoak eta Polizia eta Larrialdietako Akademiako Erakunde Autonomokoak.
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak