
Gogorak lanean dihardu Zeanurin lurpetik ateratako bost milizianoak identifikatzeko eta beren familiartekoekin harremanetan jartzeko
Gogora Institutua eta Aranzadi Zientzia Elkartea lanean ari dira Altun mendian, Bizkaiko Zeanuri udalerrian, 2017ko azaroan lurpetik ateratako bost milizianoak identifikatzeko eta beren familiartekoekin harremanetan jartzeko. Horietako hiru unean zeukaten txapa-zenbakiaren bidez identifikatu ziren (Pedro García Gil, Pedro San Millán Beitia eta Isaías Rebollo Cardo), eta gerora egindako ikerketa historikoak beste biak identifikatzeko aukera-zantzu altuak dakartza (José María Alberdi Ruiz eta Valentín Fernández Soto).
Gogora eta Aranzadi gaur goizean Gogoraren egoitzara joan diren familietako laurekin jarri dira harremanetan, DNA laginak hartzeko; horren bidez, milizianoen identitatea egiaztatuko da. Nahiz eta plaka zeramatenen kasuan, identifikazioa ia erabat segurua den. José María Alberdiren kasuan, identifikazioa DNA probaren bitartez egiaztatuko da.
Valentín Fernández Sotoren familiartekoekin jarri behar da oraindik harremanetan; ikerketa historikoek bosgarren milizianotzat jotzen dute. Hori horrela, Aintzane Ezenarro Gogorako zuzendariak dei egin du, bere gaineko informazioa dutenak Gogorarekin harremanetan jar daitezen.
Familiartekoek emozioz jaso dute identifikazioaren albistea, eta eskerrak eman dituzte Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Gogorak elkarrekin egindako lanagatik.
Lurpetik ateratzea Zeanurin
2017ko azaroaren 18an, lurpetik atera ziren gorpu batzuk Altun mendian, Zeanurin, Pedro San Millán Beitiaren gorpuzkiak bilatzen ari zirela; lepoko zenbakidun plakari esker identifikatu zen. Lanak hasita, gerra-lubakia izan zen hartan beste lau gorpu aurkitu ziren, beste identifikazio-plaka birekin eta egunerokotasunean erabiltzen zituzten beste tresna batzuekin batera.
Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskal Prospekzio Taldeak identifikazio-plaken eta garaiko artxiboen inguruan eginiko lanari esker, ustez Pedro García Gilen eta José María Alberdiren familiartekoak direnak aurkitu dira, eta gaur eginiko frogaren bidez, modu zientifikoan egiaztatu ahalko da artxiboen bidez ziurtatu dena.