Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak iaz baino kanpaina gehiago programatu ditu abiadura, arreta galtzeak eta eskola-garraioa kontrolatzeko

2018.eko urtarrilak 30

2018rako Zaintza eta Kontrol Egutegian Ertzaintzak udaltzaingoekin lankidetzan egingo dituen 40 kanpaina jaso dira

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak gaur goizean aurkeztu du Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, aurten beteko duen Zaintza eta Kontrol Egutegia. Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan egin den lan-bileran izan dira Rodrigo Gartzia Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaria, Iñigo Ibarra Ertzaintzaren Trafikoko Burutza Nagusiko intendenteburua, Aitor Lete Udaltzaingoak Koordinatzeko Arloko burua, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaltzaingoetako ordezkariak. Aurreikusi da guztira 40 kanpaina egingo direla zenbait arrisku-faktore zaintzeko (abiadura, arreta galtzea, alkohola eta drogak,…). Helburua da bide-segurtasuna hobetzea eta trafiko-istripuetako biktimen kopurua murriztea.

Egutegia 2017an izandako istripuei buruzko datuak kontuan izanda prestatu da. Motozikleten abiadura kontrolatzeko bi kanpaina bereziak mantendu egingo dira –lehenbiziko aldiz iaz egin ziren–, era guztietako ibilgailuen abiadura kontrolatzeko 5 kanpaina egingo dira aurten (iaz 4 egin ziren), arreta  galtzeak kontrolatzeko 4 (iaz 3 egin ziren) eta eskola-garraioa kontrolatzeko 2 (iaz bakarra egin zen). Guztira, iaz baino hiru kanpaina gehiago egitea aurreikusten da (abiadura kontrolatzekoa, arreta-galtzeak kontrolatzekoa eta eskola-garraioa kontrolatzekoa, hurrenez hurren).

“Egutegian beste hiru kanpaina sartu ditugu 2017ko istripuei buruzko datuak aztertu ondoren –azaldu du Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak–. Gidatzean arreta galtzea heriotza eragin duten istripuen % 30etan eta zauritu larriak eragin dituzten istripuen % 40tan agertzen den faktorea da. Eta abiadura desegokian gidatzen duten pertsonak kontrolatzeak lehentasun osoa du gure ustez, portaera arriskutsuak zuzentzea eta errepideetako istripuen tasak murrizteko berriro heztea lortzeko. Udaltzaingoen eta Ertzaintzaren artean koordinatutako egutegi hau prestatzean 2015-2020 aldirako Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoan ezarritako ildoetako bat betetzen ari gara”.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak planifikatzen eta koordinatzen ditu Ertzaintzaren Trafikoko Lurralde Unitateek eta udaltzaingoek urtearen barruan egin behar dituzten zaintza- eta kontrol-kanpaina horiek.

2017ko zaintza-kanpainetan guztira 10.824 kontrol egin ziren, eta kontrol horietan 166.509 proba egin ziren eta 11.438 arau-hauste hauteman zen. Kontroletan batez beste % 6,9k eman zuen emaitza positiboa (iaz baino % 2,1 gehiagok).

2018rako Zaintza eta Kontrol Egutegian alkohol- eta droga-kanpainak egitea aurreikusten da, bai eta honako hauek kontrolatzekoak ere: arreta galtzeak, hiri-bideetako harrapaketak, eskola-garraioa eta salgaien eta pertsonen garraioa, abiadura (motozikleten abiadurari buruzko bi kanpaina berezi), uhalaren eta haurrak eusteko sistemen erabilera eta bigarren mailako errepideetako baldintza teknikoak motozikleten, ziklomotorren eta bizikleten kasuan.  (Egutegia erantsi da).

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jefes de PPLL