Berriak Lehendakaritza
Eu

Gogorak eta Galdakaoko Udalak Burdin Hesiaren ibilbideak aurkeztu dituzte

2018.eko otsailak 02
  • Udalak eta Gogorak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren ondorioz jartzen den lehen azalpen-panela da; bertan, Gerra Zibilean Bilbo eta inguruak tropa frankistetatik babesteko eraiki zen lehen defentsa-lerroa zer izan zen jaso da
  • Panelean, hiru ibilbide ageri dira; horien bidez, “Galdakaoko Sektorea” eta “El Gallo Sektorea” izenekoetan oraindik kontserbatzen diren hondarrak bisitatu daitezke
  •  Iaztik, Burdin Hesia Euskal Kultura Ondaretzat eta Euskadiko Memoria Demokratikoaren Ibilbidetzat hartzen da 

Aintzane Ezenarro GOGORAko zuzendariak, gaur goizean, Burdin Hesia izenekoaren ibilbide seinaleztatuak azalduko dituen panelaren aurkezpenean parte hartu du, Galdakao udalerrian. Ekitaldia Udalean izan da eta, bertan, Ibon Uribe Galdakaoko Udaleko alkatea, Udalbatzako kideak eta Gogora tokiko elkarte memorialistako ordezkariak izan dira. 

GOGORAk Gerra Zibilean Bilbo eta inguruak tropa frankistetatik babesteko eraiki zen lehen defentsa-lerroaren esanahia azaltzeko diseinatu duen seinaletikaren lehen panela da. Hesiak, guztira, 80 kilometro zituen, gotorlekuz eta defentsaz josita, eta 33 euskal udalerri zeharkatzen zituen; gaur egun, horietako 25etan elementuren bat kontserbatzen da. 

Panelak Hesia Galdakaotik zeharkatzen duten ibilbideen kokapen-mapa du. Udalerria da hondar-kopuru gehien kontserbatzen duenetako bat. Hala ere, gune horrek zenbait lerro gainjarri zituen, lubaki, bide desbideratu, babesleku, biltegi, metrailadoreetarako leku, tiratzaileen galeriadun gotorleku eta alanbre-hesiek eratuta. Horretarako, hiru ibilbide diseinatu dira, 6,9 km, 3,6 km eta 1,5 km-koak; horien bidez, “Galdakaoko Sektorea” eta “El Gallo Sektorea” izenekoetan oraindik kontserbatzen diren hondarrak bisitatu daitezke. 

Gainera, panelean Burdin Hesiari, hura diseinatzen eta eraikitzen parte hartu zuten pertsonei, defendatu zuten batailoiei eta hura erortzea eragin zuten gertakariei buruzko informazioa ageri da, bai eta Gerra Zibila Euskal Herrian nolakoa izan zen jakiteko azalpen laburra ere. 

Iaztik, Burdin Hesia Euskal Kultura Ondaretzat eta Euskadiko Memoria Demokratikoaren Ibilbidetzat hartzen da, Eusko Jaurlaritzak, Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiek eta bi lurraldeetako 33 udalerrik sinatutako akordioaren bidez. Akordio horrek lankidetza-esparru globala ezartzen du, defentsa-lerro hori babesteko, finkatzeko, mantentzeko eta haren balioa nabarmentzeko. 

Burdin Hesia:

http://bit.ly/2BFnLnQ

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak