Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzaren euskararen II. planaren bitarteko ebaluazioak egiaztatu du azken hiru urteotan aurrera egin dela orokorrean helburuen betetze mailan

2018.eko otsailak 05

Zerbitzu-erakunde gehienetan, lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta duten langileen portzentajea erakundeak arreta ematen duen lurraldearen biztanle elebiduna baino altuagoa da

 Euskararen erabilera eta presentziari dagokionez, pazienteen puntuazioa 6,4koa izan da, 0 eta 10 bitarteko eskalan

 200.000 pertsonak hautatu dute euskara lehenetsitako hizkuntza modura, euskal osasun-sistema publikoarekin harremanetarako

 

Osakidetzaren 2013-2019 Euskararen II. Planaren bitarteko ebaluazioak adierazi duenez, indarrean daramatzan hiru urte hauetan aurrera egin da orokorrean helburuen lorpenean: euskararen presentzia eta erabilera bermatzea zerbitzuko hizkuntza gisa (ahoz eta idatziz), izan kanpo-harremanetan zein barne-harremanetan; eta euskara laneko hizkuntza bihurtzea baldintzek hori ahalbidetzen duten zerbitzu eta unitateetan.

Txostena gaur aurkeztu dute Jon Darpón Osasuneko sailburuak; María Jesús Múgica Osakidetzako zuzendari nagusiak; Juan Carlos Soto Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariak; eta Xabier Balerdi Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariordeak. Txostenak aditzera ematen du, baita ere, Osakidetzaren 2005-2012 Euskararen I. Planetik hona eskuratutako lorpenak sendotu direla.

Bitarteko ebaluazio honetan identifikatutako indargune nagusiak honako hauek dira:

 

a)    Irudi korporatiboaren elementu gehienetan hizkuntza-irizpideak maila altuan bete dira.

Orokorrean, euskararen presentzia, erabilera, kalitatea eta funtzionaltasunari buruzko irizpideak maila altuan aplikatu dira irudi korporatiboaren elementuetan: errotulazioan, paperetan, webguneetan, aldizkari eta argitalpenetan, logotipoetan, iragarkietan, publizitate-kanpainetan, erabiltzailerari arreta emateko unitateetako agurretan, etab.

b)   Erabiltzaileek lehenetsitako hizkuntza erregistratzea

Euskararen II. Plan honen erronketako bat izan da erabiltzaileek ahozko komunikazioetarako lehenetsitako hizkuntza erregistratzea, kalitate handiagoko zerbitzua eskaintzeko, pertsona ardatz hartuta. Zerbitzu-erakundeen artean ezberdintasunak baldin badaude ere, orokorrean, lehenetsitako hizkuntzaren erregistroa erritmo onean doa: 2017ko abenduan, Osakidetzaren erabiltzaileen % 40k du erregistratuta bere lehenetsitako hizkuntza. Zehazki, 200.000 erabiltzailek hautatu dute euskara osasun-arreta jasotzeko lehenetsitako hizkuntza izateko.

c)    Euskararen erabilera eta presentziari dagokienez pazienteen asebetetze-maila

Euskararen erabilera eta presentziari dagokionez, pazienteen puntuazioa 6,4koa izan da, 0 eta 10 bitarteko eskalan. Halaber, inkestan parte hartutako pazienteen % 55,2k adierazi du beti edo ia beti egin duela ahozko komunikazioa euskaraz mediku edo erizainekin. Gainera, % 58,4k adierazi du beti edo ia beti eman zaiola dokumentazioa euskaraz edo bi hizkuntzetan. Pazienteen % 64k adierazi du beti edo ia beti eman direla euskaraz megafoniako mezuak, % 88 erantzungailu automatikoetan eta % 68k SMS mezuetan.

d)   Zerbitzu eta langile elebidunak identifikatzea

Erakundeen artean ezberdintasunak baldin badaude ere, orokorrean, zerbitzu eta profesional elebidunak erritmo onean identifikatzen ari dira eta plangintza-aldiaren amaierarako aurrerapen handia egitea aurreikusi da.

e)    Erakundeetako zuzendaritza eta buruzagitzen inplikazioa

Planean ezarritakoaren arabera, erakunde gehienek bere gain hartu dute berau garatu eta zabaltzeko zuzendaritza eta buruzagitzak inplikatzearen beharra. Hala, erakunde askotan, zuzendaritza eta buruzagitzek jarrera aktiboa erakutsi dute Euskararen Planaren sustapenean, eta gero eta modu transbersalagoan hedatu eta aplikatu dute (beren zeregin eta aginte-kate guztien bitartez) zerbitzu eta unitate guztietan.

f)     Hizkuntza-irizpideak ezagutu eta zabaltzea

Hizkuntza-irizpideen hedapena egokia izaten ari da eta langileek nahiko ezagutzen dute. Hala ere, zerbitzu-erakunde gehienetan eguneroko lan-lerroetan aplikatzea zailagoa da.

g)   Euskara-zerbitzuak finkatzea eta indartzea

Euskararen zerbitzu tenikoak gero eta finkatuago eta indartuagoak daude erakunde gehienetan, eta proaktibitate handia erakusten dute hizkuntza-normalizazioa sustatu eta erraztera begira egiten diren ekimenak proposatu eta egiteko. Itzulpengintza eta interpretazio-lanei dagokienez, zerbitzuaren profesionalizazio-prozesuan aurreratu da Zuzendaritza Nagusian eta, horri esker, zerbitzu erakundeetan interpretazio-zerbitzuak eskaini ahal izan dira orokorrean.

h)   Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea

Zerbitzu-erakunde gehienetan, lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta duten langileen portzentajea erakunde horrek arreta ematen duen lurraldearen biztanle elebidun kopurua baino altuagoa da. Horrez gain, langile elebidun kopuruaren bilakaera positiboa da erakunde askotan. Urteko batez besteko hazkundea % 2,82koa da. Hazkunde hori euskalduntze-prozesuei esker eta zerbitzu-erakundeetan langile berriak kontratatu eta txertatzeari esker ematen ari da. Lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko lan-orduetako liberazio kopurua mantendu egin da hiru urteotan, baita euskara-ikastaroetara lan-orduetatik kanpo joaten diren langile kopurua ere. Nabarmentzekoa da lan-orduetatik kanpo euskalduntze-ikastaroetara joaten diren langileen ahalegina.

i)     Kalitate-sari eta ziurtagiriak

Planaren helburuak bete dira ildo horretan, eta ezarritako gutxiengoa gainditu da. 2015ean bi erakundek eskuratu zuten tarteko ziurtagiria: Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareak eta ESI Uribek. 2016an zazpi izan ziren erakundeak: ESI Debabarrena, ESI Debagoiena, ESI Donostialdea, ESI Goierri-Urola Garaia, ESI Bidasoa, ESI Barrualde-Galdakao, Santa Marina Ospitalea (ez zegokion aurkeztea 2017-2019ra arte). Urte honetan bertan, ESI Arabak oinarrizko ziurtagiria eskuratu du (ez zegokion aurkeztea 2017-2019ra arte).

j)     Euskara-programen etengabeko ebaluazioa

Beste aldetik, 67/2003 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria betetzea helburu, euskararen erabilera normalizatzeko helburuak eta neurriak urtero Osasun Sailaren eta Osakidetzako erakundeen arteko harremanak osatzen duten kontratu-programan ezarritako kalitate-baldintzetan txertatu dira. 10 dira ebaluatutako gaiak, eta 2014 eta 2016 artean bilakaera positiboa izan da horietan guztietan. Nabarmentzekoa da euskaraz egindako osapitale-arreta espezializatuaren eskaintzan emandako aurrerapena, ia bikoiztu egin baita; planean inplikatu eta berau sustatzean eta langileen asebetetze-mailan egin da aurrera.

k)    Erakunde eta gizarte-erakundeekin lankidetza-sareak

Euskara Planaren Jarraipenerako Batzorde Korporatiboak, orokorrean, eta zerbitzu-erakunde batzuetako batzordeek, jarduteko alorrari dagokionez, koordinazio eta lankidetzarako sare egonkorrak sortu dituzte sindikatuekin, erakundeekin eta interesa duten erakundeekin, Osakidetzaren hizkuntza-normalizaziorako prozesua garatzeko.

l)     Terminologia eta estandar klinikoak

Azken hiru urteotan modu sistematikoan ekin zaio oinarrizko terminologia eta estandar klinikoak bildu eta euskarara egokitzeko prozesuari. Halaber, etorkizunean Osakidetzan euskaraz lan egiteko eta historial klinikoa bi hizkuntzetan edukitzeko faktoreetan sakondu da. Horretarako, osasun alorreko hiztegi terminologikoak osatzen laguntzen ari dira eta Euskararen Zerbitzu Korporatiboa, Osasun Laguntzarako Zuzendaritza eta Informatikako Zuzendaritzaordearekin batera, hainbat proiektutan ari dira, esaterako: OsabideGlobal eta e-Osabide estazio klinikoak euskarara egokitzea; Osanaia (erizaintza); Laborategietako emaitzen txostenak; Osabar (euskararen erabilerarako tresna-barra) eta Gestlab (laborategiak kudeatzeko aplikazioa).

Osakidetza osatzen duten zerbitzu-erakunde guztiak kontuan hartuta, eta Euskararen I. Planaren ebaluazioan gertatu zen moduan, aurrerapen handiena bi alor hauetan eman da: Irudia eta komunikazioa eta Hizkuntza-eskakizunak, lehentasunak eta derrigortasun-datak. Bi alorretako helburuek, planaren aldiaren erdi honetan, garapen-maila altua lortu dute, plangintzaren aldi osoari dagokionez. Kanpo-harremanak eta Hizkuntza-kudeaketa alorrek ere positiboki egin dute aurrera, erritmo baxuagoan bada ere, eta helburuak tarteko mailan lortu dituzte. Barne-harremanak alorrari dagokionez, Bigarren Planari ekin zitzaionetik positiboki aurrera egin bada ere, plangintza-aldi honen lehen hiru urteetan uste baino bilakaera baxuaga izan du, eta oinarrizko garapen-maila lortu du.

Zerbitzu-erakundeei dagokienez, eta euskararen erabilera normalizatzeko programak osotasunean ebaluatuta, normalizazio-neurrien zabaltze-maila, lortutako emaitza eta igarotako denborarekin batera, onargarria da. Zehazki, bederatzi zerbitzu-erakundek dute garapen-maila aurreratua, hamarrek tarteko maila eta bik ez dute esperotako aurrerapen-maila gainditu.

Emaitzak lurralde historikoen arabera aztertzen baditugu, guztietan hauteman daiteke aurrerapena Euskaran I. Planetik hona. Hala, biztanleria euskaldunak dentsitate handiagoa duen eremu soziolinguistikoetan baldintza sozial hobeak daude helburuak lortze aldera aurrerapen handiagoak bultzatzeko, eta arreta-jarduera biztanleria euskaldun portzentaje baxuko eremuetan egiten den zerbitzu-erakundeen gogoak eta indarrak eragin positiboa dute helburuak lortzerakoan.

Zerbitzu-erakundeen tipologiari dagokionez, gehiago aurreratu da Erakunde Sanitario Integratuetan (ESIetan). Horiexek dira, hain zuzen ere, lehentasunezko erakundeak, euskararen erabileraren normalizazioaren ikuspegitik.

Jon Darpón Osasuneko sailburuak berak ezagutzera eman duenez, hauek dira hobetzeko aukera gehien identifikatu eta nabarmendu behar diren alor nagusiak: zuzendaritza, buruzagitza eta tarteko agintarien konpromisoa eta inplikazioa indartzea; hizkuntza-irizpideak komunikatu eta helaraztea; erabiltzaileen lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa azpimarratu eta horretan aurrera egitea; zerbitzuak bi hizkuntzetan eskaintzea hobetzeko urratsak ematen jarraitzea; hizkuntza-ohiturak aldatzeko estrategia berriak bultzatzea; euskaraz lan egiteko prestakuntza sustatzea; eta euskaldunak ez diren langileek lan egin eta horiek sentsibilizatzeko tresnak sortzea.

67/2003 Dekretuak, martxoaren 18koak, euskararen erabilera Osakidetzan Normalizatzekoak Euskal Osasun Zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautu zuen. Dekretu horrek ezarri zituen gutxieneko helburuak, oinarrizko lehentasun eta neurriak, erakundeko erabiltzaileen eskubideak, hizkuntzari dagokionean, errespeta daitezen. Eskubide horiek 8/1997 Legeak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarenak 10. artikuluan deskribatu zituen: “zerbitzu sanitarioekin harremanetan ari diren pertsonen nortasuna, duintasuna eta intimitatea ahalik gehien errespetatzea”.

67/2003 Dekretua indarrean sartu ondoren, Osakidetzak Euskararen Erabilera Normalizatzeko I. Plana garatu zuen 2005 eta 2011 artean, eta ondoren, Bigarren Plana. Azken hori 2013ko abenduan jarri zen indarrean eta 2019an amaituko da. Bi Planek hiru printzipio dituzte oinarri: erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak errespetatzea; enpatia eta komunikazio argi eta hurbilekoa –pertsona ardatz hartu eta bere hizkuntzan garatzea– laguntzarako zerbitzuaren kalitate-ezaugarri gisa; eta helburuen finkatze-mailan aurrera egitea.

 

Vitoria-Gasteizen, 2018ko otsailaren 5ean

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @lankideak1
    2018.eko otsailak 05

    Comentario de Twitter:
    RT @jdarpon: https://t.co/BbR41ZfeCO

  • @jdarpon
    2018.eko otsailak 05
  • @jdarpon
    2018.eko otsailak 05
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak