Eu

Arriola sailburuak Euskadiko I. Nazioarteko Arkitektura Bienalaren arrakasta nabarmendu du, horren amaiera-ekitaldian

2018.eko urtarrilak 26
  • Etxebizitzaren arloan arkitekturak dituen egungo eta etorkizuneko erronkak aztertzeari buruzko jardunaldian, ehunka aditu elkartu dira.
  • Donostiako jardunaldiak egungo joerei eta etxebizitzen inguruan arkitekturak dituen kezkei buruzko ikuspuntu osoa eta panoramikoa eman ditu ezagutzera, hirien berroneratze soziala eta hirigintzakoa barne.

 

MUGAK Nazioarteko Arkitektura Bienalaren behin betiko balantzea egiteke badago ere, adostasun zabala dago dagoeneko lehenengo edizioak eman duenari buruz. Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuaren esanetan, “erabateko arrakastaz burutu da, bai edukiengatik bai publikoak haren proposamenei eman dien erantzunagatik”. Sail hori izan da egitasmoaren sustatzaile nagusia, iazko azaroan hasi eta ‘Etxebizitzaren arkitektura’ izeneko gaurko jardunaldiaz amaitu dena.

Goiz osoan zehar, arkitektura arloko ehun bat profesionalek beren ideien bateratze lana egin dute, gaitzat harturik etorkizuneko etxebizitza. Hitzaldi laburren bidez, hainbat tokitako esperientzien berri eman dute: EAE, Nafarroa, Madril eta Bordele.

Sailburuak eskerrak eman dizkie MUGAK bienalaren antolatzaileei, beren “ahalegin ikaragarriarengatik”, eta erantsi duenez, “Euskadiko Arkitektura Bienalaren ibilbidea hasi besterik ez da egin”. Arriolak aitortu du ez zela erraza izan bienalaren ideia abian jartzea, "jendeak lotu egiten baitu arkitektura eraikin enblematikoekin, diseinu ikusgarriekin eta ‘izar bihurtutako sortzaileekin”. Dena dela, argi gelditu da arkitekturak “baduela dimentsio sozial eta zibiko bat. Gure bizitzaren zati bat da: bizilekuak eraikitzen ditu, eremu bizigarriak; hiria eraikitzen du, eta paisaia”. 

Jardunaldia Donostiako Santa Teresa Komentuan egin da, berriki sortu den Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutuaren egoitzan. 14 hizlariren ekarpenen bidez, sakondu nahi izan da arkitekturak etengabe aldatzen den mundu inperfektu batean duen eginkizunean, eta ikuspegi zabal eta panoramiko bat eman da etxebizitzaren arkitekturaren egungo joerei eta kezkei buruz.

Behin Bienala amaituta, haren txanda hartuko du –sinbolikoki– Euskadin arkitekturaren arloan egingo den hurrengo ekitaldi handiak: atzera begirako erakusketa bat, aurtengo maiatzetik aurrera Bilbon egitekoa dena, ‘Housing the Basque Country. Etxebizitza Publikoa Euskadin’ izenburupean. Bilboko erakusketan, erakusgai izango dira EAEn Gernikako Estatutua onartu zenetik gaurdaino etxebizitza publikoaren alorrean egin diren lan nagusiak. Asier Santas eta Luis Suárez erakusketaren arduradunek eman dituzte ekimenaren gakoei buruzko azalpenak.

Gainera, hiri eraberritzearen arloan eskala txikiagoan egin diren hainbat proiekturen berri ere eman da: hala nola Sestaoko ‘Casa del Arco’ egitasmoa, XIX. mende amaierako langile etxeen adibide ona, goitik behera eraberritu dena; edo Loft Study House programa, beheko solairuak etxebizitza edo apartamentu bihurtzeko egitasmoa; edota eraginkortasun energetikoaren alorreko hainbat egitasmo interesgarri: adibidez, Visesa sozietatea Bilboko Bolueta auzoan eraikitzen ari den dorreak, ‘passivhaus’ irizpideetan oinarritutako eskala handiko etxebizitza egitasmoa.

Jardunaldiaren bigarren zatian, proiektu handi batzuei buruzko xehetasunak eman dituzte (Zorrotzaurre, Bilbon, Txomin Enea, Donostian, eta Coronación auzoa, Gasteizen), gaur egun EAEn martxan dauden hiri berrikuntza eta etxebizitza egitasmo garrantzitsuenak.

Jardunaldiaren hirugarren eta azken zatian, beren ikuspegiak azaldu dituzte arkitektura munduko kritikariek (Aurora Fernández eta Javier Mozas,‘a+t’ aldizkariko arduradunak), etxebizitzaren espezialista eta teoriko ezagunek (Blanca Lleò arkitektoa) eta atzerriko profesional ospetsuek (Marjan Hessamfar eta Joe Verons, Frantziako Arkitektura Akademiaren 2017ko saria jaso dutenak etxebizitza sailean).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak