Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak oinarrizko hitzarmen bat sinatu du EUDEL – Euskadiko Udalen Elkartearekin, polizien arteko lankidetza eta koordinazioa hobetzeko

2018.eko otsailak 01

Ertzaintzaren eta udaltzaingoen artean aldebiko hitzarmen espezifikoak izenpetzea ahalbidetuko du

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak eta EUDELen lehendakari Imanol Landak hitzarmen bat izenpetu dute gaur goizean polizia-lankidetzarako eta -koordinaziorako esparru egonkor bat ezartzeko esparruari borondatez atxikitzen zaizkion euskal udalentzat. Hitzarmenaren bidez lankidetzarako mekanismoak eguneratu nahi dira orain arteko esperientzia eta egin diren lege-aldaketak kontuan hartuta, udaltzaingoen arteko koordinazioaren arloan egin diren lanei jarraipena emanez eta aldebiko hitzarmen edo akordio espezifikoak izenpetzea ahalbidetuz.

Hitzarmenean jaso da euskal polizia-ereduak polizia kidegoen arteko osagarritasuna lortzea eskatzen duela elkarrekiko erlazioak eta elkarren arteko lankidetza ahalbidetuko dituzten mekanismoak ezarrita.

Ekainaren 28ko 15/2012 Legearen, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzekoaren, 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera, Ertzaintzak eta udaltzaingoek elkarri lagundu eta informazioa eman beharko diote; erabilera komuneko komunikazio-sare bat sortu eta mantenduko dute eta komunikazio-zentralen arteko komunikazioa bideratuko dute; behar diren neurriak hartuko dituzte udaltzaingoak Euskal Herriko Poliziaren Datu Bilketarako Zentroan sar daitezen; polizia-instalazioen erabilera partekatua eta zerbitzu komunak sortzea bultzatuko dute eta  agiri, inprimaki eta formulario komunen erabilera bultzatuko dute. Horretarako, tokiko polizia-koordinaziorako batzordeak eta polizia-lankidetzarako hitzarmenak sinatzea aurreikusten da.

Testuinguru horretan, EUDEL – Euskadiko Udalen Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren borondatea da bi administrazioen mende dauden polizia-kidegoei izendatutako zereginak gauzatzean ahalik eta lankidetzarik eta koordinaziorik handiena lortzea, eta, horretarako, EAEko Administrazioaren eta udalen arteko oinarrizko lankidetza-hitzarmenaren eredua onartu dute, hitzarmenari borondatez atxikitzen zaizkion udalentzat, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko elkarlanerako.

Oinarrizko hitzarmena polizia-lankidetzarako eredu bat da, eta Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko harremanen alderdi orokorrei aplikatu ahal izango zaie agiri irekia eta malgua denez, eta udalerri bakoitzeko errealitateetara eta premietara doituko da. Inguruabar horiek kontuan izango dira aldeek, udaltzaingo bakoitzaren tamaina kontuan hartuta, adosten eta erabakitzen dituzten aldebiko protokoloetan, eta, nolanahi ere, udal-autonomiaren printzipioa erabat errespetatuko dela bermatuko dute.

Hitzarmen honen xedea da Segurtasun Sailaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoaren  eta EUDEL – Euskadiko Udalen Elkartearen artean lankidetza-esparru egonkor bat ezartzea polizia-lankidetzaren eta -koordinazioaren arloan.

Oinarrizko hitzarmenean jaso denez, EUDELen eta Segurtasun Sailaren arteko elkarlanak honako jarduera-eremuak hartuko ditu bere baitan:

a) Udaltzaingoen antolaketari eta funtzionamenduari buruzko araudiak hurbiltzea ahalbidetuko duten azterketak.

b) Udaltzaingoen egitura, langile-zerrendak, baliabide teknikoak, armak, ekipamendua, uniformeak eta lanbidea egiaztatzeko dokumentazioa homogeneizatzen laguntzea.

c) Udaltzainak hautatzeko prozesuak eta udaltzainen prestakuntza homogeneizatzea eta arlo horretan hobekuntzak egitea sustatzea.

d) Udaltzaingoetako langileen araubide juridikoari buruzko alderdiak eguneratzeko proposamenak egitea.

e) Udaltzaingoen baitan berdintasun-politikak sustatzea.

f) Lan-prozedurak homologatzeko irizpideak sustatzea.

g) Udalen arteko lankidetza sustatzea egoera berezietan edo ezohikoetan sortzen diren premiei erantzuteko.

h) Hitzarmen honi erantsitako oinarrizko lankidetza-hitzarmenaren eredua sustatzea. Bertan arautzen dira Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko lankidetzarako eta koordinaziorako prozedurak eta bideak, eta helburua du lurraldean erabilgarri dauden polizia-baliabideak optimizatzea eta herritarrek segurtasun publikoaren arloan dituzten premiei erantzun hobea ematea.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2018.eko otsailak 02

    Comentario de Twitter:
    El Departamento de Seguridad firma un convenio marco con la Asociación de Municipios Vascos -EUDEL- para mejorar... https://t.co/5vmSKKSnsV

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Imanol Landa, EUDELen lehendakaria