Eu

Kontroleko osoko bilkura (2018/02/02)

2018.eko otsailak 02

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

Galdera, Aitor Urrutia Oianguren Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Familiei Laguntzeko Plan berriari buruz.   

Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu du demografia eta familientzako laguntza “herrialde-erronka” dela, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu duela “politika proaktiboak eta positiboak” dituen Familiei Laguntzeko Plan berrian baliabideak gehitzeko. Itun horrek Familiaren Euskal Kontseiluaren “ahobatezko babesa” jaso du, eta konpromisoen dekalogo bat biltzen du. Katalogo horrek “Europara hurbiltzen gaitu”, eta, konpromisoei esker, aurrera egin ahal izango da haurren arloan inbertitzeko, aukera-berdintasuna eta gizarte-mugikortasuna bultzatuko duten baldintzak sortzeko, gazteen enplegua eta emantzipazioa bultzatzeko, seme-alabak dituzten familiei laguntzeko, emakumeek enplegu ordaindua eta kalitatekoa lortzeko aukera bultzatzeko eta soldata-arraila murrizteko bidean.

Lehendakariak gogorarazi duenez, Euskadi “familiei gehien laguntzen dien” Autonomia Erkidegoa da, jaiotza-tasa oso baxua bada ere. “Horrek esan nahi du gehiago egin behar dugula”, gaineratu du. Planteatutako neurrien artean, honako hauek azpimarratu ditu: jaiotzak bultzatzeko eta lana eta familia bateragarri egiteko laguntzak, gurasotasun positiboko politikak, familia-bitartekotza, lana eta familia arduraz bateragarri egiteko `Bateratu´ zerbitzua, enpresen egituran bateratze-neurriak txertatzeko aholkularitza, eta Haurreskolak Partzuergorako laguntza.

Galdera, Nerea Kortajarena Ibañez EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Jaurlaritzak gizartean errotzen ari diren errealitate berriei ematen dien erantzunaren inguruan. 

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzak “hurbiletik” ezagutzen dituela euskal gizartearen arazoak, baina azpimarratu du Euskadik “indarra berreskuratu duela”. Izan ere, inbertitu eta esportatu egiten du, hazten ari da, eta enplegua sortzen du. Adibidez, azpimarratu du 2017. urtean landunen urteko batezbestekoa 915.000 pertsonara iritsi dela eta erregistro hori azken sei urteetako handiena izan dela. Enplegua berreskuratzeko prozesuan, industria izan da protagonista, % 4,6ko hazkundea izan baitu, hau da, 2001. urteaz geroztik izan den handiena. “Hobeto gaude eta gauza asko egin behar dira oraindik; lanean jarraituko dugu agente ekonomiko eta sozial guztiak enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa lortzeko helburuan inplikatzeko”, adierazi du.

Lehendakariak gogorarazi du Euskadi gastu sozialik handieneko Autonomia Erkidegoa dela. Zehazki, aurrekontuaren % 77 hartzen du gastu horrek. Adierazi duenez, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren hartzaileak gutxiago badira ere, aurrekontu-inbertsioari eutsi zaio. Gaur egun, 12.000 pertsonak jasotzen dute laguntza publikoa beren soldata Diru-sarrerak Bermatzeko Errentara iristeko.

Galdera, Lander Martínez Hierro Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Ertzaintzak "De Miguel" kasuaren ikerketan egindako lanari buruz.  

`De Miguel´ kasuari dagokionez, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzak “egin behar duena” egiten jarraituko duela, hau da, interes ekonomiko publikoa defendatzen, pertsona guztien errugabetasun-presuntzioa zaintzen eta lan eta erabaki judizialak errespetatzen, azken berediktuaren zain. Gainera, Ertzaintzak polizia judizial gisa erakutsi duen profesionaltasunarekiko “erabateko babesa” agertu du, “une oro lagundu baitu eskatu zaion orotan”.

Erakunde-eremuan eta eremu politikoan oso “bizkor” erantzun dela azpimarratu du. “Orain epaituta dauden pertsonek ordu gutxi batzuetan utzi zituzten beren karguak”, gaineratu du. 

Galdera, Alfonso Alonso Aranegui Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, 1960 eta 2014 bitarteko Torturei buruzko Txostenari buruz.  

Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu duenez, UPV/EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako txostenak agerian utzi du ikerketak “ez duela salaketa anonimorik jaso” (salaketa guztiek baitute identifikatuta salatzailea), eta ez dagoela Ertzaintzaren kontrako kondena judizialik torturengatik. Txosten hori egitea, nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzaren 2013-2016ko Bake eta Bizikidetza Planean jasota zegoen, eta egiaztatu du Ertzaintzak torturaren aurkako prebentzio-eredu bat sustatu duela eta erakunde ikuskatzaileek eta giza eskubideen erakundeek “balorazio positiboa” egin dutela eredu horren inguruan.

Lehendakariak adierazi du prebentzio-eredu “egiaztatu” horretaz harro dagoela, azterlan horretan erakutsitako “gardentasunaz eta laguntzeko prestasunaz” bezalaxe. “Erantzukizuna bere gain hartzeko, zerbitzu publikoa hobetzeko eta eskubideak hobeto bermatzeko espiritu konstruktibo batekin beti”, adierazi du.

Lehendakariak gogorarazi du ikerketa horiek “hitza eman dietela salatzaileei, eta biktimak izan direla ardatza”. “Urraketa horiek gertatu egin dira, eta biktimek hori aitortzea merezi dute”, gaineratu du. 

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, erabakitzeko eskubideari eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako estatus politiko berriari buruz. 

Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du autogobernua “guztion ondasuna” dela, eta Eusko Legebiltzarrak akordio bat lortzeko erantzukizuna duela, gizarteak hori eskatzen baitu. “Legebiltzar-taldeek hori egiteko aukera dute”, adierazi du. Ildo horretan, desberdinen arteko elkar ulertzearen alde agertu da Urkullu. “Horretarako, zubi gehiago eta baldintza gutxiago jarri behar dira”, adierazi du. 

Urkulluk gogorarazi du bi taldeek adostutako Gobernu Programak kontuan hartzen duela Autogobernu Lantaldearen barruan erabakitzeko eskubideari buruz eztabaidatzeko aukera.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak