Eu

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 523.000 euro inbertituko ditu arte eszenikoen sustapenean, iaz baino 64.000 euro gehiago

2018.eko urtarrilak 31

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak arte eszenikoak sustatzeko diru-laguntza berriak aurkeztu ditu gaur, Bilboko Pabellon 6 gunean izandako aurkezpen batean. Azaldu duenez, deialdi berri hau antzerkiaren eta dantzaren inguruan politika bateratuak egiteko abiapuntua izango da eta, horretarako, 523.000 euro bideratuko dira diru-laguntzetan hauetan. Deialdi bateratu honek arte eszenikoen sustapenarekin loturiko orain arteko deialdi guztiak hartzen ditu eta, guztira, iaz baino 64.000 euro gehiago izango dira. Kopuru honetaz gain, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bestelako diru-laguntzak ditu arte eszenikoen ekoizpena eta sorkuntza sustatzeko. 

Sailburuarekin batera, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea eta Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendaria izan dira gaurko aurkezpenean, baita sektore honetako hainbat ordezkari ere. Eusko Jaurlaritzatik nabarmendu dutenez, gero eta beharrezkoagoa egiten zen “arte eszenikoak” bere osotasunean hartzea, gaur egun oso mehea baita dantzaren eta antzerkiaren arteko muga. “Askotan bat egiten duten bi lurralde dira eta beharrezko ikusten genuen aldaketa hau gauzatzea sustapenerako diru-laguntza deialditik hasita”, azaldu du Zupiriak.

Bost arlo

Deialdi berri honek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontuetan sakabanatuta ziren lau diru-laguntza deialdi hartu ditu, bai eta beste diru-laguntza deialdi batean txertatu zegoen beste modalitate bat ere. Hortaz, arte eszenikoak sustatzeko deialdi berriak bost arlo ezberdin izango ditu, eta iazko kopurua %13 baino gehiago igo da. Arlo hauek guztiek arte eszenikoen sustapenari lotutako ekimen guztiak hartzen dituzte, sustapenaren ikuspegi zabal batetik abiatuta: prestakuntza, egoitzak eta erakustaldiak. Hauexek dira bost modalitate horiek:

  • Antzerkiko profesionalen prestakuntza: 88.000 euro bideratuko dira arlo honetara, iazko kopurua bera. Onuradunak eragile pribatuak izango dira.
  • Dantza prestakuntza: Modalitate hau dantzaren arloko profesionalak trebatzera bideratuta dago. 70.000 euro bideratuko dira aurten, iaz baino 18.800 gehiago. Ikastaro edo formazio-proiektu zehatzak bultzatzen dituzten eragile pribatuak izango dira onuradunak. Arlo hau dantzaren ekoizpena bultzatzeko diru-laguntza deialditik atera da deialdi berri handi honetan txertatzeko.
  • Egoitza proiektuak: Modalitate honen bidez 80.000 euro bideratuko dira, iazko kopuru bera. Honen helburua da konpainien eta antzokien arteko elkarlana bultzatzea espazio publikoen erabilpena sustatzeko. Lankidetza publiko-pribatuan sakonduz, akordioak bideratu nahi dira antzokiek edo udalek tokiak eskain diezazkioten konpainiei han proiektu ezberdinak gara ditzaten.
  • Kale antzerkia bultzatuz: Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak 125.000 euro bideratuko ditu aurten modalitate honetara, iaz baino 25.000 euro gehiago. Honen helburua arte eszenikoen kale-zirkuitua sustatzea da, baita antzerki eta dantza konpainien bideragarritasuna bultzatzea ere. Kasu honetan, diru-laguntzak udalei zuzenduta daude, baina zeharkako onuradunak konpainiak dira, honi esker kontratazioak bultzatzen baitira. Horrez gain, erakustaldiak sustatuko diren heinean, kultura-eskaintza bultzatuko da eta hiritarrak ere horren onuradun izango dira.
  • Dantza Zirkuitua: Arlo honi dagokienez, aurten 160.000 euro izango dira dantza zirkuitua bultzatzeko, iaz baino 20.000 euro gehiago. Diru-laguntza hauek konpainiei ematen zaizkie eta hauen bidez kontratazioak areagotzen dira, zirkuituaren kalitatea hobetuz eta, kasu honetan ere, kultura-eskaintza ugalduz.

Berregituraketa honen bidez kulturaren balio-katearen fase ezberdinak era argiagoan geratzen dira bereizita. Deialdi handi honen barruan arte eszenikoen sustapenarekin lotutako diru-laguntzak daude, hauen ekoizpena eta sorkuntza beste bide batzuetatik bideratuko delarik. Horrela, antzerkiaren ekoizpena diruz laguntzeko Eusko Jaurlaritzak 880.000 euro bideratuko ditu aurten, iaz baino 30.000 euro gehiago. Dantzaren ekoizpenaren deialdiak (konpainien kontsolidazioa barne) 420.000 euroko aurrekontua izango du aurten, iaz baino 50.000 euro gehiago. Bestalde, sorkuntzari dagokienez, kulturaren sorkuntzarako deialdiak dituen zazpi modalitateen artean arte eszenikoei lotutako bi arlo ditugu: dantza koreografikoak (28.800 euro) eta antzerki testuak (52.000 euro). Azkenik, azpimarratu beharra dago Eusko Jaurlaritzak hainbat proiektu, jaialdi eta ekimen sustatzen dituela diru-laguntza izendunen bidez.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak