Berriak Lehendakaritza
Eu

Kolonbiako giza eskubideen jarraipena egiteko euskal ordezkaritzaren adierazpena misioaren amaieran

2018.eko urtarrilak 27

Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak urtarrilaren 19 eta 26a bitartean Kolonbiara bidaiatu den giza eskubideen jarraipena egiteko  ordezkaritza baten buru izan da. Bidaiaren helburua Giza eskubideen defendatzaileak Babesteko Euskal Programaren barruan, herrialde horretatik Euskadin hartu zituzten pertsonen segimendua aztertzea izan da. Zehazki, 2017ko edizioan Programa honek Kolonbiako (Antiokia departamenduko) buruzagi indigena; Guatemalako emakume indigena eta Mendebaldeko Saharako Giza Eskubideen defendatzailea hartu zituen Euskadin.

Ordezkaritza hurrengo pertsonez eta erakundez osatuta egon da: Legebiltzarreko Giza Eskubideen eta Berdintasunaren Batzordeko kide diren Iñigo Iturrate (EAJ/PNV), Oihana Etxebarrieta (EH Bildu), Iñigo Martínez (Elkarrekin- Podemos), Rafaela Romero (PSE), Carmelo Barrio (PP) eta Eduardo Mancisidor (letraduna); Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Pilar Diez Arregi eta Iker Del Río ordezkariak; CEAR-Euskadiko Patricia Bárcena eta Veronica Álvarez, Programaren koordinatzaileak direnak; eta azkenik, Mugarik Gabe GKEren ordezkari Josune Fernández.

Kolonbiako egonaldian hainbat elkarterekin, gizarte-mugimendurekin, defendatzaileak babesteko erakundeekin eta gobernuz kanpoko hainbat erakunderekin elkartu da euskal ordezkaritza, besteak beste, iaz Euskadik hartu zuen buruzagi indigena kide duen Antiokiako Erakunde Indigenarekin (OIA). Nazio Batuen Erakundeko hainbat organismorekin eta Kolonbiako erakundeekin ere elkartu da, besteak beste, honako hauekin: Giza Eskubideen Kontseilaritza Presidentziala, Babes Unitate Nazionala, Nazioko Kongresuko Giza Eskubideen Batzordeko eta Egiaren, elkarbizitzaren eta berriz ez gertatzeko Batzordearen presidenteak, Antiokiako Gobernazioa eta Cácereseko Alkatetza; bai eta Espainiak Kolonbian duen enbaxadorearekin ere.

Bilerak egin, lekukotzak jaso eta dokumentazioa aztertu ondoren, ordezkaritzak honakoa ADIERAZTEN du:

LEHENA: Orain dela urtebete sinatu ziren bake akordioak, eta egiaztatu dugu areagotu egin dela Giza Eskubideen Defendatzaileen aurkako indarkeria, bereziki buruzagi indigenen eta bake-prozesuaren alde aktiboki eta ikusteko moduan lanean ari direnen aurkakoa. 2017an 98 pertsona hil dituzte, iaz baino % 17 gehiago, eta 60.000 pertsonatik gora behartu dituzte alde egitera. Egoera horren aurrean, adierazten dugu kezkatuta gaudela, eta gure elkartasuna helarazi nahi diegu giza eskubideak defendatzen dituztenei. Giza eskubideak babesteak bake-prozesuaren arrakastaren adierazlea behar du izan.

BIGARRENA: Bake akordioen ezarpenean eman diren aurrerapausoek itxaropena ematen dutela helarazi digute, eta bat gatoz, eta oraindik heldu ez zaien gaiei heltzeko, talde armatu berrien indarkeria desager dadin lanean jarraitzeko, FARCetako soldadu ohiak segurtasun-baldintzatan gizarteratuko direla ziurtatzeko, beste negoziazio-mahai bat eratzeko eta ELNrekin su-etena hasteko eskatzen diegu.

HIRUGARRENA: Adierazi nahi dugu kezkatu egiten gaituela FARCak desmobilizatu ondoren eragile armatuak okupatzen ari diren lurraldeetako egoerak, batez ere narkotrafikorako edo legez kanpoko meatzaritzarako kontrolatu nahi baitituzte. Talde horiek sistematikoki bortxatzen dituzte emakumeen eta herri indigenen, nekazarien eta afrikar jatorriko herrien giza eskubideak. Cácereseko herrian 150 familiak nola alde egin behar izan duten ikusi dugu, eta espero dugu laster itzuli ahal izango direla segurtasun-berme guztiekin.

LAUGARRENA: Pozik gaude Kolonbiako erakundeen arabera giza eskubideak babestearen arloan eman diren aurrerapausoekin, hala nola, alerta kolektiboak eta prebentzio-neurriak abian jarri izanarekin.

BOSGARRENA: Erakundeei babes-mekanismoak garatzen jarraitzeko eta giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonen lana ikusgarri egiteko eta behar adina balioesteko eskatzen diegu, eta arreta berezia eskaintzeko mehatxu-egoera larrienean bizi diren eskualdeei eta kolektiboei. Herri zaharrak, besteak beste Senu herria, oraindik errekonozitu gabe eta horien lurraldeak oraindik legeztatu gabe daude. Landa inguruetan erakundeen presentzia eskatzen dugu, eta ez segurtasunaren bidez bakarrik, baizik eta baita, batez ere, gizartearen, ekonomiaren eta kulturaren garapenaren bidez ere, ikuspegi diferentzial batekin. Era berean, gizarte-erakundeei eta -organizazioei eskatzen diegu areagotzeko bakearen benetako kultura eta lurralde guztien arteko elkarbizitza lortzeko lana.

SEIGARRENA: OIAk (Antiokiako Erakunde Indigena) eta gainerako nazioarteko elkarte, instituzio eta organismoek egindako harrera eskertzen dugu, eta giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonen egoerari adi jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, baita beren lana segurtasunez egin ahal izan dezaten zaintzeko konpromisoa ere. Hala, arreta berezia eskainiko diogu bake-prozesuan adostutakoa benetan eta eraginkortasunez ezartzeko bideari.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak