Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzak sare elektriko adimendunetan inbertitzea adostu dute, Bilbon eta Portugaleten

2010.eko abenduak 22

Egitasmoak 60 milioi euroko inbertsioa ekarriko du hurrengo 3 urtean

 

  • BBK eta Bizkaiko Foru Aldundia proiektuaren laguntzaile dira, eta egitasmoaren finantza egituraketan eta diseinuan arituko dira.
  • Sare elektriko adimendunak elektrizitatea banatzen duten sareak izateaz gain, enpresa banatzaileei eta erabiltzaileei informazioa emateko sistemak ere badituzte.
  • Inbertsioek mundu mailan erreferente teknologikoa izan nahi dute eta energiari lotutako enpresa eta azpiegiturak erakarri eta sustatzen lagunduko dute.

 

Bilbo, 2010eko abenduaren 22a - Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bidez,  lankidetza protokolo bat sinatu dute gaur, Bilbo eta Portugalete hiri guneetan elektrizitatea banatzeko sare adimendunak diseinatu eta jartzeko konpromisoa jasotzen duen protokoloa, hain zuzen ere. Egitasmoak, guztira, 60 milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko du hurrengo hiru urtean. BBK-k eta Bizkaiko Foru Aldundiak ere izenpetu dute lankidetza protokoloa eta laguntzaile gisa arituko dira egitasmoaren finantza egituraketan eta diseinuan.

 

 

IBERDROLAk zuzendu edo gidatuko du Sare Adimendunak deritzon egitasmoa, teknologia alderdiari dagokionez. Hala, Bilbon eta Portugaleten dituen banaketa-azpiegiturak egitasmoaren eskura jarriko ditu, eta egingo dituen inbertsioei esker, enpresa elektriko eredugarri izaten jarraituko du, haren sare elektrikoen kalitate eta eraginkortasunaren ikuspuntutik. Eusko Jaurlaritzak, berriz, EEEren bitartez, finantza laguntza emango du, egin beharreko inbertsioek dakartzaten arrisku ekonomiko eta teknologikoak partekatzeko. Gainera, energiaren aurrezpen eta eraginkortasun aldetik, egitasmoak azken kontsumitzaileengan izango duen eragina aztertuko du, eduki behar dituen eskakizun eta zehaztasun teknikoak finkatuz, eta elektrizitatea banatzeko zerbitzuaren kalitatea hobetzeko eta hari lotutako garapen teknologikoa bultzatzeko bideak eta bitartekoak jarriko ditu.

 

Bizkaiko Foru Aldundiari dagokionez, Bizkaian dituen baliabideak eta gaiaren inguruko ezagutza jarriko ditu Sare Adimendunak egitasmoaren zerbitzura, proiektuaren egituraketa eta ezarpena modu eragingarrian gauzatu ahal izateko; betiere, indarrean dagoen lege esparrua aintzakotzat hartuz. BBK, aldiz, Sare Adimendunak egitasmoaren finantza diseinu eta egituraketa egiteaz arduratuko da, proiektua bideragarri egiteko eta ahalik eta lasterren garatu ahal izateko.

 

Aurreikuspenen arabera, guztira, datozen hiru urtean sare adimendun berri horiek jartzeko inbertsioa 60 milioi euro ingurukoa izango da. Egitasmoa garatzeari begira, sozietate instrumental bat eratuko dela espero da, Iberdrolaren eta Energiaren Euskal Erakundearen artean. Hartara, energia elektrikoa banatzeko egungo instalazioak  hobetzeko eta berritzeko egin beharreko diru inbertsioak egingo dituzte konpainia elektrikoak eta EEEk. Inbertsio horien bidez, egitasmoa erreferente teknologikoa egin nahi dute mundu mailan eta Euskadira energiari lotutako enpresa eta azpiegitura berritzaileak ekartzea ahalbidetuko da.

 

Helburu handinahiak

Banaketa sareak honako era honetan bideratzen dute energia elektrikoa: goi tentsioko garraio lineetatik elektrizitate-kontsumoa egiten den guneetara, hau da, enpresetara eta etxebizitza partikularretara. Sare adimendunak, funtsean, enpresa banatzaileei eta erabiltzaileei informazioa emateko sistemak eta gailuak dituzten banaketa sareak dira, energia elektrikoaren erabilera egokia egin ahal izateko. Sare adimendunak abian jartzeak ekarriko du, besteak beste, gaur egungo kontagailuak aldatzea edo ordezkatzea, eta horien ordez, kontagailu adimendunak jartzea, enpresa banatzaileari aldian-aldian egiten diren kontagailuen irakurketak modu automatikoan helarazteko gai diren kontagailu adimendunak, hain juxtu ere.

 

Elektrizitatea banatzeko sare adimendunen ezarpenaren bitartez helburu hauek lortu nahi dira: sareen erabiltzaileek onurak eta abantailak edo etekinak izatea, gizarteari, oro har, zerbitzu hobea ematea eta inguru sozio-ekonomikoa sustatzea. Zehazki, sare adimendunek ekarriko dituzten onurak eta abantailak hauexek dira:

 

Erabiltzaileentzako onurak:

 

  • - Kontagailu adimendunei esker, erabiltzaileek jasotzen duten horniduraren banakako kalitateaz eta kontsumo ohituraz informazio zehatza izango dute. Hartara, erabiltzaileek kontsumitzen duten energia elektrikoaren inguruan erabakiak hartzeko informazio egokia izango dute eskura.
  • - Fakturazioa beti irakurketa errealetan oinarrituta egingo da.
  • - Elektrizitate horniduraren kalitatea hobetuko da.
  • - Gerta litezkeen gorabeherei erantzuteko eta kontratuko aldaketak egiteko bideak erraztuko dira.

 

Inguru sozio-ekonomikorako abantailak:

 

  • - Energia berriztagarriak, sorkuntza banatutako planta txikiak eta ibilgailu elektrikoa integratzeko aurrerapausoak emango dira.

•-          Berritzailea den egitasmo bat sustatuko da, erabiliko diren teknologiak eta baliabide ekonomikoak aztertu eta balioestea ahalbidetuko duena, haren ezarpena beste esparru batzuetara zabaltzeko eta munduan erreferente gisa jartzeko.

  • - Inbertsioa eragingo du energia azpiegituren alorrean eta harekin zerikusia duten jarduera ekonomikoa eta enpresakoak suspertuko dira.

 

Gizartearentzako onurak:

 

  • - Instalazioetan eta eragiketetan segurtasuna hobetuko da.

CO2 emisioak gutxituko dira, energia eraginkortasunaren hobekuntzaren eta sarean izaten diren galeren murrizketen ondorioz

Iruzkin bat
  • 2010.eko abenduak 23

    EL COMITE DE REGIONES DE LA UE comparte la opinión de que una empresa integrada verticalmente tiende a considerar las redes como activos estratégicos al servicio no de los clientes de estas redes, sino del interés comercial de la entidad integrada y, en particular, a no invertir suficientemente en nuevas redes por temor a que estas inversiones puedan ayudar a sus competidores a abrirse camino en su mercado nacional; Mas información en:

    PAPEL DE LOS ENTES REGIONALES Y LOCALES EN EL PLAN DE ACCIÓN SOBRE LA ENERGÍA 2011-2020 http://www.serviciosenergeticos.org/2010/11/papel-de-los-entes-regionales-y-locales.html

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Hidalgo, Javier Villalva, Bernabé Unda, Mario Fernández