Eu

Eusko Jaurlaritzak "Herritarraren Karpeta” jarriko du abian aurten, herritarrekin harremanetan jartzeko online leihatila bakarra

2018.eko otsailak 07
  • Webgune bateratua, erraz erabiltzekoa eta pertsonalizatua izango da, eta herritarrek dokumentu, espediente eta jakinarazpen ofizial guztiak izango dituzte eskuragarri, Euskal Administrazio Publikoarekin egiten ari diren izapideen arabera
  • Eusko Jaurlaritzak “Herritarraren Karpetan” iraultzen diren datu konfidentzialen erabateko segurtasuna eta babesa bermatuko du, eta karpetan sartzeko, beharrezkoa izango da IZENPEren (euskal ziurtapen-agentziaren) bitartez autentifikatzea
  •  “Herritarraren Karpeta” “Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoan” txertatutako 65 proiektuetako bat da, eta Josu Erkorekak gaur azaldu du Eusko Legebiltzarrean   

Eusko Jaurlaritzako Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Josu Erkorekak gaur goizean Eusko Legebiltzarrean berak eskatuta egindako agerpenean iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak Herritarraren Karpeta” proiektua jarriko du abian aurten. Leihatila digital bakar horren bitartez, herritarrek Euskal Administrazio Publikoarekin lotutako guztia online kudeatu ahal izango dute. Gune digitala, sarbide bakarrekoa, erraz erabiltzeko modukoa, hizkuntza garbikoa eta pertsonalizatua izango da, eta pertsona fisiko zein juridikoek erabili ahal izango dute.

Proiektua jauzi kualitatiboa izango da herritarren eta administrazioaren arteko harreman digitalean, leihatila birtual bakarra izango baita izapide eta kudeaketa guztiak egiteko. Eusko Jaurlaritzaren web-atarian dago (www.euskadi.eus). Herritarrak edozein gailutatik, edozein ordutan eta edonondik sartu ahal izango dira. Itxaron behar izan gabe eta ilararik gabe. Gainera, karpeta pertsonalizatua izango da, eta, bertan, herritar bakoitzak bere dokumentu, espediente edo jakinarazpen ofizialak izango ditu, une bakoitzean egiten ari den izapideen arabera: ordainketak, espedienteak, ziurtagiriak, jakinarazpenak edo komunikazioak.

MAILAKAKO EZARPENA

 “Herritarraren Karpeta” 2018. urtean jarriko da abian, eta hainbat fasetan inplementatuko da legegintzaldi honetan. Hasiera batean, dagoeneko herritarrei eskaintzen dizkien eta gaur egun hainbat web-ataritan barreiatuta dauden zerbitzu, jakinarazpen eta izapide guztiak bilduko ditu Eusko Jaurlaritzak leku digital horretan.

Ondoren, herritarrek beren online leihatilan egin ahal izango dituzten kudeaketak pixkanaka txertatzeko (% 100era iritsi arte) egutegi bat egingo du Eusko Jaurlaritzak. Azkenik, “Herritarraren Karpeta” erakunde guztiei irekiko zaie, herritarrekin harremanetan jartzeko gune sinple, eskuragarri eta seguru hori erabili ahal izan dezaten.

“Herritarraren Karpeta”, hasiera-hasieratik, erakunde publiko guztiekin elkarreragiteko moduko leihatila bat izango da. Era horretan, herritarrek ez dute aurkeztu behar izango dokumentu bat administrazio batean, dokumentu hori beste administrazio baten eskutan baldin badago.

SEGURTASUNA ETA KONFIDENTZIALTASUNA

Eusko Jaurlaritzak “Herritarraren Karpetan” iraultzen diren datu pertsonal eta pribatuen erabateko segurtasuna eta babesa bermatuko du.  EJIEk ere (Eusko Jaurlaritzaren informatika-enpresak, alegia) proiektu honetan dihardu, datuen konfidentzialtasuna bermatzeko. Gainera, leihatila bakar eta pertsonal horretan sartzeko, beharrezkoa izango da IZENPEk (euskal ziurtapen-agentzia publikoak) egiten dituen ziurtagirien bidez autentifikatzea. IZENPEren ziurtapen-sistemek eta autentifikazio-sistemek ospe eta errekonozimendu handia dute nazioartean, Europar Batasunak eskatutako segurtasun- eta zehaztasun-estandar zorrotzei jarraikiz lan egiten baitu IZENPEk.

71,6 MILIOI EURO

 “Herritarraren Karpeta” Eusko Jaurlaritzaren datozen hiru urteetarako lanaren ardatza den “Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoan” proiekturik garrantzitsuenetako bat da administrazio publiko berritzaile, ireki eta parte-hartzean oinarritutako bat eraikitzeko. Euskadi gobernantza publikoaren arloan ere Europako eskualde berritzaile gisa sendotzera bideratuta dago, eta Euskal Administrazio Publikoa irizpide berri eta zorrotzei jarraikiz eraldatzeko erronkari aurre egingo dion plan integrala da. Irizpide horien artean, honako hauek azpimarra ditzakegu: efizientzia eta koherentzia kudeaketa publikoan, gardentasuna, kontu-ematea, herritarren parte-hartzea, emaitzetara bideratutako orientazioa, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna.

Plan estrategiko hori asmo handikoa da, eta herritarrak izango dira lanaren antolamenduan, forman eta kulturan gertatuko den aldaketaren protagonistak. Izan ere, lana gobernantza publikoaren balio zorrotzei jarraikiz egingo da aurrerantzean.

“Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoan” 71.615.503,29 euroko zuzkidura dauka, eta “XI. Legegintzaldirako Gobernu Programaren” 62. konpromisoa da. Bat dator “Zentzuzko Hazkunde Jasangarri eta Integratzaile baterako Europako Estrategiarekin –Europa 2020–”, “Garapen Jasangarrirako Munduko Estrategiarekin – Agenda 2030–” eta “Europar Batasuneko Administrazio Elektronikoaren inguruko 2020 Ekintza Planarekin”. Gainera, euskal botere publikoek tratu- eta aukera-berdintasunaren, rol eta estereotipoen desagerraraztearen, politika publiko guztietan genero-ikuspegia txertatzearen eta abarren arloan egin beharreko jarduna zuzendu eta bideratu behar duten printzipio orokorren arabera eratuta dago.

LEHENTASUNEZKO 4 HELBURURAKO LAN-ARDATZAK

Plan honen bidez, Eusko Jaurlaritzak jauzi kualitatiboa egin du administrazioak gobernantza publikoko eredu berri baterako bidean izango duen bilakaeran.

Lehentasunezko 4 helburu ditu: administrazio publiko ireki, eraginkor, efiziente eta berritzaile bat lortzea. Helburu horiek lortzeko, “Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoan” 37 proiektu eta 28 azpiproiektu garatzea planteatzen du. Horiek guztiak 6 jardun-ardatzetan bilduta daude:

  • Gardentasuna eta parte-hartzea
  • Zentzuzko plangintza estrategikoa eta ebaluazioa
  • Herritarrekiko harremanak
  • Erakunde-integritatea
  • ü  Berrikuntza publikoa
  • Kudeaketa aurreratua

GBPPE 2020 PLANA, HERRITARREN EZTABAIDAGAI

“Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoan” gainerako administrazio publikoekin lankidetzan landu da, baina herritarrekin lankidetzan ere bai. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren Irekia izeneko herritarren parte-hartzerako atarian, parte-hartzean oinarritutako prozesu bat ireki da, herritarrek dokumentuaren ildo estrategikoei eta bidezkotasunari buruzko ekarpenak egin eta iritzia agertu ahal izateko. Atariak, oraintxe bertan, dagoeneko amaituta dagoen eztabaida-fasearen balorazioa eskaintzen du.

Gainera, 2017ko azaroan eta abenduan, herritarrek parte hartzeko hainbat bilera egin dira, helburu bikoitzarekin: planean jasotako eduki eta ildo nagusietako batzuk agente espezializatuekin argitu eta balidatzea, eta plana parte-hartzean oinarrituta eta era irekian zabaltzeko eta ebaluatzeko gakoak identifikatzea, Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zurian jasotako printzipioei jarraikiz. Prozesuak jarraitutasuna izango du plana inplementatzen den aldian, haren jarraipena eta etengabeko hobekuntza egiteko.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren webgune ofizialak planari buruzko informazio guztia biltzen duen atari tematiko bat dauka. Era berean, irekita ditu entzute aktiboko kanal guztiak sare sozialetan (kontu propioak ditu Facebook, Twitter eta YouTube sareetan) eta planaren blogaren beraren bitartez.

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @alejandrobg
    2018.eko otsailak 07

    Comentario de Twitter:
    RT @jerkoreka: Si queréis más detalles de la #CarpetaCiudadana, tenéis toda la información en Irekia https://t.co/14pKNmprVN

    #Herritarrar…

  • @MarianaFGarzon
    2018.eko otsailak 07

    Comentario de Twitter:
    RT @jerkoreka: Si queréis más detalles de la #CarpetaCiudadana, tenéis toda la información en Irekia https://t.co/14pKNmprVN

    #Herritarrar…

  • @balapiaka
    2018.eko otsailak 07

    Comentario de Twitter:
    RT @jerkoreka: Si queréis más detalles de la #CarpetaCiudadana, tenéis toda la información en Irekia https://t.co/14pKNmprVN

    #Herritarrar…

Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)