Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

EAEko 1.700en bat establezimenduk 36 milioi euro inbertitu dituzte merkataritzako ‘Renove’ Planari esker

2010.eko abenduak 26

Programa amaitu berria da, eta beste 350.000 euroko partida bat gehitu zaio onartutako eskaera guztiei aurre egiteko

Eusko Jaurlaritzak 4,7 milioi euroko diru-laguntzak eman ditu, hasieran aurreikusitakoa baino milioi bat gehiago

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila pozik dago sektoreak egoki erantzun duelako eta euskal merkataritza modernizatzeko konpromisoa hartu duelako bere gain

Programak arrakasta handia izan duela kontuan izanik, 2011. urtean ere indarrean egongo da, hasierako aurrekontua % 13 handituta (guztira, 4 milioi euro baino gehiago)

 

Merkataritzako ekipamenduak modernizatzeko laguntza-programa -edo merkataritzako 'Renove' Plana ere esaten zaio- amaitu da eta balantzea ezin hobea da. EAEko 1.700en bat denda izan dira 4,7 milioi euroko diru-laguntzen onuradun, eta diru-laguntza horiei esker, guztira 36 milioi euroko inbertsioa mobilizatu da sektorean.

Diru-laguntzak altzarietan, ekipamenduetan, obra zibilean, ekipo informatikoetan eta abarretan egindako inbertsioetara bideratu dira. Euskal merkataritza-sektorearen erantzuna hain ona izan da, ezen, azkenean, aurrekontua milioi bat eurotan handitu baita. Jaurlaritzaren Kontseiluak 700.000 euroko ekarpena egitea onartu zuen abenduaren 14an, baina orain beste ekarpen bat gehitu zaio, 350.000 eurokoa, onartutako eskaera guztiei aurre egitearren.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila pozik dago sektoreak egoki erantzun duelako eta euskal merkataritza modernizatzeko konpromisoa erakutsi duelako.

Aurten programak oso harrera ona izan duenez, 2011. urtean ere euskal merkataritza modernizatzeko laguntzei eutsi egingo zaie; hasierako aurrekontua 4.194.000 euro izango da laguntza-ildo horretarako, hau da, 2010ean onartutako hasierako partida baino % 13 handiagoa.

Merkataritzako 'Renove' planaren bidez dendak modernizatzea lortu nahi da, azpiegiturak eta kudeaketako tresnak aldatuta. Establezimenduen eta zerbitzuen erakargarritasuna areagotzea da xedea, balio erantsi handiagoa lortzeko asmoz (lokalak eta ibilgailuak erostea ez da barnean hartzen).

 

Eskaera kopuru bikoitza

Aurten, diruz lagun zitezkeen ekimenen ezaugarriak zabaldu egin ditu Jaurlaritzak eta horregatik, eskaera kopurua bikoiztu egin da. Hori horrela izanik, 2009an eta 2008an 804 eta 768 eskaera aurkeztu ziren, hurrenez hurren, baina 2010. urtean 1.655 izan dira.

Gutxienez duela hamarkada batetik hona, Eusko Jaurlaritzak aurkezten duen mota horretako lehen plana da.

Laguntzak honelakoak izan dira: itzuli beharrik gabeko % 15eko diru-laguntzak, altzarietan, obra zibilean, ekipamenduetan eta abarretan egindako inbertsioen kasuan; eta % 20ra bitarteko diru-laguntzak, aldiz, ekipo informatikoak, aplikazioak edo horien osagarriak erosteko inbertsioen kasuan. Diru-laguntzen zenbatekoa gehienez ere 12.000 € izan daiteke saltoki eta urte bakoitzeko.

Merkataritza modernizatzeko laguntzak arrazoi jakin batengatik sortu ziren; hain zuzen ere, aurten, Merkataritza Egokitzeko 2015 Plana onartu zenean, dokumentuaren ondorioetako bat zen EAEko merkataritza-establezimenduak, batez beste, zazpi urtean behin berritzen direla. Eta epe hori luzeegia da. Horregatik, batez besteko epe hori murrizteko eraberritze-prozesuei ekiteko laguntzak emateari lehentasuna eman dio Eusko Jaurlaritzak.

 

2010eko Merkataritzako 'Renove' Planaren laburpena

 

GUZTIRA

Araba

Gipuzkoa

Bizkaia

Eragindako inbertsioa, guztira

36.024.723 €

% 8,38

% 42,48

% 49,14

Onartutako inbertsioa

33.329.283 €

% 81,53

% 95

% 91,91

Emandako diru-laguntza

4.706.640 €

365.330 €

2.145.341 €

2.195.996 €

Establezimenduak berritzera bideratutako inbertsioa

% 84,83

% 81

% 85

% 85

Ekipamendu informatikoetan eta bestelakoetan egindako inbertsioa

% 15,17

% 19

% 15

% 15

Jasotako eskaerak

1.791

168

795

828

Onartutako eskaerak

1.655

164

726

765

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 26a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan