Eu

Eusko Jaurlaritzak eta EiTBk ‘Zinema Euskaraz’ programaren inguruko hitzarmena eguneratu dute, azken denboraldian 60.000 ikus-entzule lortu zituen ekimenari jarraipena emateko

2018.eko urtarrilak 27

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Maite Iturbe EiTBko zuzendariak gaur sinatu dute Zinema Euskaraz programari 2018an jarraipena emango dion akordioa. Harpetarra filmaren aurrestreinaldian aurkeztu dute hitzarmenaren eguneraketa, Bilboko Golem Alhondiga zinemetan. 2016ko ekainetik 2017ko irailera Zinema Euskaraz programak 60.000 ikus-entzule izan zituen, eta 2017an 12 film estreinatu dira lankidetza honi esker.

Zupiria sailburuak programa horrek kalitatezko euskarazko filmak gazteenei hurbiltzeko duen garrantzia azpimarratu du. “Haur eta gazteen artean interes handiena pizten duten hainbat estreinaldi euskaraz dira gaur egun, eta egoera horretara ohitu gara. Familiek oso natural bizi dute animaziozko zinemaren eta gure hizkuntzaren arteko lotura hori. Hala ere, ez da beti hala izan, Zinema Euskaraz programari esker etorri da hori, eta horregatik aurrera jarraituko dugu programa arrakastatsu honekin”, adierazi du.

Maite Iturbe EiTBko zuzendariak azpimarratu du proiektuaren koherentzia EiTBren ardatzekin. “Zinema, euskara eta umeak EiTBren hiru ardatz garrantzitsu dira, eta itun honek horiek batzen ditu. Gaurko ekitaldia hiru oinarriok sendotzera dator”, adierazi du Harpetarra filmaren aurrestreinaldian. Nick Park Oscar saridunak zuzendu du film hau, Aardman animazio-estudioarekin elkarlanean. Proiekzioa baino lehenago, aktore talde batek girotu du goiza eta familia ugari bertaratu dira hitzordura.

HIRU3ko bazkideentzat abantailak

EiTBrekin sinatutako akordioaren arabera, haurrei zuzendutako HIRU3ko bazkideek hainbat abantaila izango dituzte 2018 urtean zehar (sarrerak, merchandisinga, eta abar) Zinema Euskaraz programaren eskutik antolatuko diren estreinaldietan parte hartu ahal izateko.2017an zehar, 6.595 bazkidek hartu zuten parte HIRU3k antolatutako zozketetan eta, aurten, ildo beretik, txikientzat estreinaldi bereziak ere jarriko dira abian, tartean Zinegabonak ekimena, baita beste zenbait jarduera berritzaile ere.

Zinema Euskaraz programa Zineuskadi ikus-entzunezko sektoreko plataforma publikoaren bitartez kudeatzen da eta 2012an abiarazi zen zinema-areto komertzial eta alternatiboetara euskaraz bikoiztutako film sorta zabala eramateko asmoz. Programa horren bidez, dozena bat nazioarteko estreinaldi sustatzen dira urtero-urtero, gehienak animaziozkoak, eta horien bitartez euskarazko zinema milaka hiritarrengana hurbiltzen da. Eusko Jaurlaritzak 335.000 euro inbertituko ditu aurten programa horretan; horrez gain, Filmazpit azpi-programa laguntzen du 40.000 euroren bitartez.

Azken datuek ekimenaren egoera ona islatzen dute. 2016ko irailetik 2017ko ekainera arte, 60.000 pertsona bertaratu ziren Euskadiko zinema-aretoetara Zinema Euskaraz programari esker, 2015-2016 denboraldian baino 20.000 lagun gehiago. Proiektuaren joera on horri lagundu dio Zineuskadik eta EZAEk (Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak) Bidaiariak Zinera kanpaina garatzeko sinatutako akordioak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak