Berriak Hezkuntza
Eu

Hezkuntza Sailaren eta UPV/EHUren arteko hitzarmena berritzea, ikasleei zuzenduriko jarduera praktikoak burutzeko (Gobernu Bilera 2018-01-2018)

2018.eko urtarrilak 30

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Hezkuntza Sailaren eta UPV/EHUren arteko lankidetza hitzarmena berritzea. Hitzarmen honen ondorioz Batxilergoko eta Lanbide Heziketako, Arte Irakaskuntzetako eta Kirol Irakaskuntzetako Goi Mailako prestakuntza zikloetako ikasleei zuzenduriko jarduera praktikoak burutzen jarraitu ahal izango da, baita DBHko etapara zuzendutako bestelako orientazio jarduerak ere.

Aipaturiko ikasle horiei zuzenduriko jarduera praktikoak proposatzeaz eta antolatzeaz UPV/EHUko Fakultateak eta Eskolak arduratuko dira, landu beharreko gaiaren arabera. Jarduerak aurrera eramateko beharrezko diren instalazioak, azpiegitura, materiala eta irakasleak ere eurek hornituko dituzte. Hezkuntza Sailak aldiz, jarduerok burutzeko diru ekarpen bat egingo du. 2018an 74.564 eurokoa da kopuru hori.

Ikastetxeen eta unibertsitate eremuaren arteko hurbilketa errazten duen ekimena izanik hau, eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen unibertsitate ikasketekiko interesa pizten duenez, hitzarmen honen eta beronen bidez burutzen diren jardueren helburuen artean honako hauek nabarmendu daitezke: bokazioak sortzea, eta ikasleei azaltzea aukeratutako jarduerari dagozkion unibertsitateko ikasketek zein garrantzi duten egungo gizartean. 

Berritze honek dakarren berritasun nagusia honako hau da: hitzarmena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara ere hedatzen dela orain, ikasleei zein orientatzaileei zuzendutako bestelako orientazio jardueren bidez.

3.174 ikasle aurreko ikasturtean

Joan zen 2016-2017 ikasturtean, Euskadiko 147 ikastetxetako 3.174 ikaslek parte hartu zuten UPV/EHUko Fakultate eta Eskolek antolaturiko jarduera praktikoetan. Orotara 52 jarduera praktiko burutu ziren, unibertsitate publikoko 16 Fakultate eta Eskolak antolaturik, ezagutzaren bost arlo hauetan: Zientziak; Ingeniaritza eta Arkitektura; Osasun Zientziak; Gizarte eta Lege Zientziak; Arteak eta Humanitatea. Ekimenean azken hiru ikasturteetan parte hartu duten ikasle kopurua 10.555era iristen da.

Hitzarmen berriak urtebeteko indarraldia izango du sinatzen den unetik aurrera, eta urterik urte luzatuko da, gehienez ere beste lau urtean.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko