Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak sindikatu abertzaleek deituriko beste greba orokor bati egin beharko dio aurre

2010.eko abenduak 23

Erabaki ororen aurka egon eta greba orokorrak deitzeaz gain, zer egin nahi dute beren Herriaren alde?

ELAk eta LABek greba orokorra deitu dute berriz urtarrilaren 27rako, beste sindikatu abertzale txikiagoen babesarekin. Kasu honetan oraindik eztabaida prozesuan dagoen pentsioen erreformaren aurka antolatu dute. Sindikatu horiek urte eta erdi luzean deituriko hirugarren greba orokorra izango da hau (laugarrena euskal Sektore Publikoan eginikoa zenbatzen badugu). Guztiak 2009ko maiatzean PSE-EE alderdia gobernura iritsi zenetik izan dira. Eta besteetan bezalaxe, prebentzio izaera edukiko du, baita gainerako sindikatuekiko lehia erakutsi eta haiek ahultzeko asmoa ere, haiekin ezertan ere bat egingo ez dutela adierazteko.

Muturreko tresna hori behin eta berriz erabiltzeak, are gehiago euskal gizarte guztiari eragiten dion krisi zail eta sakonean murgilduta gaudela, agerian uzten du haien arrazoiak deialdian argudiaturikoak baino harago doazela.

Eusko Jaurlaritzak primeran ulertzen du nazioartean ere eragina izan duten nahasmendu ekonomiko eta finantzario horiek gizartean sorturiko kezka eta ezinegona; astindu horien ondorioz sakrifizioak egin behar dira, baina, tamalez, krisiaren sorreran erantzukizun gehien izan dutenek ez dute horrela ikusten. Nolanahi ere, ez dirudi lanuzte orokor berri bat deitzea denik sortutako egoeraren aurrean erantzunik egoki eta positiboena. Aldiz, gure ekonomian ikus daitezkeen indartze zantzu argiak eragoztea baino ez du lortuko, nahiz eta oso jende gutxik jarraitu.

Gogorarazi beharra dago greba deitu duten sindikatuek ez dutela Gobernuak bereziki krisiaren ondorioak eta, batez ere, enpleguaren gainekoak, arintzeko babesturiko Gizarte Elkarrizketako Mahaian parte hartu nahi izan, ezta beste edozein eztabaida forotan ere. Ondorioz, ez legoke gaizki haiei galdetzea greba orokorrak deitu eta guzti guztiari ezezko borobilak emateaz gain beren Herriaren eta bertako herritarren alde zer egiteko prest dauden.

Eusko Jaurlaritza sinetsita dago egoera zail honetan EAEko herritarrek zein langileek jakingo dutela arriskuan dagoena baloratzen eta arduratsu jokatzen, aurrekoetan gertatu den bezalaxe.

 

 

Iruzkin bat
  • @asiersar
    2010.eko abenduak 23

    Comentario de Twitter:
    Irekia, el instrumento de propaganda del GV: http://is.gd/jjy28 http://is.gd/jjxYM

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan