Berriak Lehendakaritza
Eu

Eskualdeetako Komitearen Europako etorkizunari buruzko eztabaidetan parte hartzen ari da Eusko Jaurlaritza

2018.eko otsailak 01

Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusi Marian Elorza izango da Europako legediari buruzko Eusko Jaurlaritzaren jarrera defendatuko duena egun hauetan Bruselan egiten ari diren Europako Eskualdeetako Komitearen Osoko Bilkuran.

Europako Batzordeko Lehendakariorde Frans Timmermansek ere esku hartuko du bileran. Task Force-ko lehendakaria da bera, Subsidiariotasunari eta Proportzionaltasunari buruzko hausnarketaz arduratzen den taldekoa. Lan-talde bat da, Estatuetako parlamentuetako, Europako Parlamentuko eta Eskualdeetako Komiteko ordezkariek osatua, eta lanean dihardu zehazteko zeintzuk diren  erkidegoko Estatuetako gobernuetan EBak berriro eskuordetu ditzakeen eskumenak, eta formulak aztertzeko erakunde azpiestatalek Batasuneko politiken lanketan duten partaidetza hobetze aldera. Gainera, aurreikusita dago Ekonomia eta Diru Batasuneko etorkizuneko zuzendaritzari buruzko eztabaida bat egitea Portugaleko lehen ministro António Costaren esku-hartzearekin, eta baita beste bat ere Bulgariako presentzia berriari buruzkoa Europar Batasunaren Kontseiluan, Bulgariako lehen ministro orde Tomislav Donchevekin. 

Aldi honetan, Eskualdeetako Komiteak hamaika irizpen eta hiru ebazpen eztabaidatu eta bozkatuko ditu guztira, eskualdeetako eta tokiko politiketan eragina duten zenbait arau komunitariori buruzkoak. Eusko Jaurlaritzak 16 zuzenketa aurkeztuko ditu espezie gatazkatsuekin elkar bizitzea sustatzeari buruzko irizpenei eta EBeko finantzen etorkizunari buruzko hausnarketa jasotzen duen Txostenari lotutakoak; baita Hazkundeari buruzko Europako Batzordearen Urteko Azterlan Prospektiboaren gaineko Ebazpenari lotutakoak ere. 

Zehazki, eta natura babesteko EBaren Zuzentarauen esparruan espezie gatazkatsuekin elkar bizitzea sustatzeari buruzko irizpenari dagokionez, euskal Exekutiboa alde agertzen da nekazaritzaren sektoreko ordezkariek parte har dezaten bizikidetzako politika egokietan eta natura babesteko neurrietan, haien jarduera ekonomikoarentzat eraso bat izan baitaiteke espezie harrapakariekin topo egitea. 

EBaren finantzen etorkizunari buruzko hausnarketa biltzen duen Txostenari dagokionez, aurrekontuen planerako erronken analisian eta 2020aren ondorengo urte anitzeko finantza-esparruaren lanketan, eskualdeetako erakundeak, batez ere lege-eskumenak eta eskumen esklusiboak dagozkienean, bereziki kontuan hartuak izateko premia defendatzen du Euskadik. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak