Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du biharko eta ostiralerako elurragatik

2018.eko urtarrilak 31

Ostegun goizaldean elur-maila 300 metrora jaits daiteke

egurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du elurragatik bihar osteguneko 18:00etatik ostiraleko 12:00etara arte goi latitudeetan aire-masa hotza eta hezea sartuko denez, horren ondorioz tenperaturek nabarmen egingo dute behera, prezipitazio ugariak izango dira, batez ere kantauriar isurialdean, eta elurra oso behean egingo du.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, bihartik, otsailaren 1etik, aurrera, egun osoan euria izango dugu eta elur-maila jaisten joango da egunaren bigarren zatian 400-600 metroan kokatu arte, eta egunaren amaierarako hortik behera ere jaits daiteke. Trumoiko zaparradak izan daitezke eta txingorra ere egin dezake eguerditik aurrera, eta elur-maila, berriz, 400-500 metroan koka daiteke.

Ostiralean, hilaren 2an, euria egiten jarraituko du, batez ere egunaren lehenengo erdian, eta berriz ere trumoiko zaparradak izan ditzakegu eta txingorra egin dezake. Egunaren lehenengo erdian elur-maila 300-400 metro inguruan kokatuko da, eta elurra beherago ere egin dezake batez ere zaparraden intentsitatearen arabera. Egunaren bigarren erdian egoera hobetzen joango da, eta euri gutxiago egiteaz gainera elur-mailak gora egingo du 500-600 metroan kokatu arte.

Asteburuan euria egiten jarraituko du eta tenperatura baxuekin jarraituko dugu, eta litekeena da larunbatean, hilaren 3an, atsedenalditxo baten ondoren, berriz ere elurra egitea nahiko behean,  ziurgabetasuna handia bada ere.

Euskalmeten iragarpenen arabera, itsasoaren egoerak ere okerrera egingo du bihartik, hilaren 1etik, aurrera eta ipar haizea indartsu samar ibiliko da eta olatuak 3-4 metrotik gorakoak izan daitezke. Olatuen altuera ez da oso adierazgarria izango, baina egun hauetan marea oso biziak ere izango ditugunez, kostaldeko inpaktua espero dugu, bereziki ostiraleko, hilaren 2ko, lehenengo itsasgoran. Itsasgora hori goizaldeko 5:46an izango da, eta itsasaldiaren altuera 4,89 metrokoa izango da.

Oharra: Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.

 

Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza

Aholkuak eta gomendioak

1.- HERRITARRENTZAT

Prebentzio-neurriak:

Bidaiatu behar baduzu:

• Aldez aurretik eskatu errepideen egoerari buruzko informazioa Eusko Jaurlaritzako trafiko-zerbitzuaren 011 telefono-zenbakiaren eta Twitter (@trafikoaEJGV) bidez, eta egoera meteorologikoari buruzkoa Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.

• Eguraldia oso txarra bada, hobe da ez bidaiatzea

• Ahal izanez gero, garraio publikoa erabili.

• Edonola ere, jarraitu beti Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren gomendioak Twitter eta Internet bidez

Mendira joan behar baduzu:

• Alerta laranja aktibatuta badago, bertan behera utzi mendiko txangoak eta ibilaldiak.

Etxean

• Kontuz ibili berogailu-sistema osagarriekin, estufa edo sutontziekin, istripurik gerta ez dadin.

Elurretan ibilgailuan harrapatuta geratzen bazara:

• Ez atera autotik denboraleak barruan harrapatu bazaitu. Ez ahaztu telefono mugikorra, eta bateria ondo kargatuta eduki.

• Motorra piztuta eta berogailua jarrita eduki, eta tarteka airea berritu.

• Ez lo hartu. Tapakiren bat eskuratu, eta ondo jantzita egon.

Larrialdietan deitu 112 telefono-zenbakira

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko