Berriak Hezkuntza
Eu

Jantokien autogestiorako programa pilotuan ari den Allende Salazar ikastetxe publikora bisita

2018.eko urtarrilak 31

Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak, Olatz Garamendik, Gernikako Allende Salazar Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeko sukaldea eta jangela bisitatu ditu, gaur eguerdiz. Ikastetxe hau da, hain zuzen ere, jantokien autogestiorako Hezkuntza Sailak babesturiko programa pilotuan parte hartzen ari diren lau ikastetxe publikoetako bat.

Gernikako Allende Salazar HLHI-ko jangelan, 2 eta 12 urte bitarteko 620 ume inguruk bazkaltzen dute egunero. Jangela honen kudeaketaz Guraso Elkartea arduratzen da. Guraso Elkartea bera arduratzen da menuak diseinatzeaz, lehengaiak erosteaz –ahal den neurrian, erosketa horiek bertako ekoizleei edo merkatari txikiei eginez- edo jangelarako monitoreak kontratatzeaz, kanpoko enpresa baten bidez. Sukaldeko langileak, berriz, Hezkuntza Sailaren langileak dira Allende Salazar ikastetxeko kasuan.

Bisitan, Garamendi sailburuordeak Gernikan burutzen ari den esperientzia honen balorazioa egin du. “Esperientzia positiboa izaten ari da, eta eskola jantokietan bestelako kudeaketa ereduak garatzeko aukerak aztertzeko balio digu. Horregatik,esperientzia hau beste ikasturte batez luzatzea erabaki da”.

Hain zuzen ere, bihar elkartuko da berriki eratu den Eskola Jantokien Batzordea. Batzorde honen helburuen artean dago, jantokien kudeaketaren inguruko hausnarketa partekatua eta egun gure eskoletan diren kudeaketa eredu ezberdinen inguruko hausnarketa egiteko gune izatea. Era berean, menuetan bertako produktua sartzeko aukerak ere aztertzen ditu batzorde honek. Biharko bileran, Euskadiko Nekazari-elikagaien Kooperatiben Federaziko ordezkariek eta Landa Garapen Elkarteek parte hartuko dute, euren esperientzia eta ikuspuntua azaltzeko.

Eskola Jantokien Batzorde hori osatzen dute, Hezkuntza Sailarekin batera, Osasun Sailak eta Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren Sailak (Elika - Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioaren bidez), baina baita ikastetxe publikoetako ordezkariek, guraso elkarteenek eta Hezkuntza Sailaren menpeko sukaldeko langileen ordezkariek ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak