Berriak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
Eu

EITB-k eta Eusko Jaurlaritzak bizikidetza planaren balioak ezagutarazteko kanpaina bat prestatu dute

2010.eko abenduak 24

“Bizitza elkarbizitza da”

EiTBk eta Eusko Jaurlaritzak gaur jarri dute abian Euskadin giza eskubideak eta erakunde demokratikoak errespetatzen dituen elkarbizitza sustatzeko sentsibilizazio-kanpaina. Jaurlaritzak eta EiTBk hitzarmena sinatu zuten Jaurlaritzak sustatu eta Eusko Legebiltzarrak onartutako Bizikidetasun Demokratikoa Sustatzeko eta Indarkeria Deslegitimatzeko Plana garatzeko, eta hitzarmen horren ondorio da ekimen hau.

Kanpainaren leloa mezu baikor eta irekia da, eta euskal gizarte guztiarekin partekatu nahi dute: “Bizitza elkarbizitza da”.  Kanpaina ezagutarazteko, honako hauek prestatu dira:

-          Telebistarako iragarki bat; bertan, neska-mutil batzuek ikusleekin partekatzen dute elkarbizitzaren inguruan duten ikuspegia, eta gure dibertsitate eta aniztasunak aberastutako etorkizunerantz itxaropenez begiratzeko gonbita egiten digute.

-          Irratirako iragarki bat, kanpaina babestea duena helburu; honetan ere neska-mutilak dira protagonista.

Hitzarmen honetan adostutako ekintzak identifikatzeko irudi bat; erreportajeak, zinemateka, agenda zabaltzeko eta ezagutarazteko ekintzak, sentsibilizazioko kanpainak, etab.

Lehendakaritzaren idazkari nagusiak, Manu Salinerok, hitzarmena izenpetu ondoren, planak Jaurlaritzak onartutako Bizikidetasun Demokratikoa Sustatzeko eta Indarkeria Deslegitimatzeko Plana garatzen duela gogorarazi zuzen. “Indarkeria, fanatismoa eta intolerantzia luzaroegi bizi izan dira gure artean. Euskadin, belaunaldi asko bizi izan gara gure bizitza osoan intolerantziako gertakariekin, eta gertakari horien presentzia iraunkorra izan da. Bada, aski da. Horrekin amaitu behar dugu. Elkarbizitza eta tolerantzia balio demokratiko absolutu moduan gizarteratu behar ditugu. Belaunaldi gazteenen ADNan grabatu behar da, iritzi, pentsaera edo irizpide politikoen diferentzia guztien gainetik, tolerantzia lehenetsi behar dela, nik bezala pentsatzen ez duenarenganako errespetua eta, azken batean, elkarbizitza demokratikoa”, esan zuen.

“Uste dugu”, erantsi zuen Salinerok, “gizarte-hedabideak funtsezkoak direla gizarteari mezu hori helarazteko, eta, hori dela eta, EITBn hasten dugu kanpaina hau, Euskadin erreferentziako hedabide publikoa delako. Kanpaina guztiek bezala, honek ere badu bere leloa: Guk gustuko dugu: Vivir es convivir”. Bizitza elkarbizitza da. Vívanlo y pasen la voz”.

EITBko zuzendari Alberto Suriok, berriz, honako hau azpimarratu zuen “EITBk erakunde publikoa sortzeko legean ezarritakoa bete behar du, hau da, bat egin behar du balio zibikoak eta elkarbizitzakoak modu sendo eta irmoan babestearekin eta sustatzearekin; izan ere, hedabidea denez, herritarrengan eragiteko duen ahalmena oso aipagarria izan daiteke”.

“Plan honen barruan hitzartutako beste ekimen batzuez gain –besteak beste, erreportajeak, pelikulak, elkarbizitzaren eta indarkeriaren deslegitimazioaren inguruko ekintza eta ekitaldi esanguratsuen berri ematea–, buru-belarri sartu gara Vivir es convivir. Bizitza elkarbizitza da lelopean gaur aurkezten dugun komunikazio-kanpaina honetan.

Alberto Suriok gaineratu zuenez, “telebistarako egin dugun iragarkian, John Lennonen Imagine abestiaren bidez, idatzitako testuen bidez eta neska-mutilek ikusleekin partekatzen dituzten mezuen bidez, gure dibertsitate eta aniztasunak aberastutako etorkizunerantz itxaropenez begiratzeko gonbita egiten zaigu”.

Kanpaina babesteko, irratirako iragarki bat ere egingo da; bertan ere neska-mutilak dira protagonistak. Era berean, hitzarmen honetan adostutako ekintzak (erreportajeak, zinemateka, agenda informatiboa zabaltzeko eta ezagutaraztea, sentsibilizaziorako kanpaina eta informazioak, etab.) identifikatzeko marka bat sortuko da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan