Eu

Lurralde Antolamendurako Batzordeak aho batez baimendu du Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen hasierako onarpen

2018.eko urtarrilak 31
  • Dokumentua ekarpen garrantzitsuak gehitzen joan da, hainbat gaitan herritarren eta erakundeen parte-hartzearen ondorioz: mugikortasuna, hondakinen kudeaketa eta ekonomia zirkularra, landa-eremua, ekosistemak, azpiegitura berdeak edo paisaia.

 

  • Lurralde Antolamendurako Batzordea Eusko Jaurlaritzaren zenbait sailetako ordezkariek, hiru Foru Aldundiek, EUDELek, URAk eta Estatuko Administrazioak osatzen dute.  

 

Lurralde Antolamendurako Batzordea gaur bildu da Lakuan Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriola buru zela. Batzordeak onartu egin du Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAG) hasierako onarpenerako dokumentua.

Akordioa aho batez hartu da eta EUDEL, URA, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundi, Estatuaren Administrazio eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura, Segurtasun, Kultura eta Hizkuntza Politika eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Sailen ordezkariek onartu dute.

Pasa den urteko otsaileko LAGen Aurrerapena onartu zenetik, dokumentua ekarpen garrantzitsuak gehitzen joan da, hainbat gaitan herritarren eta erakundeen parte-hartzearen ondorioz: mugikortasuna, hondakinen kudeaketa eta ekonomia zirkularra, landa-eremua, ekosistemak, azpiegitura berdeak edo paisaia. Erronka horiek guztiek datozen urteotarako lurralde-estrategia osatuko dute.

Arriola sailburuak adierazi du erronka horiek, funtsean, hiri bizigarriak eraikitzea dela, “biztanleei bizi-baldintza duinak bermatuko dizkien hiria eraikitzea, ingurumen, lan-mundu, etxebizitza eta oinarrizko zerbitzuak jasotzearen ikuspegitik”.

Halaber, lurraldea zerbait bizia, dinamikoa dela ulertzea da; bertan hirigune, landa-eremu eta naturaren arteko ohiko zatiketa gainditu eta dena elkarrekin nahastuta dagoela ulertu behar da, eta horrek baliabideen kudeaketa eraginkorrarekin du lotura.

Dokumentuak jorratzen ditu, baita ere, beste zeharkako gai batzuk, besteak beste, genero-ikuspegia, herritarren zahartzea, osasuna, irisgarritasuna, immigrazioa, klima-aldaketa eta dagokion gobernantza.

Gai horiek guztiek merezi dute berariaz jorratzea, baina Arriola sailburuak bi gai zehatz nabarmendu nahi izan ditu: genero-ikuspegia eta klima-aldaketa.

Lehenengoari dagokionez, Zaintzaren Hiria kontzeptua azpimarratu du, berritzailea eta aitzindaria delako: hiri horrek modu kolektiboan zaindu nahi ditu gero eta menpekotasun handiagoa duen biztanleriaren beharrizanak. Hiri konpaktua da hori, nahiko dentsoa, distantzia laburrekoa eta gertukoa, garraio publiko sistema ona duena, espazio publiko seguruak eta erabilerak nahasten dituena.

Klima-aldaketari dagokionez, nabarmendu duenez, lurralde- eta hiri-plangintzaren bidez “berotze globalaren ondoriozko arriskuei aurre hartu eta etorkizunaren ziurgabetasunak murriztu behar ditugu, pertsonen osasunaren eta segurtasunaren gaineko ondorioak minimizatzeko”.

Lurralde Antolamenduaren Batzordeak bere oniritzia eman ondoren, informazio publikorako aldiari ekingo zaio, eta bi hilekoa izango Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren. Horren ostean, jasotako alegazioen aztertze-aldiari ekingo zaio eta, hortaz, LAGen behin-behineko onarpena azaroan ospatuko den Euskal Hiria Kongresuaren aurretik jasotzea aurreikusi da. Gidalerroak 2019an onartuko dira behin betiko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak