Berriak Segurtasuna

Aveq-Kimikak, Enpresa Kimikoen Euskal Elkarteak, eta Segurtasun Sailak larrialdi kimikoen sirenen sarea aktibatzeko saio bat egingo dute datorren asteazkenean, urtarrilaren 31n, Hernanin

2018-01-29
Aveq-Kimikak, Enpresa Kimikoen Euskal Elkarteak, eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren bitartez, datorren asteazkenean (urtarrilaren 31n) larrialdi kimikoen sirenen sarea aktibatzeko saio bat egingo dute. Saio horrek Hernani, Gipuzkoako udalerri bat , hartuko du eraginpean.
 
Ekimenari 11:00etan emango zaio hasiera eta haren helburu nagusia izango da hurbileko biztanleak alarma-sistema horretara ohitzea; hain zuzen, SEVESO araudiaren menpeko industria kimikoetan sor litezkeen ihes toxikodun istripuei begira. Araudi horrek substantzia arriskutsuak tartean dauden istripu larriak erregulatzen ditu.

Saio eguna eta ordutegia:

Data    Tokia                Enpresa             Gunea Ordua
2018/01/31 Hernani Electroquímica Hernani Hernani 11:00

                                                                                    

Saioen nondik norakoa:

Sirenek argi eta entzuteko moduan bi seinale-mota igorriko dituzte arrisku-gune osoan: bata ihes toxikoagatiko alerta adierazteko eta bestea alertaren amaiera iragartzeko. Alertari hasiera emateak berarekin ekarriko du, biztanleentzako lehentasunezko babes-neurri gisa, toki itxian konfinatuta geratzea.

Segurtasun Sailak Kanpoko Larrialdi Plan bat dauka eta horretan ezartzen dira larrialdietan giza baliabideak eta baliabide materialak koordinatzeko mekanismoak eta antolamendua, betiere larrialdiak fabrikaren kanpoaldean eraginik badu. Halaber, plan horrek biztanleak ohartarazteko modua ere barne hartzen du megafonia bidezko abisuak eginez, prentsan komunikatuak argitaratuz eta sare sozialen bidez.

Sirenen helburua abisu-sistema hori indartzea da eta, bestetik, alertaren berri berehala ematea; era horretan, eragindako biztanleek istripuetarako oinarrizko autobabes-aholkuak balia ditzaten.

Sirenak ezartzeko prozesua 2004an Lantaronen hasi zen eta 2005ean Muskizen eta Abanto eta Zierbenan jarraitu zuen. Pixkanakako hedapen horren hirugarren fasea 2006an Hernanin burutu zen eta sirenak instalatu ziren azken tokia Bilboko Portuaren eremua izan zen, zehazki 2009an.

Sirenen aktibazio simulatuaz gain, Aveq-Kimikak eta Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak komunikazio-kanpaina bat martxan jarri dute industria kimikoetatik gertu dauden biztanledun guneetan. Ekintza horien bidez lortu nahi da biztanleek industria-jarduera hori eta eragin ditzakeen arriskuak ezagutzea eta, bereziki, istripu bat gertatuz gero nola jokatu jakitea.

AVEQ-KIMIKA, Enpresa Kimikoen Euskal Elkartea, Euskal Industriak sortutako elkartea da. Horren helburua da, araudia zorrotz betetzeaz gain, ingurumenaren gaineko eraginaren kudeaketa zein jardueren eta instalazioen segurtasuna etengabe hobetzen joatea. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko 130 enpresa dira elkarte horretako bazkide eta enpresa horiek 6.000 langiletik gora dituzte.

Argibide gehiago dokumentu honetan Arrisku Kimikoari buruzko Komunikazio Plana www.seguridadkimika.eus eta LAMZ-ko web gunean www.euskadi.eus/112 daude.

Hots-seinaleen deskribapena:

Alertaren hasiera:  uhin-soinu eta isilaldi hauetaz osatutako sekuentzia hau entzungo da.

Alertaren amaiera: 30 segundoz soinu laua eta jarraitua entzungo da.

Biztanleentzako jarraibideak larrialdi kimikoa dagoenean:

 

AVEQ-KIMIKA-k eta Eusko Jaurlaritzak abian jarritako informazio-kanpainak biztanleei argibideak ematen dizkie larrialdi kimikoa gertatuz gero hartu beharreko autobabes-neurriei buruz. Hori horrela, alertari hasiera emateko sirena entzutean, herritarrak KONFINATUTA geratuko dira eta oinarrizko aholku hauek kontuan izango dituzte:

 

-Itxi ateak eta leihoak (jaitsi pertsianak, ahal bada) eta urrundu haietatik.

 

-Entzun irratia eta telebista, horien bidez agintarien jarraibideak eta gomendioak emango baitira

 

-Ez erabili aireztapen- eta beroketa-sistemak

 

-Kalean bazaude, babestu arnasbideak eta joan toki itxi batera

 

-Ez erre eta ez piztu surik

 

-Ez erabili telefonorik, behar-beharrezkoa ez bada

 

-Ez joan ikastolara umeen bila: haien irakasleek jarraibide zehatzak dituzte

 

-Ez irten kalera agintariek alerta amaitutzat jo arte

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko