Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriartek hezkuntza eskumenekiko errespetua galdegin du, ituna erdiesteko

2018.eko urtarrilak 29
  • Hezkuntza sailburuak Senatuan parte hartu du, Hezkuntza-ituna Aztertzeko Ponentzian

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak gaur arratsaldez Senatuan hitza hartu du, Hezkuntza-ituna lortzeko helburuz burutzen ari den Ponentziaren saio berri batean. Batzorde honek balizko itun baten inguruan Autonomia Erkidegoek duten iritzia eta ikuspuntua jaso asmo du.

Bere hitzaldian Uriarte sailburuak nabarmendu duenez, Euskadik beti defendatu izan du akordioaren kultura, hezkuntza sistema hobetzea ahalbidetuko duten ekimenak adosteko funtsezko tresna gisa. Hala ere, eta egun lantzen ari den Estatuko Hezkuntza-itunari dagokionez, Euskadiren hezkuntza-eskumenak errespetatzeko exijentzia berrertsi du Uriartek, edozein akordio erdietsi aurretiko pausoen artean: “Gure Autonomia Erkidegoak eskumenen aldetik duen berezitasuna dugu abiapuntuan. Alde horretatik, ezinbestekoa da Euskadik hezkuntza arloan dituen eskumenekiko erabateko errespetua, kontsentsuan oinarrituriko gure hezkuntza sistemaren garapena ahalbidetu dadin horrela”.

Uriarte sailburuak salatu du Gobernu zentrala Euskadik hezkuntzan dituen eskuduntzak murrizteko ahaleginean ari dela, oinarrizko arauditzat jotzen dituzten eta Lege maila duten arauen bidez, eta horiek garatzen dituzten Lege Dekretuen bidez. Era berean, Euskadik bere eskumenen egikaritzapenean garatzen dituen arauen kontra Gobernu zentralak sistematikoki helegiteak aurkeztu izana kritikatu du Uriartek, eta baita Auzitegi Konstituzionalak horietaz egin izan duen interpretazioa ere. Jokaera horiek, Euskadik hezkuntza arloan duen erabateko eskumena mugatu eta hustu egin dute.

Horregatik, Espainiako Gobernuak etengabe gaiak auzipetzeko hartua duen bidea albo batera uzteko beharra defendatu du sailburuak, eta eskaera egin dio akordioaren aldeko ibilbide berriari ekin diezaion. Jarrera aldaketa horrek, baldin eta gertatuko balitz, erraztu egin lezake Estatuan Hezkuntza-ituna lortzeko Euskadiren inplikazioa.

Bere agerraldian, euskal hezkuntza sistemaren funtsezko alderdiak ere zehaztu ditu Cristina Uriartek: ekitatea eta aukera berdintasuna nagusitzen diren hezkuntza sistema, eta 1993ko Euskal Eskola Publikoaren Legean oinarritzen dena.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GlaciarBlue
    2018.eko urtarrilak 30

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: .@c_uriartetoledo sailburuak hezkuntza eskumenekiko errespetua galdegin du, ituna erdiesteko ➡︎ https://t.co/L8KnUpF5Yk https…

  • @GlaciarBlue
    2018.eko urtarrilak 30

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: La consejera @c_uriartetoledo exige respeto a las competencias en educación para alcanzar un pacto ➡︎ https://t.co/BwoxkZwJVs

Ekitaldiko kargudunak